Joan den uztailetik hirigunean orduko 30 km-ko abiadura gainditzea debekatuta dagoela adierazen duten seinaleak jarri dituzte Irunen. Informazio kanpainaren bigarren fasea hasiko da laster. Oro har, ibilgailuak lehen baino motelago dabiltzala uste du Udaltzaingoak.
Debekua hiriko kale guztietara zabaldu dela jakinarazteko kanpainaren lehen fasea irailarekin batera amaituko da. Jarraian, urrian, bigarrenari ekingo zaio, indarrean jarriko diren salaketa eta isunei buruzkoa. Aldi berean, radar gehiago ipiniko dute. Urte amaieran, araua eta ez betetzearen ondorioak erabat ezarriko dira. Beraz, Mugikortasun Mahaiaren erabakiz, urte hasieran Irun izango da abiadura orduko 30 km-ra murrizten duen Gipuzkoako lehen hiria.
Ibilgailuak, mantsoago
Cristina Laborda Mugikortasun udal ordezkariaren esanetan, “bi hilabetetik hona udaltzainek inpresioa dute gidariek, oro har, abiadura moteldu dutela. Txirrindulariek ere onartzen dute hala izan dela”.
Neurri berri honen helburua errepidean oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzea da, hain zuzen.
Haren ustez, “txirrindulariek galtzada barruan ibiltzeko ohitura hartuko dute autoek abiadura murrizten dutenean eta, aldi berean, txirrindu gehiago daudenean, ibilgailuek abiadura-muga beteko dute”. Ildo honetatik, txirrindua garraiobide gisa bultzatzeko orduan Europako ereduari erreparatu zaiola dio udal ordezkariak. “Europan bidegorriak aisialdirako erabiltzen dira eta hiri-inguruetan kokaturik daude. Gainera, eraiki-tzea oso garestia da”. Helburua txirrinduaren eta ibilgailuen arteko bizikidetza lortzea da.
Abiadura murriztu ondoren, Irungo zentroan oinezkoen guneak bultzatzeko neurriekin jarrraituko du Udalak. Hala, Luis Mariano, San Juan eta Urdanibia eta inguruak oinezko gune bilakatzeko prozesuan aurrerapausoak emango dira.
Bestalde, Berrotaran, Legia eta Joaquin Gamon kaleetan orduko 20 km-ko abiadura-muga indarrean jarriko da.