German Eizagirre irundarra eta euskalduna da jaiotzez. Bioteknologia eta ingeniaritza informatikoko ikasketak egiteko Tarragonara bizitzera joan zen eta 34 ohorezko matrikula lortu zituen bertan. Bizitokiz aldatu arren, argi eta garbi du euskararekiko lotura mantentzeko ahalegin guztiak egingo dituela, horrela, irakaskuntza eta ikerkuntza euskararekin uztartuz.
Nola deskribatuko zenuke euskararekiko duzun harremana?
Zortea daukadala esango nuke, aita oso euskalduna daukat eta txikitatik ama etxean Belarriprest rolean aritu dela esan dezakegu, beraz, txikitatik bi hizkuntzen inguruan ibiltzeko zortea izan dut. Gainera, aita zarauztarra denez, Irun zein Zarautzeko euskararen erabilera maila ezberdinak ezagutu ditut eta euskara nire bizitzaren parte garrantzitsu bat da.
Unibertsitate ikasketak euskal eremutik kanpo egin arren, euskararekiko harremana galdu duzu?
Betidanik ikasketak D ereduan egin ditut bai Toki Alaien zein Donostiako Santo Tomas lizeoan. Unibertsitate ikasketak aukeratzerakoan nire gradu bikoitza Tarragonan soilik eskaintzen zenez bertara joan behar izan nintzen.
“Euskara nire bizitzaren parte garrantzitsu bat da”
Erraza da kanpoan egonda euskararekiko lotura mantentzea?
Bai, Irungo koadrilan gutxitan hitz egiten dugu euskaraz. Tarragonan euskal herriko beste neska-mutil ba- tzuk ezagutu nituen eta talde txiki hartan gure artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartu genuen. Hala ere, aitarekin telefonoz edo Zarautz eta Aiako senideekin euskaraz komunikatzen naiz.
Katalunian bizita, euskara eta kantalaren egoeran antzekotasunik ikusten duzu?
Desberdina da, erdaldun batentzat errazagoa da katalana ikastea euskara ikastea baino, hizkuntzen arteko antzekotasunagatik. Kanpotarrek bertan katalana hitz egiteko beldur gutxiago dute, erdaraz abiatuta eta hitz batzuk ezagututa moldatu zaitezkeelako. Hortaz, euskararen erabilera kanpotarrengan integratzea zailagoa da. Katalunian unibertsitatean irakasleek katalanez egiten dizute eta lagun katalan batzuk eginez gero, segituan katalanez hitz batzuk esatera ausartuko zara, naiz eta hizkuntzaren erabilera guztiz zuzena ez egin.
Bioteknologia eta ingeniaritza informatika ikasketak dauzkazu. Arlo horietan ohikoa da euskararen erabilera?
Bai, nire asmoa doktoretza egitea da eta ikerketaren bidetik jarraitzea. Egia esateko, inoiz ez dut euskara zientziaren munduan ikusi. Dibulgazioan bai, baina, ez zien- tziaren lanketa zuzenean. Hala ere, zientzian euskara ikusten ez den bezala, gaztelera ere oso gutxi erabiltzen da. Zientzia arloan lan gehienak ingelesez edo txineraz egiten dira. Adibidez, zientzia arloan publikazioren bat ingelesa ez den hizkuntza batean egiten duzunean, publikatutako lanari garrantzia kentzen ari diozula dirudi.
Etorkizunean euskal eremuan ikusten duzu zure burua lanean?
Nire nahia etorkizunean unibertsitate batean ikasle postua izatea da. Horrela, unibertsitate mailako irakaskuntza ikerketarekin uztartzea gustatuko litzaidake. Euskal Herriko unibertsitatean lana topatuko banu izugarri pozik egongo nintzateke. Dena dela, postua beste edozein unibertsitatean topatuko banu pozik egongo nintzateke ere, beraz, zentzu horretan, edonolako aukerak aprobetxatzeko irekita nago. Argi daukat lana edonon lortu arren, euskararekiko lotura mantentzen jarraituko dudala, hau da, koadrila, lagun edo senideen bitartez, orain arte egin dudan bezala.
Euskaraldia bezalako ekimenak baliagarriak dira zure ustez?
Euskaraldia bezalako ekimenak oso beharrezkoak dira. Izan ere, batzuetan gertan daiteke, koadrilakoren bati bururatzea egun batzuetan zehar soilik euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzea. Horrelako asmoak, sentimendua tartean egon arren, bi egunen buruan ahaztu egiten dira, beraz, azken finean, ez da hain praktikoa. Euskaraldia bezalako ekimenen bitartez, ordea, honelako helburuak denboran luzatzea eta mantentzea errazagoa da. Denbora epeak markatuagoak daude eta helmuga ikusten duzu, ondorioz, gehiago inplikatzen zara. Dena den, txipa aldatzea eta beste askotan euskaraz hitz egiteko erritmoa hartu behar da. Era honetan, besteekiko harremanetan ohiturak aldatzeaz gain, gure euskararen erabileraz gogoeta egingo dugu eta gure jarrera aldatzeko gai izango gara.