Irungo Udaleko arlo ezberdinetatik gazteentzat eta haien ingurunearentzat pentsatutako hainbat programa eta ekimen abiatuko dira. Gurasoekin eta Gazteekin izeneko ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago jada. Gizarte Ongizate arloak Adikzio Planaren barruko eskolako jarduerei eta Ingurune Irekiko Programari eutsiko die. Gainera, Martindozenea Gaztelekuan gazteentzako ekintzak antolatzen hasiko dira berriro, beti ere, momentuko segurtasun neurri guztiak errespetatuz.
Gizarte Ongizate arloko ordezkaria den Cristina Labordak Irungo Udalak prebentzio gaiak lantzeko ikasturte hasierarako prestatu duen egitasmoaren berri eman du.Cristina Labordak azaldu duenez, egoera normalean hezkuntza arloan eguneroko bizitzako arazoak konpontzeko laguntza behar izaten da askotan. Gizarte Ongizate arloko ordezkariak adierazi duenez, “pandemia egoeran eta egungo krisialdian, baliteke are zalantza gehiago izatea. Horregatik, ikasturte hasierarekin udalak beste urte batez prebentzio programak martxan jartzea erabaki du.
Programa horien artean Adikzio Planaren barruko eskolako jarduera guztiak daude, zeinek alkoholarekin eta beste droga batzuekin eta teknologia berrien erabilera desegokiarekin lotutako arriskuei aurre egitea duten helburu. Ildo beretik, Gizarte Arloak bereziki landu nahi duen beste ekimenetako bat kaleko hezitzaileek Ingurune Irekiko Programaren barruan egiten duten lana da. Betiere, formatuak egokituko dira, osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak betetzeko.
Gurasoekin eta Gazteekin
Udal arduradunek prebentziorako beste lan ildo bat zehaztu dute: Gurasoekin eta Gazteekin ikastaroak. Ikastaro horien garapenerako, momentuko egoera dela eta, osasun agintariek ezarritako neurriekin bat etorriz, ikastaro bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua erdira murriztu da eta talde gehiago sortu dira. Saioak Palmera Montero eraikineko 4. eta 5. aretoan egingo dira.
Gurasoekin programan astean behin edo bi astero biltzen diren guraso taldeek parte hartzen dute, gaian adituak diren profesionalen gidaritzapean. Taldeak familien beharren eta sema-alaben adinen arabera bereizten dira. Guztira, hamabost egunean behin biltzen diren 10 talde daude eta, babes gehiago behar duten gurasoen- tzat, astean behin biltzen diren 4 talde.
Programaren helburua aitatasun eta amatasun positiboa sustatzea da, hau da, guraso eta seme-alaben arteko lotura afektiboak bultzatuz. Gurasoiei estimulazioa eta babesa eskaintzen zaie. Gurasoek heziketan mugak non jarri behar dituzten ikasten dute, indarkeriarik erabili gabe eta Haurtzaroko eskubideak errespetatuz.
Gazteekin ikastaroak, berriz, 12 eta 17 urte arteko gazteentzat zuzenduta dauden heziketarekin lotutako esku-hartze psikologikoko programak dira. Ikastaroak Nazioarteko Osasun Erakundeak sutatutako “Bizitzarako Gaitasunak” ekimenean oinarritzen dira, bizitzarako baliagarriak izango diren arlo desberdineko 10 trebetasun lantzeko. Hain zuzen ere, hauek dira bizitzan garapenerako beharrezkoak diren 10 gaitasunak: autoezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazo eta gatazken kudeaketa, pentsamendu sortzailea, pentsamendu kritikoa, emozio eta sentimenduen kudeaketa eta tentsio eta estresaren kudeaketa. Bizitzarako Gaitasunen tailerrak 17:30etatik 18:45etara emango dira eta Laguntza taldea 18:45etatik 20:00etara bilduko da.
Bi programetako batean parte hartu nahi duten per- tsonek Irungo Udalaren webgunean izen-ematea egin ahalko dute urriaren 15era arte. Bestela, 943505152 telefono zenbakira deitu eta izen-ematea egiteko aukera izango dute. Bi ikastaroak doakoak dira, plaza kopurua mugatua da eta izen-emate hurrenkeraren arabera banatuko dira.
Martindozenea martxan
Udako hilabeteak amaitu ostean, Gazteria arloak gazteentzat pentsatutako aisialdiko ekintzak berriro martxan jarri ditu. Aurreko urteekin alderatuta, ekintzen formatua momenturo Covid-19a dela eta hartutako segurtasun neurri guztiak betetzera bideratuta egongo da. Lehen ekintzak iraileko hilabetearen amaieran antolatu ziren eta lehen jardunaldietan egoera ezohiko honetan Gaztelekuko zerbitzuak jarraituko duen dinamika azaldu zen.
Rebeca González Gazteria ordezkariaren hitzetan, “urtero bezala gazteentzat erakargarria, dinamikoa eta dibertigarria izango den programazioa eskaintzeko lanean ari gara”. Gazteartean Udal Gazteria zerbitzutik azpimarratu dutenez, programa honen bitartez Gaztelekuan nerabe eta hezitzaileen arteko harremanak berreskuratu nahi dira. Horretarako, biztanleria gaztearen artean momentuko egoera sanitarioak eragiten dituen beharrak partekatu, horien inguruan ausnartu, lagundu eta erantzuteko espazio bat sortzeko.
Edozein ekintzetan parte hartu ahal izateko, aurretiazko izen-ematea egitea beharrezkoa izango da. Zentzu horretan, ekintza momentuko egoerara egokitzeko neurriak hartuko dira eta ekintzak bertan behera gelditu, aldaketak egin edo egokitzapenak izan ahalko dituzte, osasun irizpideen arabera. Orain arte antolatutako ekintza guztiak espazio irekietan egingo dira, beti ere, eguraldiak horrela izatea ahalbidetzen duenean. Programatutako ekintzen artean, jaka bakeroen kustomizazio tailerra, Laser Tag ekintza edo Tie Dye motako kamisetak egiteko tailerrak aurkitzen dira, besteak beste.