Gazteria arloko lantaldea handitu da

Irungo Udala Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak programari atxikitzeko prozesua burutzen ari da. UNICEFen nazioarteko ekimen bat da hori, 50 herrialdetan baino gehiagotan jarri dena martxan, eta haur eta nerabeen bizi baldintzak hobetzen laguntzea du helburu, toki eta udal mailako politikak sustatuz eta ezarriz.

“Gazteria Arloak pauso garrantzitsuak eman ditu izendapen hau lortzeko bidean. Adibidez, Udalbatzak Haur eta Nerabeen Plana onartu zuen. Planari esker, haurren ongizatearen aldeko politika publikoak ezartzeko konpromisoan sakondu ahalko dugu, UNICEFen eskutik”, nabarmendu du Santi Jiménez ordezkariak.

Programa lau urtez egongo da indarrean, eta, Gazteria Arloak jakinarazi duenez. berau garatzeko, plantillako teknikari postu berri bat sortu du Arloan, dagoeneko bete dena, EH Bilduk 2020ko aurrekontuen inguruan aurkeztutako zuzenketa bati esker.

Giza Baliabideetako ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, “azkenaldian udal plantillan sartu diren langile berrietako bat da hau. Batzuk aldi baterako sartu dira, eta beste batzuk, egiturazko postuak betetzeko; funtsean, enplegua sustatzeko laguntzen bidez lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten taldeetatik etorri direnak eta Gizarte Ongizateko Arloko postuetan sartu direnak. Denak ala denak, herritarrei ematen zaizkien garrantzi handiko zerbitzuak sendotzera etorri diren profesionalak”.

Esan bezala, Haurrekin Adiskidetsua den Hiria izendatua izan eta lau urteko indarraldia du programak, eta beronen oinarriek ezartzen dituzten eskakizunen artean badira haur eta nerabeen udalerri mailako plan bat diseinatzea eta garatzea, departamentu arteko koordinazio mahai bat sortu eta dinamizatzea eta udalerriko haur eta nerabeez osatutako partaidetza organo bat sistematizatzea.

EH Bilduk ontzat jo du postu berria sortu izana. Gogorarazi duenez, “gure lehentasunetako bat da Gazteria Zerbitzua indartzea eta ahalik eta baliabide gehienez hornitzea, hiriko gazteenen aldeko jarduerak aurrera eramateko”.

Teknikari berriaren postua 2022ko abenduaren 12ra arte egongo da indarrean, eta, besteak beste, funtzio hauek izango ditu: Gazteria Zerbitzuko lantaldearekin eta zuzenean edo zeharka haur eta nerabeekin lotutako gaietan diharduten udal departamentu eta zerbitzuekin koordinatzea; behin Udalbatzak Plana onartuta, berau osatzen duten neurriak ezartzea eta betearaztea; Plana zenbateraino betetzen den neurtzeko tarteko ebaluazioa diseinatzea eta egitea, baita haur eta nerabeekiko interakzioarekin eta haur eta nerabeentzat interesekoak diren tokiko eragileekikoarekin zerikusia duten neurrien ebaluazioa ere; eta departamentu arteko koordinazio mahaia dinamizatzea, deialdien edukia zehaztu, egin beharreko lanaren jarraipena egin eta mahaiak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren eginkizun guztiak betetzea barne. Hori guztia, Gazteria Zerbitzuarekin koordinatuta.

Era berean, postu berriaren funtzioen artean bada haur eta nerabeen parte hartzea eta haur eta nerabeekin lan egiten duten eragile eta toki entitateena sustatzeko proposamenak diseinatzea eta garatzea ere.

Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak
Haurrekin Adiskidetsuak diren Hiriak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat etorriz haur eta nerabeen eskubideak betetzeko konpromisoa duten hiri, herri eta komunitateak eta tokiko gobernu sistemak dira, eta politika publiko eraginkorren diseinua, haur eta nerabeen parte hartzearen sustapena eta udal mailan haurrekin zerikusia duten eragile guztien arteko aliantzen sustapena dituzte funtsezko oinarritzat.

Irungo Udalak 2019ko azaroan eman zuen funtsezko lehenengo pausoa; orduan, UNICEFi Haurrekin Adiskidetsua den Hiri izendatua izateko eskaera egitea onartu zuen. Ordutik, faseetan aurrera egiten joan da, UNICEFek ebazpena laster emango duen esperoan. Orain, proiektu honen barruan dituen erronken artean, Gazteria Arloak UNICEFen izendapena lortzea eta Haur eta Nerabeen Plana garatzea du aurrez aurre.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude