Gazteei zuzendutako espazioa estreinatu du Artiak hiriko bigarren gaztelekuaren irekierarekin

Gazte irundarrek aisialdiaz gozatzeko espazio berri bat dute 2023. urtearen hasieratik. Duela gutxira arte Irunek gazteleku bakarra zuen, hain zuzen ere, Martindozenea Gaztelekua,  Elizatxo hiribidean. Orain Julio Caro Baroja plazako 3. zenbakian kokatutako Artiako Gaztelekua zerbitzua osatzeko iritsi da. Lierni Soaje, Selene Marcos eta Aratz Irigaray hezitzaileek osatzen dute gazteleku berriko lantaldea.

Zergatik ikusi da Irunen bigarren gazteleku bat sortzeko beharra?

Lierni: Zonalde honetan nerabe eta etxe pilo bat dago. Institutua ere hemen bertan dugu eta orain arte inguruan ez zegoen gazteentzat pentsatutako espaziorik. Hau da, inguru honek gazteentzako elkargune edo topagune bat behar zuela ulertu da. Izan ere, Martindozenea gaztelekutik nahiko urrun gaude eta, beraz, ideia da, bi gazteleku hauen bitartez gazteek bertan egon ahal izateko espazio bat topatzea beraien bizilekutik hurbil.

Orain arte inguruan ez zegoen gazteentzat pentsatutako espaziorik

Lierni Soaje, Artiako Gaztelekuko hezitzailea

Aurretik, Irunek lehen gazteleku bat zuen, Martindozenea. Bigarren gazteleku honen bitartez zerbitzua zabalduko da beraz, ezta?

Lierni: Bai, hori da. Ideia da bi espazio hauen bitartez Irungo gazteleku zerbitzua osatzea.

Artiako gaztelekuaren inaugurazioa 2022ko abenduaren 30ean ospatu zenuten. Zer antolatu zenuten irekiera festa ospatzeko?

Lierni: Egun horretan Irungo musika talde baten kontzertua izan genuen. Bestetik, grafitero batek gazteentzako grafiti tailerra eman zuen. Gainera, Artiako gaztelekuaren instalakuntzetan lunch txiki bat prestatu genuen, espazio berria ezagutzera hurbildu zirenei mokadu bat eskaintzeko. Horrela, ekintza horiei esker gazte ugari hurbildu ziren lehen egun hartan.

Orain gazteleku berri hau ezagutarazteko lanean zaudete, ezta?

Lierni: Hori da. Gainera, orain berriro ikasturtea hasi denez, institutuen irekierarekin Artiako espazio berri hau ezagutarazten laguntzea espero dugu.

Zeintzuk osatzen duzue Artiako gaztelekuko lantaldea?

Lierni: Guk hirurok; Selene Marcos, Aratz Irigaray eta nik neuk, Lierni Soaje. Hezitzaileak gara eta gu gara egunero nerabeekin harremanetan gaudenak. Hala ere, gure atzetik Irungo Udalaren Gazteria zerbitzua dugu.

Zein adinetako erabiltzaileentzat pentsatuta dago Artiako gaztelekua?

Aratz: 12 eta 17 urte arteko nerabeentzat prestatutako espazioa da.

Zein egunetan eta zein ordutegirekin lan egiten duzue?

Lierni: Astero asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00ak arte gaude hemen. Ostiral eta larunbatetan, berriz, 17:00etan irekitzen dugu ere eta 21:00ak arte zabalik dago gaztelekua. Hori da Artiako gaztelekuaren ordutegi orokorra. Gero, urteko garai berezietan, esaterako, Aste Santuan, udaran edo Gabonetan, irekiera ordutegian aldaketak izan daitezke. Gainera, ekintza bereziak edo irteerak antolatzen direnean, horien ordutegia ere ezberdina izaten da. Irteerak egun osokoak edo gaua pasatzeko ekintzak izan daitezke.

Gaztelekuko zerbitzuak erabili ahal izateko izen-ematerik egin behar da?

Aratz: Ez da beharrezkoa. Izena ematea eskatzen da bakarrik tailer edo ekintza bereziak antolatzen direnean. Izan ere, ekintza horiek plaza kopuru murriztua izan ohi dute. Bestela, egunerokotasunean Artiako Gaztelekuan antolatuko diren bestelako ekintzetarako ez dugu izen ematetik eskatzen, nahi dutenean etorri daitezke eta libreki nahi duten ekintzetan parte hartu dezakete, nahiago duten ekintza aukeratuz.

Zeintzuk dira Artiako Gaztelekua osatzen duten espazioak?

Aratz: Artiako Gaztelekua jada martxan egon arren, oraindik ez daude guztiz definituak gaztelekua osatuko duten espazio guztiak. Printzipioz, atetik sartu bezain laster topagune moduko bat sortu dugu eta gelaren amaieran bideojokoetan jolasteko eremu bat egokitu dugu. Geletako bat Tailer Gela izan dadin egokitu dugu eta hori bai ziur horrela mantenduko dela. Bestetik, sukalde espazio bat ere prestatu dugu, nahiz eta espazio honi azken ukituak ematea falta den. Aretoko atzeko aldean pin-pon mahaia eta futbolina jartzea pentsatu dugu, espazio zabalena bertan dagoelako. Horrela, sarrera alboko espazioa mahai jolasetan jolastu ahal izateko gordeko genuke, lekua estuagoa delako eta espazio gutxi behar duten jarduerentzako aproposagoa izan daitekeelakoan.

Aurrerantzean hiriak bi gazteleku izango dituenez, zein izango da Martindozenea eta Artiako Gaztelekuaren arteko harremana? Ekintza berdinak antolatuko dira bietan edo modu independentean funtzionatuko duzue?

Aratz: Gazteleku bakoitzak programa ezberdina izango du eta hilabete hasieran jakinaraziko dugu zeintzuk izango diren hilean zehar egun bakoitzean gaztelekuan egingo diren ekintzak. Beraz, gazteek gazteleku batera edo bestera joateko aukera izango dute beti. Hala ere, elkarlanean ekintzaren bat antolatzea aurreikusten dugu.

Hilero aldatuko den programazioaz gain, Artiako gaztelekuan antolatuko al da maiztasun jakin batekin errepikatuko den tailer edo ekintza finkorik?

Lierni: Printzipioz ez dugu horrelako ekintzarik antolatzea pentsatu. Hala ere, gazteleku sarreran gazteen iradokizunak jasotzeko kutxa bat jarri dugu. Artiako gaztelekuaz gazteek zer espero duten edo bertan zer egin nahiko luketen jakin nahi dugu. Horrelako zerbait eskatzen duten proposamenak jasotzen baditugu, horretarako aukerak aztertuko genituzke, baina momentuz ez zaigu halakorik iritsi.

Beraz, gazteen proposamenak entzuteko prestutasun osoa duzue?

Aratz: Bai. Zehazki, beraien iradokizunak entzun eta jasotzeko asanbladak antolatu ditugu astean behin. Asanbladetan gazteen iritzia jasotzeko ekintzak eta tailerrak egingo ditugu, elkarrekin brainstorming ariketak egiteko.

Zein izan da orain arte gazteleku berria probatu duten gazteen iritzia?

Aratz: Esan beharra dago, gaztelekua estreinatu berri dugunez oraindik gutxi direla hemendik igaro diren gazteak. Etorri direnen artean askok errepikatu egin dute eta oso gustura egon direla kontatu digute. Horrela, dagoeneko gure izenak ikasi dituzte eta gurekin konfiantza hartzen hasi dira. Hemendik aurrera hori bera lortu nahi dugu, baina hemen inguruko nerabe gehiagorekin. Gurekin batera nahi duten tailer eta ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Erraza da zuentzat gazteekin konfiantzazko harreman bat sortzea?

Aratz: Bai, azken batean, gu oraindik gazteak gara eta beraien pentsamoldeak, kezkak eta sentimenduak ulertzeko eta interpretatzeko gai gara. Izan ere, ezinbestekoa da egungo gazteek nola pentsatzen duten ulertzea beraiekiko harremana nola bideratu jakiteko.

Azpimarratzekoa da gaztelekuan antolatzen diren ekintza gehienak doakoak direla, ezta?

Lierni: Bai, hala da. Salbuespen bakarra irteerak edo antolatu daitezkeen ekintza puntualak dira. Ordaindu beharreko ekintzak direnean halakoak direla jakinaraziko da.

“Gure nahia da gazteek ulertzea Artiako Gaztelekua ere badela beraien etxea”

Aratz Irigaray, Artiako Gaztelekuko hezitzailea

Nola ikusi nahiko zenukete Artiako Gaztelekua?

Aratz: Badakigu Artiako Gaztelekua martxan jarri zenetik lehen hilabete hauek froga moduko bat izango direla. Epe erdira gure helburua izango da gazteen arreta erakartzea eta hemen gaudela jakitea. Gure nahia da gazteek ulertzea Artiako Gaztelekua ere badela beraien etxea.

 

Artiako Gaztelekuko dinamizatzaileei egindako elkarrizta Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude