GazteARTEan bekak gazteen artean osasun mentala sustatzearen garrantzia azpimarratzen du

GazteARTEan bekak gazteen artean ikertze lana bultzatzea eta akuilatzea  bilatzen du, udalaren eta gazteen artean lan egiteko lerro berri bat irekitzeaz gain. Sara Gual soziologoa eta Alicia Herrero gizarte langilea Gazteentzako bekaren laugarren edizioaren irabazleak izan ziren “Osasun mentalaren sustapena Irungo gazteen artean” lanarekin. Lana amaituta, azterlanaren emaitzak aurkeztu dituzte bi ikerlariek.

Bere prestakuntza sozialetik abiatuta, Aliciak eta Sarak osasun mentalarekin lotutako proiektu bat aurkeztea erabaki zuten Irungo Udalaren beka honetara. EHUren bidez jaso zuten bekaren deialdiaren berri eta gazteekin batera osasun mentalaren gaia lantzeko era aproposa izan zitekeela bururatu zitzaien. Sara Gualek azaldu duenez, “ikerkuntzan aritzea gustatuko litzaigukeenez, erabaki genuen hau zela gure aukera”. Era berean, azterlanaren emaitzen aurkezpen egunean Nuria Alzaga Gazteria ordezkariak adierazi zuenez, “GazteARTEan beka honek aukera ematen digu urtero gazte ekintzaileen espiritua ikerketaren bidez estimulatzeko”. Ikerketa lanak 8.000 euroko aurrekontua du, eta gehienez ere 8 hilabeteko iraupena, hura esleitzen den egunetik kontatzen hasita.

“Gazteek sustapen jardueretarako ideia asko eman zizkiguten, eta haiek entzutea oso lagungarria izan da”

Sara Gual, soziologoa

Azken urteetan, osasun mentala gero eta ikusgarritasun handiagoa hartu duen gaia da. Alicia Herreroren hitzetan, “ikerketaren gaia erabakitzean konturatu ginen gaur egun agenda publikoan osasun mentalaren gaia pixka bat gehiago lantzea falta zela”. Gazteekin elkarlanean azterlana hasi eta segituan hasierako hipotesi hori baieztatu zuten, gazteek berek eskatzen baitute gai hori gehiago lantzea. Gainera, Covid-19aren pandemiak oro har gizartearen eta, bereziki, gazteen osasun mentalari kalte handia egin dio. Beraz, egoera konplexu horiei konponbidea emateko baliabideak sortu nahian hasi zuten proiektu hau.

Gaiari sustapenaren alorretik heltzea erabaki zuten. Alicia Herrerok aipatu duenez, “izan ere, jakin bagenekien hezkuntza-eremuan hainbat osasun-programa lantzen direla, baina elikadurari edo kirolari lotuagoak, baina ez hainbeste osasun mentalak eskoletan egiten duen lanari begira”. Ikerlarien ustez ikastetxeetan lantzen diren oinarrizko ikasgaiez gain, bizitzaren egunerokotasunean sortu daitezkeen bestelako arazoei erantzuteko tresnak ematea ere garrantzitsua da. Horregatik, osasun mentalaren lanketa eta gazteak uztartzen zituen proiektua aurkeztera animatu ziren.

“Ikerketaren gaia erabakitzean konturatu ginen gaur egun agenda publikoan osasun mentalaren gaia pixka bat gehiago lantzea falta zela”

Alicia Herrero, gizarte-langilea

Osasun mentalaren lanketa adin guztietan beharrezkoa bada ere, Sara Gualen hitzetan “gazteen kolektiboa jarduteko aukera handienetako bat duen kolektiboetako bat dela uste dugu”. Sara Gual soziologoak aipatu duenez, gazteak kolektibo kaltetuenetako bat izateaz gain, interesgarria iruditzen zaie haiekin eta haien familiekin landu ahal izatea.

Metodologia mistoa

Ikerketa aurrera eramateko metodologia misto bat erabiliz egin da azterlana. Alde batetik, alde kuantitatiboena Irungo 15 urtetik 19ra bitarteko gazteek osasun mentalari buruz duten pertzepzioa eta ezagutza-maila inkesten bidez jasotzera bideratu da. Fase horretan, 276 gaztek hartu dute parte, ikastetxeka honela banatuta: Irungo La Salle (DBH eta Batxillergoa, 202 parte-hartzaile), Mendibil Prestakuntza Zentroa (39 parte-hartzaile) eta Plaiaundi (35 parte-hartzaile). Zati kualitatiboa Martindozenea gaztelekuan zehaztutako eztabaida-talde batean oinarrituta egin da, eta 11 gaztek hartu zuten parte. Talde horrek aukera eman zuen osasun mentalaren gaia zeharka aztertzeko: zer den, nola lagundu pertsona bati mota horretako arazoren bat duenean, edo udalak zer egitea nahiko luketen pertsona horren zaintza sustatzeko.

Ikerketa eginda, emaitzek proiektuaren hasierako hipotesi asko baieztatu dituzte. Ikerlariek azaldu dutenez, “ondorioak berberak dira, eta sendotu egiten dute osasun mentalari buruz ezagutzen dugun ideia; alegia oraindik ez dakigula oso ondo horrek zer ekartzen duen, ezta zer larritasun eta garrantzi sozial duen ere”. Ondorio nagusiei dagokienez, azterlanak erakutsi du nahasmen pixka bat dagoela gazteen artean osasun mental ona zer den edo horri lotutako arrisku portaerak zein diren zehaztu behar denean. Aitzitik, adostasuna dago osasun mentalean diharduten jarduera eta zerbitzuen ezagutzan, eta, gainera, horietan parte hartzea sustatzeko informazio zehatzagoa eskatzen da. Alicia Herreroren hitzetan, “hasieratik garrantzitsua iruditu zaigu gazteak ikerketaren partaide izatea eta sentitzea, beraien kezkak eta eskaerak lasaitasun osoz adierazteko”. Nuria Alzaga Gazteria arloko ordezkariaren hitzetan, “Beti da aberasgarria lanen emaitzak ikustea, eta balio digu udalaren eta gazteen artean harreman lerro berri bat eduki eta haien proposamenak jasotzeko”.

Eztabaida taldearen ondorio nagusien artean, konfiantzazko espazioak sortzeko beharra nabarmentzen da, betiere ulertuta gune horiek leku seguruak direla epaituak izan gabe arazo pertsonal eta emozionalak kontatzeko. Era berean, adierazi zen erabilgarria dela osasun mentalean espezializatutako profesionalak edukitzea espazio propioetan (ikastetxeak, gaztelekuak…) eta komeni dela gaiaren inguruan egiten den lanak forma berriak hartzea (tailerrak, jolas jarduerak…) informazio hitzaldietatik haratago.

Sara Gualek azaldu duenez, funtsezkoa iruditu zaie gazteek proiektu osoan izan duten protagonismoa: “gazteek sustapen-jardueretarako ideia asko eman zizkiguten, eta haiek entzutea oso lagungarria izan da”. Proiektua amaitzeko, etorkizunean Irungo Udalak gizarte  eta hezkuntza arloan nola esku har dezakeen aipatu da, eta esku hartzeko modua kontuan hartuta, hiru mota bereizi dira: informatzeko eta sustatzeko jarduerak, jarduera ludikoak eta tailerrak, eta jarduera teknologikoak edo teknologia erabilerakoak.

Proposatutako esku-hartzeen artean, tailer interesgarriak egiteko aukera (grafitiak, kirolak, eskulanak…) azpimarratu dute ikerlariek: “kontua izango litzateke tailer horien bidez zeharka eta langile espezializatuekin lantzea Irungo gazteen artean osasun mentalari buruzko sentsibilizazioa, agerikotasuna eta sozializazioa”. Alicia Herreroren hitzetan, “gazteek ez dituzte osasun mentalari buruzko ordu bakarreko hitzaldiak entzun nahi, benetan erabilgarriak, dinamikoak eta praktikoak diren ekintzak eskatzen dituzte haiek”. Garrantzitsuena gazteekin konfiantzazko harreman bat sortzea da, bestela ezinezkoa izango baita haiengana iristea. Horrela, benetan arazo bat dutenean horretara joko dute. Adibidez, Gaztelekua espazio hurbil eta segurutzat dute gazteek eta hori ere lagungarria izan daiteke beraiengana hurbiltzeko. Era berean, ikerlariek udal ordezkarien aldetik ikerketaren proposamenak aurrera eramateko prestutasun handia ikusi dute, eta beraz, lanaren emaitzak benetan erabilgarriak izan daitezkeelakoan daude.

Ikerketaren emaitzak aurkeztearekin batera, Sara Gualek eta Alicia Herrerok ikerketa egin ahal izateko prozesuan parte hartu duten gazteen kolaborazioa eskertu dute. Era berean, Gazteria arloaren, ikastetxeen eta Gaztelekuaren kolaborazioari aipamena egin nahi izan diote, lana egiteko oso lagungarriak izan baitira. Orain bildutako informazioa praktikara eraman eta gazteen esku osasun mentala lantzeko eta hobetzeko baliabide berriak jartzeko unea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude