Gizarte jantokiaren eta topalekuaren balorazio baikorra egin dute udalak eta Rais enpresak

Zerbitzuaren gainbeherari buruz EH Bilduk egindako salaketak ezeztatu dituzte

Mirarietako Ama Birjinaren kalean daude Irungo gizarte jantokia eta topalekua. Erabiltzaileak, ordea, ez dira mirakulu eske joaten. Egunero dutxatzea eta jatea oinarrizko beharrak baldin badira ere, errealitatea da ez daudela denen esku. Bazterketa sozialeko egoeran, edo haren arriskuan dauden 200 erabiltzaile inguru hartu zituzten 2015ean gizarte jantokian eta topalekuan. Haien higiene eta elikadura beharrak asetzeaz gainera, hobekuntza prozesuei ekiten saiatu dira bertako gizarte langileak. Eskainitako zerbitzuaren balorazio baikorra egin dute.gizarte jantokia

Bazterketa sozialean edo haren arriskuan daudenei zuzendutako zerbitzuak dira gizarte jantokia eta topalekua. Irungo Udalak eskaintzen ditu, baina azpikontratatutako Rais enpresak kudeatzen ditu. 2015 urteko balorazioa eskaini dute gizarte jantokian. Mikrofonoak, grabagailuak, telefono mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak hartu dituzten mahai horietan bertan, haien eguneroko bazkaria jan dute 192 erabiltzailek, joan den urtean. Gehienak gizonezkoak izan dira, %80. Erabiltzaileen %37, EAEkoak edo estatuko beste lekuetakoak izan dira. Gizarte jantokian bazkaltzeko, lau baldintza bete behar izan dituzte erabiltzaileek: adin nagusikoak izatea, gizarte bazterketa egoeran edo haren arriskuan egotea, Irunen erroldatuak edo bertan ezarritakoak izatea, eta RGI/DBI Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta baino gutxiagoko diru-sarrerak edukitzea. Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea arloa arduratzen da baldintza horiek egiaztatzeaz.

Oso gogorra da egunean zehar inorekin ez hitz egitea”
Nadia Fabo, gizarte langilea

Gizarte topalekua erabiltzeko, baldintzak berdinak dira, salbuespen bakarrarekin. Ez dute gehieneko diru-sarrerarik eskatzen. Hori dela eta, ez dago aldez aurretik Gizarte Ongizatea arloan eskaerarik egin beharrik. Beste zenbait zerbitzu eskaintzen dituzte bertan. Dutxek 197 erabiltzaile izan zituzten 2015ean, arropa garbigailuak 145, eta higiene pertsonaleko guneak 164. Akonpainamendu zerbitzuak izan zuen erabiltzaile gehien: 278. Bertan, aisialdia betetzeko aukerak eskaintzen dizkiete erabiltzaileei: irakurri dezakete, ordenagailuak erabili, kafea hartu etab. Gainera, jolasak eta tailerrak antolatzen dituzte. Erabiltzaileen arteko harremanak sortzeko balio dute. “Oso gogorra da egunean zehar inorekin ez hitz egitea”, azpimarratu du Rais enpresako Nadia Fabok. Bazterketa sozialeko egoeran daudenen gabezia handi horri erantzuna ematen saiatzen dira topalekuan.

2015 urteko jardueraren balorazioa borobiltzeko, erabiltzaileen artean egindako inkesten emaitzak azaldu dituzte. Zerbitzuari eman dioten puntuazioaren bataz bestekoa bikainetik hurbil gelditu dela baieztatu dute Irungo Udaleko Ongizatea arloko eta Rais enpresako ordezkariek. “99 erabiltzailek erantzun dute topaguneari buruzko galdetegian, eta 54k jantokiari dagokionean. Lagin handi samarra da”, aipatu du Feli Goikoetxea komunitate esku-hartzeko teknikariak.

Zerbitzuari kritikak

2015ean eskainitako zerbitzuaren balorazio ofiziala, Irungo EH Bilduk egindako salaketa baten ondoren heldu da. Azken aldian, gizarte jantokiaren eta topagunearen zerbitzuek okerrera egin dutela baieztatu du talde politikoak, prentsaurrekoa baino aste batzuk lehenago argitaratutako oharrean. Batetik, janariaren kalitatea eta kantitatea okertuz doazela salatu du EH Bilduk. Feli Goikoetxea teknikariak erantzun du kexa, erreklamazio eta iradokizunen liburuan ez dutela halakorik bildu: “Iradokizun bakar bat jaso genuen, ideologiagatik begetarianoa zela zioen erabiltzaile batena. Pertsona horrek menu begetarianoa jasotzen du orain, erlijioa dela eta haragirik jaten ez dutenek bezala”.

“Iradokizun bakar bat jaso genuen, ideologiagatik begetarianoa zela zioen erabiltzaile batena”
Feli Goikoetxea, komunitate esku-hartzeko teknikaria

Bestalde, EH Bilduk adierazi du gizarte zerbitzuek ez dutela inklusio soziala ahalbidetzen: “Sinpleki asistentzialak dira, karitatetik gertukoak”. Nadia Fabok, aldiz, nabarmendu du ez direla horretara mugatzen: “Pertsonalizatutako ibilbidea lantzen dugu erabiltzaileekin, haien egoera hobetzeko asmoz. Haiek erabakitzen dute prozesuaren erritmoa”. Askotan, motela izaten da, basikoak izaten baitira erabiltzaileen lehen helburuak. “Ondo dago enplegua lortzea eta halako helburu handiak edukitzea. Baina horretarako, lehen urratsa egunero dutxatzea izan daiteke”, adierazi du Nadia Fabok.

Askotariko iritziak

Amaitu da prentsaurrekoa, eta irten dira kazetariak gizarte jantokitik, eguneko beste zereginetara. Bitartean, erabiltzaile batzuk dutxa hartzeko ilaran daude. Beste batzuk topagunean, elkarrizketa animatuan. Kanpoko parkean ere badago jendea, bankuetan eserita. 60 urtetik gorako gizon bat zigarroa erretzen ari da, biriketako minbizia duen arren. Azaldu du ezin duela gizarte jantokia erabili, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duelako. Baina pentsio batean bizi da, eta hilero ordaindu behar du. “Ez zait jateko dirurik gelditzen”, kexatu da. Dutxatzera eta gosaltzera joaten da topagunera, baina zalantzan jarri du zerbitzuaren kalitatea: “Epez kanpoko esnea eta galletak eman izan dizkigute. Gainera, kantitateak mugatzen dizkigute, eta gehiago hartzen baldin badugu, errieta egiten digute”. Erabiltzaileen artean gatazkak sortzea leporatu die gizarte langileei.

Beste erabiltzaile bat hurbildu da. Irundarra da, eta abandonatutako lokal batean bizi da. “Dutxa eta komuna dira zerbitzurik onenak”, onartu du. Janariari buruz, aldiz, baditu susmoak: “Asteburuetako pik nik-etako paketeak etiketarik gabe ematen dizkigute. Zergatik?”. Gizarte langileen partetik laguntza jaso izan duela adierazi du gizonak. Hala ere, erabiltzaileen beraien artean elkarri ematen dioten babesa azpimarratu du: “Arropa elkarbanatzen dugu, adibidez”. Gazte senegaldar batek ere eman du bere iritzia. Positiboa, kasu honetan: “Jantokiaren zerbitzua ondo dago. Badago jendea non jan ez duena”. Arropa garbitzeko zerbitzua ere erabilgarria dela aipatu du, baina batez ere, harremanak sortzeko topaguneak ematen duen aukera nabarmendu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude