“Gazte askok ez dakite Errepublikak zer ekarri zuen eskubide, kultura eta askatasunaren alorrean”

José Manuel Álvarez Quintana, Irungo Errepublikarrak
Elkarteko kide

Apirilaren 6ra arte, Laboral Kutxan ‘Errepublikari begirada’ izenburuko argazki erakusketa antolatu du Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikar Elkarteak. Bertako kide den José Manuel Álvarez Quintana izan da irudiak bilatu, bildu eta aukeratzeaz arduratu dena, 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zen II. Errepublikaren urtemuga ospatzeko.

jose-manuel-alvarez-errepublika

– Zein gai jorratzen du erakusketak?
Aurten II. Errepublikako gizartea dugu tratagai, eta horretan sakontzeko hiru ataletan zatituta dago erakusketa. Alde batetik, Errepublikaren aldarrikapenetik Gerra Zibila piztu artekoa da, non, adibidez, gizon-emakumeak ikusten diren boto eskubidearen alde borrokan. Bigarrenik, gizarte gaiak jorratzen dituzten irudiak daude; hala nola, soldaduak, umeak kalean edota Casa de Viejaseko hilketak. Eta azkenik, gudako argazkiak, baina Robert Kapparen ‘Miliciano’ argazki horretatik apur bat aldenduz.
– Zein zailtasun izan duzu erakusketa prestatzerakoan?
Liburuak aztertzeko, argazki bildumak ikusteko eta artxiboetara joateko denboraz eskas ibili naiz. Lanak denbora gutxi utzi dit.
– Argazkiak nondik atera dituzu?
Udal artxiboak argazki batzuk laga dizkigu eta nire laguna den Juanma del Castillok Irungo hainbat argazki utiz dizkit. Jose Mari Castilloren bizpahiru liburutatik ere irudi batzuk hartu ditut eta beste hainbeste argazkilarien liburuetatik ere bai.
– Zenbat argazki bildu dituzu?
Guztira 150 argazki. Laurogeita hamar inguru daude ikusgai.
– Guztiak Bidasoaldekoak dira?
Ez, gure eskualdekoak hogei bat inguru izango dira. Gainontzekoak Gipuzkoako beste herrietakoak dira, baita Madril edo Bartzelonakoak ere.
– Argazkilari famaturen bat tartean?
Bai, adibidez, Mayo anaiak, Santos Yubero, Agustí Centelles. Hauetaz gain, erakusketarako materiala prestatzen ari nintzela, hainbat liburu eta argazki bilduma aztertzen, garai hartan punta-puntako argazkilariak genituela konturatu naiz.

alcala zamora irun
– Zer nabarmenduko zenuke II. Errepublika garaiko gizarteaz?
Garai oso nahastua izan zen, bai politikan baita gizartearen alorrean ere. Eskubideen aldarrikapen garaia zen, emakumearen askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borroka eman zen… II. Errepublikak kultura lau haizeetara zabaldu nahi zuen, eta hartarako gizartea alfabetatzen lan izugarria egin zuen. Bazeuden irakasleak herri txikietara joaten zirenak umeak, gazteak eta helduak kulturizatzera. Nire aburuz, kultura maila minimo bat izatea oso garrantzitsua da. Horretaz gain, emakumeak gizonekiko independentzia lortzearen aldekoa zen Errepublika, eta bozkatzeko eskubidea lortzea aurrerapausu ikaragarria izan zen. Egungo gazte askok ez dakite Errepublikak zer ekarri zuen eskubide, kultura eta askatasunaren alorrean.
– Erakusketaz aparte beste ekitaldiren bat antolatuta dago II. Errepublika ospatzeko?
Gipuzkoako elkarte desberdinak manifestaldi bat antolatu dugu apirilaren 12rako. Honetaz gain, 13an Irunen egingo dugu beste bat. Eta maiatzaren 17an festa errepublikarra ospatzen dugu, gazteei zuzendua: grafitiak, xakea, motoak…
– Eta urtean zehar zein ekintza antolatzen dituzue?
Hitzaldiak, liburu aurkezpenak… Azken hilabeteotan Irungo kale batzuei izen berriak jartzeko lanetan ibili gara. Orain arte Ortiz de Zarate karrika Nicolas Guerendiain izendatzea lortu dugu.
– Hainbeste argazki ikusi eta gero, baten bat izango duzu gogokoen
Zaila da. Irungoen artean, Alcalá Zamora Errepublikako presidentea hirira kotxez sartzen ari den unekoa asko gustatzen zait. Gerra Zibilekoetan badago bat: bi ume kalean jaten, bi anai; zaharrena, lau urte baino gehiago izango ez dituena, janaria prestatzen ari zaio gazteenari su txiki batean. Argazkia benetan hunkigarria da.
Joseba Zubialde

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude