Belaunaldien arteko Elkartasunaren Europako Egunaren harira, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak barre-terapiako saio bat antolatu du apirilaren 29rako. Saioa Palmera Monteroko 2. aretoan egingo da, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Ekimenaren xedea adinekoen eta gazteen arteko topagune bat sortzea da, adin guztietako jendeak esperientzia positibo eta dibertigarri bat bizi dezaten barre-terapiaren eskutik. Saioaren leloa Robert Holden psikologoaren esakune ezaguna da: Barrea da norbaiten bihotzak taupadaka segitzeko modurik onena. Saio dinamiko bat nahi dugu, jolasteko eta parte hartzeko, eta enpatian, konfiantzan, osotasunean, konpromisoan eta pozean oinarrituta, beste balio batzuen artean.
David Nuño arloko ordezkariak «ekimenaren izaera ludiko eta positiboa» nabarmendu du. Haren iritziz, oso garrantzitsua da gazte eta lehengo gazteen arteko topaketa hauek baliagarriak izatea «hainbat belaunalditako pertsonen artean une aberasgarriak partekatzeko eta, horretarako, ba al da barrea baino gauza hoberik?».
Bi saio antolatuko dira, bat goizez eta bestea arratsaldez, eta bakoitzak bi orduko iraupena izango du. Dinamika guztiak barre-terapiaren praktikan oinarrituko dira. Topaketan, aurrena, ongietorria egingo zaie parte-hartzaileei, eta nork bere burua aurkeztuko du. Ondoren, parte hartzeko dinamikak egingo dira kide guztien artean, eta bizitakoa bateratzeko txanda bat egingo da, eta parte-hartzaileei segidan egin nahi lituzketen ekintzei buruz galdetuko zaie. Amaitzeko, saioa itxiko da eta taldeko argazki bat egingo da. Izen-emateak, hemen.
Barre-terapia
Barre-terapia ez da, izatez, terapia bat, ez dituelako berez gaixotasunak sendatzen. Alabaina, onura psikologikoak dakartza, askotan frogatu denez, eta onura mental eta emozionalak eragiten dizkie parte-hartzaileei, barrearen bidez. Esate baterako, zuzeneko aldaketa fisiologikoak eragin ditzake sistema muskulu-eskeletikoan, kardiobaskularrean, immunologikoan eta neuroendokrinoan. Efektu horiek onuragarriak dira epe labur zein luzera.
Gainera, egoera emozional positiboagoak ekar ditzake eta horiek, bestalde, osasunerako onuragarriak dira zuzenean. Gainera, barreak estresari eta antsietateari aurre egiteko estrategiak optimizatzeko balio dezake, bai eta min subjektiboaren aurreko tolerantzia handitzeko ere eta, azkenik, pertsonaren gaitasun sozialak handitzeko. Ondorioz, pertsona gertuagokoa izango da eta pozago egongo da harreman sozialekin. Horrek guztiak estresa gutxitzeko eta osasuna areagotzeko efektua izan dezake.
Onura horiei guztiei belaunaldien arteko faktorea gehituta, ondoriozta dezakegu parte-hartzaile guztien jarrera eta aldartea hobetuko dela, bai eta horien senide, lagun eta zirkulu sozialeko kide guztiena ere. Oso balio positiboa da, gizartean eta gure eskualdean sustatu beharrekoa.