Jakina da gazteek askotan informazio desberdina behar izaten dutela. Sexualitatea, bekak, ikastaroak, lana edo aisialdia izan daitezke haien kezkak. Irungo Udalak, gazteei zuzendutako zerbitzu zehatza eskaintzen du. Igazte Irungo Gazte Informazio Bulegoko kideak dira Mariola Marín Gazte Informatzailea, eta Marian Mateos Informazioko eta Tramitazioetako Laguntzailea. Interneten bidez egiten dute lan, eta aurrez aurre ere galderak erantzuten dituzte. Lehen Foru kalean, eta gaur egun, CBA liburutegi berrian.
Urrian ireki dute Irungo Carlos Blanco Aguinaga liburutegia, eta horrekin batera, Gazte Informazio Bulegoari kokapen berria eman diote. Foru kalean zegoen lokala CBAra mugitu dute, eta eskaintzen zituzten zerbitzuak, ahal duten neurrian, mantenduko dituzte. “Eskaintzen dugun zerbitzua, batez ere gazteei zuzenduta dago, baina egia da askotan beste profil batzuetako jendea etortzen dela” aitortu du Marian Mateosek.
Gaur egun, gazteek informazio asko daukate. Internetek abantailak dakartza, baina egia da, askotan zaila dela bekak, lan eskaintzak, diru laguntzak, praktikak edo ikastaroak bilatzea. Igazten informazioa biltzen dute eta Interneteko kaosa antolatzen dute, www.irun.org/igazte/ web orrian.
“Guk mantentzen dugu web orria, eta saiatzen gara egunero eduki berria sar-tzen. Oso bizirik dago Igazteko informazioa”, azaldu du Mariola Marinek. Halaber, twitter-en eta facebook-en bidez informazioa ematen dute, eta zalantzak erantzuten dituzte. Komunikabide berriak ere erabiltzen dituzte, adibidez, telefono zenbaki bat dute, baina ez deiak jasotzeko, whatsapp aplikazioa erabiltzeko baizik.
Dena den, Irungo Udalaren zerbitzu honetan ez dira soilik galderak erantzuten. Bulegora hurbiltzen diren gazteek normalean ez dute galdera zehatzik. “Pasa zaigu gazte bat etortzea eta galdetzea ea zer diren oposizioak, betirako lana eskaintzen duten lanpostu horiek. Informazio guztia azaldu behar izaten diegu. Gazteek askotan ez dakite zer nahi duten. Batzuetan asmatu behar izaten dugu zer behar duten”, kontatu du Mariolak.
Sexualitatea
“Gero eta nahi gabeko haurdunaldi gehiago izaten dira Irunen, eta Asexorate programa oso egokia iruditzen zaigu arazo horri konponbide bat bilatzeko, ahal den neurrian”, azaldu du Marianek.
Arazoari aurre egiteko, Asexorate programa eskaintzen dute. Ekimen horren baitan, tailerrak eta aholkularitza ematen dituzte. Aurten, nobedade bezala gurasoei zuzendutako beste tailer batzuk eskainiko dituzte. “Hemen jasotzen ditugun sexu galdera asko, emagin bati bideratzen dizkiogu. Harreman ona daukagu”, azaldu du Mariolak.
Azaroaren 5ean izango da hurrengo tailerra, eta Itsaso Carrizo psikologo eta sexologoak emango du. Tailerretara hurbildu nahi ez dutenentzat, telefonoz edo internet bidez galderak egiteko aukera eskainiko dute.
Bestalde, urte guztian zehar bulegoan erantzuten diete gazteek egindako galderei, kondoiak ematen dizkiete behar izatekotan, eta zenbait kasutan emaginarengana bidaltzen dituzte. Normalean gazteek intimitate asko nahi izaten dute, konfiantza izateko. Lokalaren aldaketarekin ez dakite jendea lehen bezala hurbilduko den galderak egitera.
“Liburutegiaren sarreran mahai bat daukagu, eta gazteen aretoan beste toki bat. Foru kaleko lokalean intimitate handiagoa geneukan eta ez dakigu leku berrian jendeak nola erantzungo duen. 17 urte arteko leku bat da, eta zaila da beste gazte helduagoak erakartzea. Ondoan liburutegia daukagu” azaldu du Marianek. “Orain arte egin dugun lanarekin jarraitzeko zailtasunak ditugu: isil-isilik egon behar dugu, ezin dugu musikarik jarri, eta horrela, ondoko jendeak dena entzuten du, eta intimitatea galtzen da” gehitu du Mariolak.
Egoera horrekin kezkatuta daude, konfidentzialtasuna galdu daitekeelako. Buka-tzeko beste kezka bat azaldu dute: “Zaila da hemen jendea etxean bezala sentitzea, hori galdu daiteke. Etorkizunerako kezkatuta gaude. Aldaketarekin ez dakigu zerbitzu berdinak ematen jarraitu ahal izango dugun. Hala ere, egia da oso denbora gutxi daramagula kokapen berrian. Jendea oraindik ez da konturatu beste leku batean gaudela. Foru kaleko bulegora hurbiltzen direnean han jarritako kartela irakurtzen dute. Hori bai, jakin ezazue zuentzako hemen gaudela. Betiko Igazte, leku berri batean!”.