Eguberriak gertu ditugu eta jada hasi gara pentsatzen zein jostailu edo zein opari egin gure haur eta gazteei. Garai honetan kontsumoari ateak irekitzen dizkiogu eta oparien bidez geure maitasuna eta besteekiko errekonozimendua zabaldu nahi ditugu; baina… haur eta gazteei nahi dutena oparitu behar diegu, inolako irizpide edo balio kontutan hartu gabe? Sexuen arteko berdintasuna susta dezakegu haurren jostailu edo oparien bidez?
Egin dezagun zenbait gogoeta. Garapen afektibo-sexualari buruzko ikastaroak ematen ditudanean egiten dudan lehen galdera egingo dizuet:
Nolakoak dira orokorrean neskak?
Hauek izaten dira erantzunak gehienetan: goxoak, zintzoak, maitakorrak, ahulak, politak…Zein jolas edo denbora libreko ohiturak dituzte? Amatara jolastea, sokasaltoan ibiltzea, dantzan, txu-txumutxutan ibiltzea…
Nolakoak dira orokorrean mutilak?
Hauek izaten dira erantzunak gehienetan: indartsuak, konpetitiboak, gogorrak, haserretzen direnak, langileak, negarrik egiten ez dutenak, emozio gabekoak…
Zein jolas edo denbora libreko ohiturak dituzte? Kotxetan edo borroketan jolasten dira, bildumak egiten dituzte, judokak edo futbolariak…
Gogorra da hori entzutea, egia; baina ez al dago egiatik zerbait horretan? Gaur autobus geltokian ama batek, bere semeak muxurik eman ez dionean, “Aii, mutila da!!!!” esan du. Zergatik? Berez joera hori dute haurrek? Ala guk sortzen diegu behar hori?
Beste gogoeta bat: Helduok orokorrean berdin tratatzen edo hurbil-tzen gara neska eta mutilengana? Berdin laguntzen diegu neskei edo mutilei beren emozioak erregulatzen? Ikerketek ezetz adierazten dute. Jaioberri direnetik desberdin hartzen ditugu besoetan neskak eta mutilak. Ibiltzen hasi eta erortzen direnean, neska batek negar egiten duenean mutil bat baino gehiago kontsolatzen dugu. Mutil bat haserretzen denean gehiago baimentzen diogu, eta neska sarriegi haserretzeagatik erruduntzen dugu.
Pentsa dezagun haur edo gazte batek egunean zehar zenbat informazio-trukaketa edo elkarrekintza dituen. Eragina itzela da, ezta? Zein mezu ematen ari gara, beraz? Egunero, uneoro hezten ari gara eta gehienetan helduok ez gara kontziente bidaltzen ditugun mezuez. Garrantzi i-tzela du haurrei genero berdintasunean erreferentzia positiboak emateak.
Gaur egun ez dago ziurtatuta sexuen arteko ezberdintasuna genetikoa denik, baina argi dagoena da inguruak edo giroak eragin zuzena duela. Hori horrela, pentsa dezagun gure sistemak, kontsumismoak, nola bideratzen dituen genero edo rol estereotipoak.
Gabonetako oparien katalogoei begiratzea besterik ez dago.
aKolore arrosak neskentzat; urdinak, mutilentzat.
aNeskentzat, panpinak, itxura zaintzeko tresnak eta etxeko lanak egiteko jostailuak; mutilentzat, kotxeak edo indarra bideratzen duten jostailuak.
aNeskentzat, haur edo etxearen zaintzara bideratzen dituzten jostailuak; mutilentzat, konpetitibitatea, etxetik kanpoko lana eta indarra bideratzen dituzten jostailuak.
Zer adierazi nahi dizuet honekin? Bi ideia nagusi:
1. Utz ditzagun haurrak nahi duten modukoak izaten, beren sexua kontuan hartu gabe baina sexu identitatea galdu gabe. Pertsonon izaera ez da eraiki behar neska edo mutila generoaren arabera, pertsona izatearen arabera baizik. Izan gaitezen sexu definitu bateko pertsonak. Mutil batek Olentzerori panpina bat edo nesken jantzi edo tresna bat eskatu nahi badio, zergatik ez? Eta neska batek kotxe, baloi edo “mutil” jantziren bat nahi badu, zergatik ez? Pertsona guztiok ezberdinak garen bezala, anitzak garen bezala, izan dezagun bakoitzak nahi duen sexu identitatea. Hamaika modu daude (nire alabak infinitu modu esango luke) neska izateko, eta hamaika modu mutil izateko.
Sexu identitatea garatzen den garaian (2-5 urte) maiz entzuten ditut neskek mutil izan nahi dutela eta mutilek neska izan nahi dutela. Zergatik galdetzean, ohartzen naiz gehienetan nesken kasuan “mutilen gauzak” egin nahi dituztelako dela, eta mutilen kasuan, “nesken gauzak” egin nahi dituztelako. Beno eta ez al da okerragoa beren desioa jan behar izatea nahi dutena beren sexuari ez omen dagokiolako?
2. Gure haurren sexua bideratuegia badago, alda dezagun. Hau da, neska bat oso neska-eredu itxia badu, eman aukera teorian mutilei dagozkien ezaugarriak lantzeko, eta alderantziz. Pertsonaren oreka psikologikoa ahal diren nortasun ezaugarri anitzen baitan dago. Hez ditzagun jolas mota anitzak egin ditzaten, arropa eta kolore anitzak jantzi ditzaten, helduen eredu zabala izan dezaten. Zaila izan daitekeela? Nik ez dut ikusi neskarik heldu batekin lurrean lasai playmobiletan jolasteko prest ez dagoenik, eta ez dut mutilik ezagutu heldu batekin familietan jolastuko ez denik!!!
Beno, saia gaitezke, ezta? Gizarteak ematen dizkigun eredu negatiboei erreferentzia berriak sor diezazkiegun. Eguberri on!!!!
Mapi Urresti Ortiz
KUTTUN AHOLKULARITZA
PSIKOPEDAGOGIKOA