Lanpetuta dabil Gerardo García AFI-IAE Irungo Argazki Elkarteko presidentea. Irun Hiria Argazki Lehiaketako erakusketa prestatzen ibili dira egunotan, eta sarien banaketa dute arratsaldean. Hala ere, lehiaketari, elkarteari eta argazkilaritzari buruz hitz egiteko tartea hartu du. Eroso eseri da Izaga kaleko egoitzan, eta gustura aritu da berriketan.
Zein balorazio egin duzue aurtengo Irun Hiria Argazki Lehiaketari buruz?
Pozik gaude, parte hartzaileen kopurua handitu delako. 305 argazki jaso ditugu guztira. Gainera, estatu osoko lanak izan dira, eta horrek esan nahi du lehiaketak sona duela. Irun Hiria Argazki Lehiaketa gure jarduera nagusia da, eta asko zaindu izan dugu beti. Esaterako, kalitatezko katalogoa egiten dugu, lehiaketaren aktarekin, eta sariak irabazi dituzten argazkiekin. Gero erakusketa antolatzen dugu Amaian. Promozioari eta komunikazioari ere garrantzia handia ematen diogu. Lehiaketa ondo antolatzeak lana dakar, baina merezi duela uste dut.
Zuri-beltzeko argazkiak dira saritutako guztiak. Zergatik?
Argazkilaritzaren munduan, eta AFIn ere bai, ohiko eztabaida izaten da kolorearen eta zuri-beltzaren artekoa. Denetariko iri-tziak daude. Baina gero, egia da lehiaketa gehienetan epaimahaiak zuri-beltzera jo-tzen duela. Zergatik? Zuri-beltzak sormen handiagoa ahalbidetzen duelako. Argazki artistikoagoak izaten dira. Bestalde, koloreak atentzioa desbideratzen du. Zuri-beltzak gehiago nabarmentzen ditu figurak, eta itzalekin jolasteko aukera ematen du. Azpimarratu nahi nuke lehiaketako epaimahaiaren lana publikoa dela. Elkartean egiten dute hautaketa, eta edonor hurbil daiteke zuzenean ikustera.
Zein izan da IAEren bilakaera, eta zein da elkartearen egoera, gaur egun?
Argazkilaritza zaleen lagun talde baten ekimena izan zen, duela ia 40 urte. Junkaleko eskola zaharretan hasi ginen, gaur egun Oiasso Museoa dagoen lekuan. Gero Foru kalera joan ginen. Orain Izagan dugu egoitza, Kemen Dantza Taldea zegoen lekuan. Gure helburu nagusia argazkilaritzarekiko zaletasuna zabaltzea da. Horretarako, jarduera ezberdinak egiten ditugu urtean zehar. Argazkilaritza digitaleko ikastaroak arrakasta handia izaten du, adibidez. Otsaila-martxoa aldean egiten dugu. Ikastaroan, kontzeptu teknikoak lantzeaz gainera, giroa sortzen ahalegintzen gara. Gure harrobia da, ikastarotik pasa ondoren jende asko egiten baita bazkide.
Badago erreleboa, orduan?
Ez guk nahi bezain beste. Ikastaroetan bai, gaztetxoak hurbiltzen dira, eta neska gehiago mutilak baino, askotan. Gero gazte batzuek izena ematen dute elkartean. Baina, denborarekin, desagertuz joaten dira. Eta azkenean, lan egiterako orduan, jende berdina ibiltzen da beti. Jende heldua, eta gizonezkoa, batez ere. Nik uler-tzen dut jubilatuek denbora gehiago izaten dutela. Baina jende gaztea behar dugu, inplikatuko dena eta ideia berriak ekarriko dituena. Guk argazkilaritza zaleak animatu nahi genituzke. Ikasteko eta ideiak trukatzeko aukeraz gainera, zaletasun berdina duen jendearekin elkartzeko modua eskaintzen baitu elkarteak.
Antzeko arazoa izaten da elkarte gehienetan.
Kontuan hartu behar da elkarteen kontzeptua aldatzen ari dela. Prozesu orokorra da hori. Gaur egun sare sozialetan ibiltzen dira gazteak, eta gu saiatu gara bide horri heltzen. Flickr-en kontua dugu, adibidez, eta argazkiak igotzen eta komentatzen ditugu. Dena den, niri iruditzen zait oso hotza dela hori. Bazkideekin egotea eta hitz egitea gustatzen zait. Gu astean behin elkartzen gara egoitzan. Astelehenetan proiekzioak edo hitzaldiak egiten ditugu. Asteazkena tailerraren eguna izaten da. Photoshop programa lantzen dugu, edo estudioko argazkilaritza, adibidez. Gero irteerak egiten ditugu. Asteburu pasa joaten gara nonbaitera, argazkiak ateratzera. Alde sozialak garrantzia handia du elkartean.
Beste lehiaketa asko antolatzen dituzue hiriko elkarteekin. Harreman ona duzue?
Elkarte askorekin lan egiten dugu, argazkilaritzarekin lotutako edozein lehiaketa edo jarduera antolatzeko. Argazki Rallya egin berri dugu adibidez, azaroaren 29an, Euskararen Egunen egitarauaren baitan. Udalarekin ere harreman ona dugu. Irun Hiria Lehiaketaren babeslea da, eta guk egutegia egiten laguntzen diogu. Esan daiteke hirian errotutako elkartea garela.
Nola aldatu da argazkilaritza 1970eko hamarkadan hasi zinetenetik?
Argazkilaritzak pixkanaka eboluzionatu du. Baina benetako iraultza, argazkilaritza digitalarekin iritsi da. Momentuan atera duzun argazkia ikustea, eta zuzendu ahal izatea, ikaragarria da. Argazkia errebela-tzeko prozesua ezabatu dugu. Alde txarra ere badu digitalizazioak, eta ikastaroetan esaten dugu. Enkoadratzeko ohitura zabaltzen saiatzen gara, gero ordenagailuan mozteko aukerarik izango ez balego bezala. Argazki-segidak ere ez zaizkigu gustatzen. Argazkia hautatzea, ondo enkoadratzea, pentsatzea eta ondoren ateratzea gomendatzen dugu. Hori bai, kameren formatua berdin mantendu dute. Argazkilariak oso nostalgikoak izan dira beti. Horregatik, gaur egungo reflex kamerak aurrekoen oso antzekoak dira. Objektiboak ere ia berdinak dira.
Zer gomendatuko zenuke argazki onak ateratzeko?
Argazki mota asko daude, jakina. Baina IAEko bazkide batentzat, zaletasuna, lasaitasuna eta ideia argiak behar dira, jakitea zein argazki atera nahi dugun. Argazkilaritza gustuko duen jendearekin joatea ere gomendagarria da. Ingurukoek ez badute pazientziarik, ez dira argazki onak atera-tzen. Beste baldintza asko ere badaude, argazkilariaren esku ez daudenak. Oso egun eguzkitsuak ez dira onak, adibidez, jende askok kontrakoa pentsatzen badu ere. Dena den, argazkilaritza artea da, eta beste arteek bezala, badu zati bat berezkoa dena. Gainerakoa landu edo ikasi daiteke. Argazki asko ikustea ezinbestekoa da: liburuetan, interneten, eta erakusketetan ere bai, aurrez-aurre ikustea ez baita berdina. Teknikak ere garrantzia du, baina ez da erabakigarria.