Gazte Boluntariotza Zerbitzua prestatu du udalak

Hiriko elkarteen eta gazteen arteko lotura lana egitea du helburu

Gaur egun elkarte gehienek azpimarratzen duten errealitatea da boluntario falta. Duela bizpahiru hamarkada, gazteen inplikazioa handiagoa zela baieztatu ohi dute. Aitzitik, gazteak atzerrian kooperante aritzeko irrikaz egoten dira. “Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan egitasmoan, adibidez, handia izan da irundarren kopurua, parte hartzaileen artean”, adierazi du Josune Gomez Gazteria arloko ordezkariak. Atzerrian aritzeko prest egoten dira, beraz, baina tokian-tokiko elkarteetan, ez dira inplikatzen. Parte hartze hori sustatzeko asmoz, Irungo Udalak Gazte Boluntariotza zerbitzua jarri du martxan.

“531 elkarte daude Irunen, horietako zenbat ezagutzen ditugu gazteok?”
Eva Sanchez, zerbitzuko arduraduna

16-30 urte arteko gazteei zuzendutako zerbitzua da, tokian-tokiko elkarteetan parte hartzera bultzatzeko helburua duena. Hezkide Eskola Donostiako elizbarrutiaren elkarteak kudeatuko du Gazte Boluntariotza Zerbitzua. Astelehen eta astearte arratsaldetan (16:00-20:00), eta ostiral goizetan (10:00-14:00), CBAko Gazte Informazio Bulegoan egongo da Eva Sanchez irundarra, interesa duten gazteei elkarteen inguruko informazioa emateko. Galdera erretorikoa luzatu du Sanchezek: “531 elkarte daude Irunen zenbatuta. Horietako zenbat ezagutzen ditugu hiriko gazteok?”.

Elkarteen eta gazteen arteko loturak eraikitzen ahaleginduko dira, beraz, zerbitzuan. Hezkide Eskolako Rakel Alvarezek azalpen bat eman dio gaur egun gertatu ohi den deskonexioari: “Elkarteak haien lanean murgilduta egoten dira, eta ezin izaten dira jendearen bila ibili, haien beharren berri ematen. Gaztea zarenean, kosta egiten zaizu ikustea zein behar dagoen. Unibertsitatea dela, lana dela, mila gauza edukitzen dituzu, eta inor ez bada zugana iristen, zaila da informazioa jasotzea”. Zubi lana egingo du, beraz, Irungo Udalaren Gazte Boluntariotza zerbitzuak.

Helburu horrekin, bulegoan informazioa eskaintzeaz gainera, ekintza bereziak antolatuko dituzte. Eva Sanchezek azaldu ditu horietako batzuk: “Elkarteekin hitz egiten ari gara, haiengana gerturatu eta bisitak egiteko, edo tailerrak, mahai-inguruak eta azokak antolatzeko”. Printzipioz, abendura arte martxan egongo da zerbitzua. “2018ko aurrekontuetan programa honen jarraipena eskatu dugu, baina hor niri tokatuko zait aldarrikatzea. Gazteria arloan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu”, azpimarratu du Josune Gomezek. Gogorarazi du, atzerrira begira, Irungo Udalak elkar-trukeak antolatzen dituela, Europako herrialde ezberdinekin, Erasmus + programaren bidez.

Martxan da Martindozenea Gaztelekuaren ikasturtea

Aisialdirako aukera zabala eskainiko du Martindozenea Gaztelekuak, urrian hasita, uztailera arte. Txiribuelta elkarteak kudeatuko du, aurten, bertako jarduera. Bi adin tarteri zuzendutako ekintzak prestatu dituzte: 12-17 urte arteko nerabeena, alde batetik, eta 18-25 urte arteko gazteena, bestetik. “Adinen ezaugarrien arabera, gure egitasmoak egokituko ditugu hezitzaileok eta begiraleok”, azaldu du Ana Calvo arduradunak. Berak burutuko ditu koordinazio lanak, baina lau langile ariko dira gaztelekuan.

Hiriko elkarteengana eta gazteengana hurbiltzeko lanean, kontaktuak finkatzen ari direla adierazi du Calvok: “Guretzat garrantzitsuena da gazteentzat erreferentziazkoa izango den errekurtsoa eta zerbitzua izatea, eta gazteen nahi, desio eta gogoei erantzutea. Aisialdi alternatibo, sozio-hezitzaile, sortzaile eta parte hartzaile bat eratzea, gazteekin”. Jabetuta daude difusioak duen garrantziaz. Facebooken eta Instagramen presente daude, eta ikastetxeetara gerturatu dira, adibidez.

Tailerrak, erakusketak edo kontzertuak antolatuko dituzte Martindozenean Gaztelekuan. Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, irteera bereziak egingo dituzte, surfa edo skia egitera. Edonola ere, Ana Calvok nabarmendu du gaztelekua topagunea izan dadin nahi dutela: “Gela ezberdinak ditugu, txoko goxoa, ordenagailu gela, jolas gela. Bide batez, aprobetxatu esateko hirian dauden gazteek eta elkarteek dituzten proposamenetara irekita gaudela. Hurbil daitezela eta proposa dezatela, ikusiko dugu zer egin dezakegun, saiatuko gara aurrera eramaten”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude