Gaurtik aurrera Txanaleta plazako erakusketak trenbide inguruaren etorkizuna hiritarrei hurbilduko die

José Antonio Santano Irungo alkateak eta Miguel Ángel Páez Hirigintzako ordezkariak «Via Irun» proiektuaren lehen faseari buruzko erakusketa bisitatu dute astearte honetan. Ekimen horren xedea da Irungo trenbide ingurua hirigintzaren alorretik berritzeko proiektua eta horren xehetasun guztiak jendaurrean aurkeztea. Erakusketa Txanaleta plazan egongo da, «kristalezko eraikina» deitutakoan, eta 18:30etan irekiko da.

José Antonio Santano Irungo alkateak esan duenez, «Via Irun inoiz ikusi ez den bezala ikusiko dugu, eduki zinez berritzaileak eta erakargarriak izango ditugu eta, haiei esker, etorriko dena ulertzen hasiko gara. hasteko, nazioarteko geltoki berria: gure hiriarentzako izugarrizko iraultza ekarriko du”.

Bestalde, Miguel Ángel Páezen hitzetan, «jarduketa horrek garrantzi handia izango du, eta hori guztia herritarrei hurbiltzeko antolatu dugu ekimen hau. Aukera handia izango da hiriarentzat, jarduera ekonomikoak, etxebizitzak, berdeguneak eta beste ekimendu publiko batzuk baititu. Gainera, osoko bilkurak urrian eman zion hasierako onespena plan orokorrari, eta legezko betebeharra da orain plan hori jendaurrean jartzea».

Ibilbide bat erakusketan barrena

Erakusketa lau aretotan banatzen da, eta azken emaitza erakusten du, askotariko piezen eta ikus-entzunezko elementuen bidez. Hasteko, hall handia dago. Hor, lerro kronologiko interaktibo baten bidez, hiriko trenbide inguruaren historia ezagutuko dugu, baita 2011tik izan duen bilakaera ere.

Jarraian, informazio-aretora sartuko gara. Bertan, informazio-panelen bidez, antolamenduaren datu esanguratsuenak azalduko dira, bai eta aurrerapen-dokumentuan definitutako helburuak ere.

Ondoren, teknologia berritzailez hornitutako areto interaktibora joango gara. Bertan, 3D-ko mapa interaktibo bat dago, onartutako dokumentuaren datu teknikoak emateko, bai eta errealitate birtualeko esperientzia bat ere, geltoki berrian murgiltzeko aukera emango diguna.

Horrez gain, behatoki bat ere izango dugu. Areto hori antolatzen ari den espazioaren parean dago eta, leihoak erabilita, egungo eta etorkizuneko eraikinak erakusten dira. Gainera, bisitariek etorkizuneko eremua esploratu ahalko dute, inguru guztia eskala murriztuan erakusten duen QR kode baten bidez.

Etorkizuneko bidea

Via Irun 2011n jarri zen martxan, hainbat erakundek protokolo bat sinatuta, eta aurten hasiko dira lehen lanak, zehazki, nazioarteko geltoki berriarenak, ADIFen eskutik. Aurrekontua ia 70 milioi eurokoa izango da eta, horrela, Irungo historiako inbertsio publikorik handiena izango da, eta bultzada handia emango dio Via Irun proiektuari. Horri esker, garapen sozial eta ekonomikorako bidea zabaltzen jarraituko dugu, hiriaren etorkizuna markatzeko.

Erakusketaren ordutegia

Erakusketa irekita egongo da datozen asteetan, ordu hauetan: asteartetik ostiralera 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta larunbat eta igandeetan 10:30etatik 13:00etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude