Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak prentsaurrekoan azaldu ditu Udalaren Babes Zibileko Planaren ildo nagusiak.
“Arauz, 20.000 biztanletik gorako udalerriek Larrialdi Plan bat izan behar dugu, eta hilabete honetan aurkezten duguna gure plan eguneratua da, logikoa denez, urte hauetan zehar eboluzionatzen joan diren eta gaur egun funtsezkoak diren gai guztiak sartu dira”, azaldu du ordezkariak.
Cristina Labordak adierazi duenez, “Planaren alderdi garrantzitsuenetako bat da prebentzio-neurri batzuk ezartzea larrialdi-egoerak gertatuz gero udal-zerbitzuak ahalik eta prestatuen egon daitezen lehenbailehen jarduteko eta sor daitezkeen ondorio kaltegarriak arintzeko”.
Planak 16 arrisku-egoera ezartzen ditu, gerta daitezkeenak eta herritar guztientzat mehatxu izan daitezkeenak. Gehienak Euskadiko edozein herritan ere azaltzen dira, “nahiz eta, bistan denez, udalerri bakoitzak berari gehien eragiten diotenak hartzen dituen barne. Gure kasuan, beharbada, haizeteengatik edo uholde-arriskuagatik alertak jartzea izaten da”, gaineratu zuen Cristina Labordak.
Honako hauek dira 16 arrisku-egoera horiek: itsasoaren eta kostaldearen inpaktua, itsasertzeko kutsadura, haize gogorrak, izozteak/elurteak, uholdeak, bero-boladak, hiriko suteak, baso-suteak, garraio publikoko istripuak, salgai arriskutsuen garraioko istripuak, banakako jarduera arriskutsuak, lur-lerradura, gertaera handiak, larrialdi sismikoa, desagertutako pertsona/k, edo osasun publikoko larrialdia.
“Planaren beste helburu garrantzitsu bat da gizarte osoan prebentzio-kultura hori sustatzen aurrera egitea, norberaren autobabesa indartuz; hau da, edonolako alerta bat dugun bakoitzean gutako bakoitzak egin ditzakegun keinuekin lagun dezagula hirian izan ditzakegun ondorioak arintzen”, gaineratu du ordezkariak.
Prebentzioa eta transbertsalitatea
Egoera horietako bakoitzerako, udal-zerbitzuetan, kalteberatasun-mapa bat egiten du planak (alerta bat gertatuz gero kontuan hartu beharreko puntu sentikorrenak, adibidez), eta, halaber, zer prebentzio-ekintza egin behar diren eta larrialdia gertatuz gero nola jardun behar den ere azaltzen du. Alde horretatik, planak alderdi garrantzitsu bat ezartzen du dagoeneko, eta da krisi-mahaiak sortzea eta nortzuk osatu behar duten, horrela larrialdi bakoitzean egoera zein udal-zerbitzuk kudeatu behar duen ezartzeko. “Horrela, transbertsalitatean aurrera egiten dugu; hau da, ondorioei erantzuterakoan eta larrialdiaren ondorioak ahalik eta azkarren arintzen saiatzerakoan, zerbitzu publiko guztiak koordinatuta aritzen gara, metodologia bateratuarekin”, nabarmendu du Udaltzaingoko ordezkariak.
Udalbatzaren osoko bilkuran onetsi behar da Larrialdi Plana, martxan jarri aurretik, eta, horregatik, eztabaidatu eta bozkatu egingo da maiatzeko osoko bilkuran. Gero, beste urrats bat egin beharko da indarrean jartzeko: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak homologatzea.