Gaur goizean Korrokoitz eremuaren eraldaketa aurkeztu da

José Antonio Santano alkateak eta Miguel Ángel Páez Hirigintzako ordezkariak prentsaurreko bat eman dute gaur, Korrokoitzeko plan bereziaren puntu nagusien berri emateko. Gogoan izan behar da udalbatzak azaroko ohiko bilkuran onetsi zuela plan hori.

«Korporazioak aho batez onetsi zuen hirigintzako funtsezko izapide hori eta, horri esker, 16.000 m2-tik gorako eremu bat berritu eta berrantolatuko dugu Alde Zaharrean. Urrats hori baino ez da falta Irungo eremu enblematiko horren hobekuntza integrala osatzeko. Horrela, lotura berriak zabalduko ditugu hiriko Alde Zaharraren eta Arbes eta Palmera Montero inguruen artean», nabarmendu du Santanok.

Plan berezi hau urrats garrantzitsua da Alde Zaharraren hobekuntza integralera bideratutako ekimenen barruan. Izan ere, erabiltzen ez den eta zati batzuetan egoera kaxkarrean dagoen eremu bat berroneratzeko balioko du, non eta Alde Zaharraren erdigunean bertan. Plan bereziaren aldaketa honen bidez, indarrik gabe utzi da 2008an onetsitako plan berezia. Hauexek dira plan berriaren hirigintzako ezaugarriak:

Eremuaren azalera…………………………………………………….…..16.347 m2

Sestra gaineko hirigintzako eraikigarritasuna…………………………26.100 m2

Sestrapeko hirigintzako eraikigarritasuna……………………………….20.000 m2

Bestalde, Miguel Ángel Páez Hirigintzako ordezkariak gogora ekarri ditu Udalak Alde Zaharrean egin dituen urratsak, auzoko zenbait eremutan egin diren berrurbanizazio eta peatonalizazioak aipatuta: «Korrokoitzeko eremu hori dago egiteke, eta espero dugu ekimen hau pizgarri bat izatea guztiok hainbeste maite ditugun eremu sinboliko horiek biziberritzeko; interes publikoa agerikoa da: eremuaren izaera errespetatzen duen antolamendu bat da, topaguneak eta egoteko plazak sortuko baitira, baita etxebizitzak ere. Azken batean, aukera erakargarriak izango dira, hiriaren etorkizuneko familia berrien garapenerako».

 

Proposatutako antolamendua
HAPOren definizioaren arabera, Urdanibia plazak, Dunboako kanalak eta Urantzu eta Santa Elena kaleek mugatzen dute Korrokoitz eremua. 16.347 m2 ditu (jabetza pribatuko 13.493,49 m2 eta 2.839,51 m2 lurzoru publiko). Beraz, ia hiru futbol-zelairen adinako azalera dauka.

Korrokoitz eremua oso narriatua dago, eta antolamendutik kanpoko 11 eraikin dauzka, askotariko erabilerak dituztenak. 3.518,68 m2tc-ko hirigintzako eraikigarritasuna eraitsiko da; horietatik, 2.252,09 m2tc bizitegiak dira, zehazki, 30 etxebizitza. Antolamendu eta kudeaketako jarraibideetan, ordezko bizitokirako eskubidea duten 28 titular identifikatzen dira.

Proposatutako antolamenduan, eraikitzeko 8 etxe-multzo ezartzen dira. Horien artean, oinezkoentzako espazioak eta erabilera publikokoak egongo dira. Jabeek gauzatuko dituzte etxebizitzak eraikitzean eta, horrela, lurzoru pribatuak erabilera publikorako irabaziko dira.

a) Urdanibia plazaren eta Dunboako kanalaren arteko bizitegi-ehuna osatzea, Urdanibia plazan egun dagoen hiri-egiturari eutsita.

Hau da, antolamenduan jaso den hiri-irudia Alde Zaharrarekin identifikagarria edo haren ezaugarria da, oinezkoentzako eremu izateko asmoarekin.

Eremua ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen oinezkoentzako ardatz nagusi bat sortzen da: Urdanibia plaza eta Dunboako kanala. Oinezkoentzako ardatz horrek korridore/azpiegitura berde bat osatzen lagundu dezake, kanala eta Alde Zaharra hurbiltzeko asmoz, espazio berdeak, plazak, parkeak eta kale zuhaizdunak lotuta, landaredi ugariko ibilbide batean: Urdanibia plaza, Sarjia parkea, San Juan plaza, Gain Gainean parkea…

b) Dunboako kanalaren trazadura mantentzea, hiri-egituraren elementu definitzailea da eta. Bertara ireki behar dira antolamendu berriaren ondorioz altxatzen diren eraikin berri guztiak, eta kanalaren paraleloa den lursailak tokiko zuzkidura-sareko espazio libretzat har daitezke.

Dunboako kanala elementu berezi funtsezkoa da. Hiriaren parte izanik, berezia eta desberdintzailea da. Antolamendu berriak haren izaera indartzen du, ibaiertzeko pasealeku bat emango baitio, Bidasoaren eta Olaberria auzoaren arteko oinezkoentzako ibilbideei jarraipena emanez.

c) Bizitokien antolamenduari profil egokia ematea, Alde Zaharreko koherentzia mantentze aldera, bertan txertatua baitago esparrua.

Eraikin berrien batez besteko profila honako hau izango da, dokumentuaren arabera: beheko solairua+3+atikoa. Antolamenduan eraikitzeko 8 etxe-multzo aurreikusten dira, eta bertan ia 300 etxebizitza egongo dira, % 20 babes publikokoak.

Horrez gain, eremuan bizitzen jarraitzen duten familiek ordezko bizitokirako duten eskubidea ere aipatu du ordezkariak. Hogeita hamar bat familiari eman beharko zaie ordezko bizitokia, gutxi gorabehera.

Hurrengo pausoak

Hurrengo fasea urbanizazio- eta birpartzelatze-proiektuek osatzen dute, 2023rako aurreikusiak. Ondoren, eraikin zaharrak eraitsiko dira, eta «Irungo Alde Zaharra biziberritzeko iraultza» hasiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude