Gazteek askotariko jardueren artean aukeratu ahalko dute ikasturte honetan

Ikasturte berria hiriko gazteentzako proposamenez beterik iritsi da. Martindozenea Gaztelekuan ohiko ekintzak berreskuratu dira, gazteentzako ekintza berriak aurkezteaz gain. Konekta zerbitzuak, berriz, Irungo gazteen eta udalaren arteko bitartekari lana egiten jarraituko du, beti ideia berriak entzuteko prest.

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak ontzat jo ditu ikasturte hasiera dela eta abian jarri diren ekimenak. Gazteria ordezkariaren esanetan, “garrantzitsua da gazteekin batera egiten dugun bidera itzultzea, berme gehiagorekin, gazteenak hiriko bizitzan parte hartzera animatzen jarraitzeko”.

Ikasturte berriari hasiera emateko, Irungo Gaztelekuak zerbitzuko erabiltzaile gazteek uda nola pasatu duten partekatzeko lehen ekintzak antolatu ditu. Besteak beste, krepak egiten ikasteko tailerra, animezaleentzako topaketa eta Among-Us jokoan aritzeko saioa izan dira Martindozenean antolatutako lehen ekintzak. Gainera, ikasturte hasierarekin Gaztelekuaren kanpoaldea itxuraz aldatu da, Garikoitz C. Muruak sortutako muralari esker, iraila amaieran gazteekin serigrafia tailer bat antolatzeko baliatu zena.

Ane Calvo Martindozeneako arduradunak gogoratu duenez, Gaztelekua 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako espazioa da eta “gazteen arteko harreman osasuntsuak sustatzen dira bertan, errespetuan, berdintasunean eta ekitatean oinarrituta”. Horrekin batera, aipatzekoa da nerabeek aukeratutako jarduerak programatuko direla hiruhilekoan zehar, hala nola zirku tailerrak eta ikus-entzunezkoen sorkuntza. Helburua da gazteak inspiratzea, haien gustu eta interesetan oinarritutako nolanahiko proposamenak probatzeko aukera ematea.

Gaztelekuak ohiko ordutegiari eutsiko dio ikasturte berrian. Astearte, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara eskainiko da zerbitzua. Ostiral eta larunbatetan berriz 17:00etatik 21:00etara eskainiko da. Gainera, gazte eta nerabeei espazio seguru bat eskaini ahal izateko, Covid-19 kontingentzia plana mantenduko da. Martindozenean antolatuko diren ekintzen programazioa irun.org/gazteleku webgunean, Intagram eta Facebooken kontsultatu ahalko da. Topagunea, berriz, asteartetik larunbatera egiten jarraituko da.

Ikasturte honetan ere adinaren arabera banatutako bi gune eskainiko dira eta, horrela, ostiral eta larunbatetan, gaztelekuko bigarren solairua 15 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat bakarrik izango da. Ane Calvok adierazi duenez, billarra, pin-pon mahaia, mahai-jolasak eta dardoak aurkituko dituzte gazteek. Gaztelekuko ordezkariaren hitzetan, “uste dut proposamen egokia dela adin bereko gazteak aurkitzeko, espazio diferentzial eta osasuntsu batean”.

Hurrengo proposamenak
Berrikuntzen artean, aurten hiru hilabeteko iraupena izango duen tela akrobatikoko ikastaro bat eskainiko da. Ikastaroa urrian hasiko da eta asteazkenetan egingo da 17:30etatik 18:30etara eta 18:30etatik 19:30etara. Ane Calvok azaldu duenez, “talde oso murriztuetan egingo da eta lauko taldeetan banatuko dira”.

Hurrengo ekintzen artean, Gaztelekuko ordezkariak azaldu du kontzertuak antolatzeko asmoa dutela. Bestetik, aurreko urtean Harry Poterrekin egindako moduan, asteburu tematiko bat antolatu nahi dutela gehitu du. “Gazteen proposamenak jasotzeko irekita gaude, zein interes dauzkaten ezagutu eta asteburu berezi hori prestatzen hasteko”, gaineratu du Ane Calvok.

Konekta
Konekta zerbitzuak 16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteentzako bitartekaritza zerbitzu eskaintzen jarraituko du. Gazteria Arloaren mendeko zerbitzua da eta ahal den neurrian normaltasunera itzultzeko asmoz hasi du ikasturtea. Bi bitartekari gaztek kudeatzen dute eta Udalaren eta gazteen arteko zubi lana egitea du helburu.

Maite Tolosa Konekta zerbitzuko arduradunak azaldu duenez, aurten antolatuko den lehen ekintzetako bat erabiltzaile batekin egindako proposamenetik dator: Padel txapelketa antolatzea. Ideia txapelketa urriaren 30ean egin ahal izatea da, baina data zehaztea falta da.

Horrela, Konetak hiru zeregin nagusi izango ditu aurten. Batetik, gazteei beren ekimenak garatzen jarraitzeko babesa ematea. Bestetik, gazteeik interesgarri iruditzen zaizkien gaiei buruzko topaketak eta prestakuntza saioak antolatuko dira, hala nola garapen jasangarrirako helburuen esparruan erronkak garatzekoak eta talentua eta gaitasun emozionalak kudeatzekoak. Maite Tolosak adierazi duenez, “gazteek proposatutako gaiak izango dira eta gazte hizlariak ekartzeko ahalegina egingo dugu”. Era berean, erabiltzaileekin batera sortutako jarduera agenda bat programatuko da.

Ikasturte berri honetarako beste helburuetako bat sare sozialetan zerbitzuaren presentzia indartzea da. Adibidez, Instagram kontuaren egitura berrantolatuko da, Irungo gazteentzat erakargarria izan dadin eta beraiengana iristea posible izateko.

Maite Tolosak gehitu duenez, “gazteren batek zerbait egiteko edo sortzeko asmorik badu, jarri dadila gurekin harremanetan”. Interesdunek Konekta zerbitzuarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute 656794372 zenbakian WhatsApp bidez, konekta@irun.org postara idatzita edo gazteartean_irun Instagram kontuaren bitartez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude