Garai gogorragoak eduki ditu sindikalismoak

Klandestinitateari eta errepresioari aurre egin zion langile mugimenduak frankismoan

 

Asko dira gaur egun sindikatuen lana zalantzan jartzen duten ahotsak. Politikarekin bezala, apatia sentipen bat zabaldu da haren inguruan. Mesfidantza eta haserrea ere bai, kasu batzuetan. “Denak berdinak direla esaten da, baina ez da egia”, kexu da Félix Conte Irungo Langile Komisioak CCOO sindikatuko kide historikoa. Kritikoa da egungo langileriarekin: “Jendeak gehiago begiratzen dio norberaren buruari. Garai bateko konpromisoa eta elkartasuna galdu ditugu”. Sindikatuen klandestinitatearen garaia ezagutu zuen Contek, frankismoko azken urteetan. Garai haietako oroitzapenak elkarbanatu ditu Arturo Rodríguez (CCOO), José María Díez (UGT) eta Ander Gilisagastirekin (LAB) batera.

Frankismoan zehar, erregimenaren oposizioko indar nagusien artean egon ziren sindikatuak. Ilegalak ziren, eta klandestinitatean aurrera eraman behar izan zituzten haien ekintzak. Organización Sindical Española edo Sindikatu Bertikala izan zen sindikatu legal bakarra 1940 eta 1977 artean, Espainiako estatuan. Lan harremanetako baldintzak erregimenak erregulatzen zituen, Lan Ministerioaren bidez. Hala ere, lantegiz-lantegi asanblada klandestinoetan egituratuta, langileen eskubideen alde jarraitu zuten Gerra Zibilaren ondoren legez kanpo geratutako sindikatuek, eta frankismoan zehar ezkutuan sortutako beste batzuek. CCOOk enpresa bakoitzeko zelula txikien bidez funtzionatzen zuela azaldu du Contek: “Tarteka elkarlanean aritzen ginen, eta koordinazioa martxan jartzen zen horretarako. Baina nahiko esporadikoak eta puntualak ziren une horiek”.

Contek azpimarratu du, era berean, testuinguru sozio-politikoa kontuan hartuta, garaiko sindikalisten militantzia ez zela lan arloko aldarrikapenetara mugatzen: “Aldarrikapen politikoak ere baziren: biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, amnistia, demokrazia. Lan arloko aldarrikapenak gainditzen zituzten, baina funtsezkoak ziren garai hartan”. Trenbideetako sektoreko langilea zen Conte. Zaragozako lanbide heziketa eskolatik iritsi zen Irunera. Gaur egun hirian bizi da, eta bertakoa du familia. Baina gogoan du trenbideetako beste langile asko ez zirela horren ondo integratu. “Horrek esan nahi du Irunen errotuago zeuden enpresetako zelulekin harremana edukitzea ez zela erraza”, arrazoitu du Contek. Arturo Rodríguez ere CCOOn ibili zen garai hartan, baina Palmera enpresan: “Amuteko kaputxinoetan edo La Sallen biltzen ginen, Palmerako zelulan, ez ginelako legalak”.

“Garaiko elkartasun espontaneoa pentsaezina da gaur egun, nahiz eta baliabide eta askatasun gehiago eduki”

Félix Conte, CCOO

 

“Greba ilegalak ziren hasieran, eskubide hori ez zegoelako onartua”

José Mari Díez, UGT

Trantsiziora arte, alabaina, Irunen indar gehien zuen sindikatua Unión General de Trabajadores (UGT) izan zen. José Mari Díez sindikatuko kide beteranoak greba eta mobilizazioetan parte hartu zuen: “Gehienak hitzarmenak negoziatzeko helburuarekin egiten ziren. Patronalak eragozpen handiak jartzen zituen, eta horren aurrean, mugimendu handiak antolatzen ziren. Greba ilegalak ziren hasieran, eskubide hori ez zegoelako onartua”. Frankismo eta trantsizioa ezagutu zuten sindikalistek mirespenez gogoratzen dute garai hartako mobilizazio ahalmena. “Orduan ez zegoen internetik, whatsappik edo sare sozialik. Nahikoak ziren paperezko ohartxoak mobilizazio handiak eragiteko. Elkartasun espontaneo hori pentsaezina da gaur egun, tamalez. Nahiz eta baliabide eta askatasun askoz gehiago eduki”, azpimarratu du Felix Contek.

“Errepresioa bortitza zen, gogoan ditut maiatzaren lehenak”

Ander Gilisagasti, LAB

Batasuna ez da betierekoa

Ezin ahaztu, gainera, garaiko errepresioa. “Bortitza zen, gogoan ditut maiatzaren lehenak”, aipatu du Ander Gilisagastik. Langile Abertzaleen Batzordeko (LAB) militantea da gaur egun, baina CCOOn ere ibili zen hasieran. “Frankismoan CCOOk Euskal Herrian egin zuen lana sekulakoa izan zen. Gaur egungo sindikalista askok ez lukete sinistuko”, aitortu du. 1974an LAB sortu zenean, CCOOtik iritsi ziren militanteetako asko. “Konpartitzen genituen oinarri batzuk, baina beste batzuk ez, bistan da”, argudiatu du Gilisagastik. Gaur egun espainolista izatea egozten dietela kritikatu du Felix Contek: “Ez nago ados. Nik uste CCOOk bokazio internazionalistagoa duela”.

Eztabaidak eta banaketak ere izan ziren, hortaz. 1975an, Sindikatu Bertikalaren erortzea aurreikusten zenean, estrategia ezberdinak hartu zituzten sindikatuek. CCOOk barrutik apurtzea zuen helburu, infiltrazioaren bidez. UGTk, aldiz, kanpotik egin nahi zuen. “Nik uste bien ekintzek balio izan zutela Sindikatu Bertikalarekin amaitzeko”, adierazi du José Mari Díezek. 1977an sindikatuak legeztatu zituen Adolfo Suarezen gobernuak. Urte hartan egin ziren lehen hauteskunde sindikalak, eta UGTko Jose Mari Díezek gogoratzen du “gogo handiz” parte hartu zutela. Irunen, hauteskunde horiek erakutsiko zuten Eusko Langileen Alkartasunak (ELA) ere hirian zuen pisua. Pluraltasun horrek, alabaina, zailtasunak ekarriko zituela azaldu du CCOOko Arturo Rodríguezek: “Abertzaleen eta abertzale ez garenon arteko banaketa arazoa izan da hemen. Garai batean, denon arteko batasunari esker sinatzen genituen hitzarmenak”.

Frankismoaren erortzean parte hartuta, helburu bat bete zuten sindikatuek. Trantsizioan eta ondorengo hamarkadetan zehar, hala ere, gogotik lan egin beharko zuten langileen eskubideen alde. Irunen, birmoldatze industrialak eta batez ere, aduanen amaierak, lan gatazka handiak eragingo zituen. Beste erreportaje zabal baterako materiala dago hor, ordea. Edonola ere, sindikalista beteranoek penaz ikusten dute gaur egun langile mugimenduak bizi duen egoera. “Desmobilizazioa orokorra da. Sistema kapitalistaren eta politika neoliberalen aurrerapenen ondorio dira. Mundu mailakoa da errealitate hori”, adierazi du Felix Contek. Gaur egun, manifestazioetara sindikatuetako ordezkariak besterik ez direla joaten salatu dute. Garai batean, langileen mobilizazio handiak egoten zirela nabarmendu du Ander Gilisagastik: “Jendeak lanpostuak arriskatzen zituen”.

Elkartasuna falta nabarmendu dute denek. Hala ere, “pazientzia” duela adierazi du Arturo Rodríguezek “Dena ziklikoa da. Gaur egun, lan baldintzak horren txarrak dira, nire ustez, langile klaseak berriro bat egin beharko duela, haren eskubideen eta duintasunaren alde egiteko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude