Gazteartean zerbitzuak webgune berria du

GazteARTEan Irungo Udaleko Gazteria Arloa da, eta webgunea berritu du, Arloaren baliabideak gazteei helarazteko eta erakundearen eta gazteen arteko harremanetarako kanal berri bat sortzeko.

Arloak aukeratutako bideak bi helburu lortzeko aukera ematen dio: batetik, gazteei Gazteria Zerbitzuaren zerbitzu, baliabide, programa eta ekimenen berri ematea, modu ireki, dinamiko eta erakargarrian, eta, bestetik, gazteen proposamenak bideratzea, Zerbitzuaren jarduerak elkarrekin antolatzeko.

Arloko ordezkari Santi Jimenezek nabarmendu duenez, “tresna berri honi esker, Arloaren eta Irungo gazteen arteko komunikazioa arinagoa izango da, eta harreman estuagoa izan ahalko dugu; hiriko gazteei Irungo eguneroko bizitzaren parte sentiarazten jarraituko diegu; eta jarduera berriak jarri ahalko ditugu martxan, elkarrekin”.

Horretarako, web plataformaren diseinua xede taldera egokitu da, planteamendua bisual eta erakargarria da, eta informazioaren egitura argia eta soila da; gainera, hizkuntza zuzenekoa eta inklusiboa da, konfiantzazko giroa sortzeko. Web arkitektura konplexuak saihesteko ahalegina egin da, soiltasunari eman zaio lehentasuna, eta behar, joera… berrietan oinarrituz edukiak etengabe eguneratzearen alde egin da.

Informazioaren egiturari dagokionez, batetik, zerbitzu eta programa bakoitzari buruzko informazioa ematen da, eta, bestetik, bada jardueren agenda, bat, Arloak antolatzen dituen tailer, jarduera eta proposamenei buruzko informazio eguneratua emateko.

Era berean, badira beste baliabide batzuk, hala nola podcastak, aurreko jardueren bideoak, erakusketen bisita birtualak, gazteentzako berri eta baliabide interesgarriak (etxebizitzaren, beken, enpleguaren… esparrikoak) eta informazio buletin elektroniko bateko harpide egiteko aukera.

Azkenik, gailu mota orotan erabiltzeko moduan sortu da webgunea, dagozkion irisgarritasun irizpideei eta Interneten sartzeko nazioarteko estandarrei jarraikiz, eta Igazte informazio zerbitzuaren eta Gaztelekuaren webguneak ordezkatu ditu, zaharkituta gelditu baitira diseinuaren, informazioaren egituraren eta smartphoneen eta antzeko gailuen bidez erabiltzeko aukeraren aldetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude