Gema Urtizberea, Herri Jakintza euskaltegiko zuzendaria

1994 urtean hasi zen Gema Urtizberea Herri Jakintza euskaltegian irakasle. Hiru hilabeterako eskaintza luzatu zioten hasieran, baina hogeita bi urte egingo ditu otsailean. Gaur egun, euskaltegiko zuzendaria da. Egoitza txikia duen arren, 165 ikasle dabiltza aurten Herri Jakintzan. Sei irakasle ari dira, guztira, Nafarroa ibilbideko euskaltegian.

SONY DSC

Nola hasi zinen Herri Jakintza euskaltegian?
Nik irakasle ikasketak egin nituen, eta ordezkapenak egiten ibili nintzen eskola publikoetan. Herri Jakin-tzako aurreko zuzendariak deitu zidan halako batean, hiru hilabetez klaseak ematen aritzeko. Gero gelditzeko aukera eskaini zidan, eta eskola publikoa utzi nuen.
Zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Ni berez Natur Zientzietan espezializatu nintzen. Baina euskaltegian proba egin nuenean, gustura sentitu nintzen. Ikasleekin, baina batez ere, beste irakasleekin. Lan giro polita dugu. Harremana oso ona da gure artean, eta beste lanbide batzuetan egon daitekeen lehiarik ez dago.
Zein ibilbide izan zuen Herri Jakintza euskaltegiak zu iritsi aurretik?
Duela hogeita hamabi urte homologatu zuen HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak. Aldez aurretik EAJk sortutako gau eskolek egindako lanari jarraipena eman zion. Gau eskolen garaian ia musu-truk ari-tzen ziren, eta homologazioari esker, diru-laguntzak jasotzen hasi ziren.
Asko aldatu al da klaseak emateko modua?
Ni euskaltegian hasi nin-tzenetik, HABEk hiru curriculum ezberdin egin ditu jada. Aurten Europako markoan sartu gara, mailei dagokienez: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Hasieran oso material gutxi zegoen, ariketak irakasleek beraiek prestatzen zituzten. Pixkanaka liburuak sortu ziren, eta fotokopiak egiten genituen. Orain, internet erabiltzen dugu batez ere. HABEk ariketa asko ditu eskegita, mailaren arabera. Baita azterketak ere. Esango nuke teknologikoagoa dela irakaskuntza.
Ikasleen profila eta helburuak ere aldatu dira?
Gaur egun, Herri Jakintza euskaltegian behintzat, titulua lortu ahal izateko etortzen dira gehienak. Ikasleen % 20 bakarrik hurbiltzen da halako helbururik gabe. Gehienak behartuta etortzen dira, azterketa bat gainditu behar dutelako. Aurten, esaterako, Osakidetzako oposizioak egingo dituzte, eta nabari da jendea presaka dabilela.
Hizkuntza bat ikasteko denbora eta pazientzia behar dira. Presa ez da bidelagun ona.
Ez, baina gehienei ez zaie inporta, azterketa gainditzea da haien ardura. Guk taldeak mailaka banatzen ditugu, eta mailaketa probak egiten ditugu. Gutxieneko batzuk bete behar dituzte ikasleek, eta ez badute lortzen, ez ditugu maila horretan onartzen. Hori egingo bagenu, eta gero ikasleak azterketa gaindituko ez balu, izugarrizko porrota izango litzateke berarentzat, eta euskaltegiarentzat ere bai, gero gaizki esaka aritzen delako jendea.
Zergatik gustuko duzu euskara irakasle izatea?
Jendeari laguntza ematea gustatzen zait. Ikasleak titulazioa nahi baldin badu, maila horretara heltzen laguntzea. Baina aldi berean, transmititzea hizkuntza oso polita dela, eta komunikatzeko ere balio duela. Ederra da ikaslearengan hizkuntzarekiko maitasuna sortzea.
Lortzen al duzue?
Saiatzen gara. Egia da gehienentzat euskara aspergarria dela, gainditu beharreko azterketa gogaikarria. Bakar batzuek izaten dute halako eboluzio bat. Gu, behintzat, ahalegintzen gara transmisio kulturala egiten. Dena den, onartu behar dugu gu ere oso burokratikoak izaten garela askotan.
Zein beste zailtasun topatu izan duzu?
Batez ere, ikasle guztiek ez dutela maila berdina izaten. Batzuek gaitasun handiagoa dute besteek baino. Beraz, zaila da klasearen erritmoa orekatzea. Gero, egia da euskaltegi publikoetan material eta baliabide gehiago izaten dituztela, eta ikaslea erosoago sentitu daitekeela. Eusko Jaurlaritzak gure eskola orduak diruz-laguntzen ditu, baina ez gaitu hornitzen.
Euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko aukerarik eskaintzen al du Irunek?
Ez, jendeak ez baitu hitz egiten. Egin izan diren ikerketek argi utzi dute jende askok badakiela euskaraz, baina ez duela erabiltzen. Mintzalaguna eta bestelako ekimenak antolatu izan dira, baina jendearen parte hartzea eskasa da. Irun oso leku zaila da euskaraz hitz egiteko. Nik bi seme ditut, eta lagunekin gaztelaniaz aritzen dira, ikastolara joan badira ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude