Aste gutxi igaro dira Oiasso museoak antolatutako Dies Oiassonis erromatar jaialdia ospatu genuenetik. Eskainitako jarduera deigarrienen artean, museoaren aurrean ikusi ahal izan genituen gladiadore borrokak eskaini ziren, oso harrera ona izan zutelarik ikusleen aldetik. Izan ere, erromatarrei izugarri gustatzen zitzaizkien borroka biziak, eta horiek gure gaurko oroimen kolektiboan daude, neurri handi batean Gladiator bezalako filmei esker, film horretan erromatarren eguneroko errealitate hori erakusten baitigute. Hala ere, horrelako filmek asko laguntzen dute gezur historikoak, estereotipoak eta desinformazioak zabaltzen ere, eta guk sinetsi egiten ditugu, gezurtatzen dituzten arte. Horregatik, aukera hau aprobetxatuko dugu gladiatura-ri buruz noizbait guztiok sinetsi ditugun zenbait mito desegiteko.
Lehenik eta behin, jakin behar dugu gladiadoreen arteko borrokak oso ezagunak zirela erromatarren artean, baina ez zirela, inondik ere, haien ikuskizun gogokoenak. Iturriek esaten digute venationes edo animalia ehizak gladiadoreen arteko borrokak bezain gogoko edo gogokoago zituztela; izan ere, ehizaldi horietan, erromatarrentzat hain exotikoak ziren piztiekin egiten zuten borroka (hipopotamoak, lehoiak, jirafak…). Baina, bi horien gainetik, antzinako erromatarren “futbola” zaldi lasterketak ziren. Horren erakusgarri da Koliseoak, adibidez, 50.000 ikusle sartzeko edukiera zuela eta hor egiten ziren borrokak oso ospetsuak zirela,; Zirku Maximoan, berriz, lasterketak egiten ziren lekuan, 150.000 pertsona inguru sartzen ziren, hau da, hiru aldiz gehiago. Lasterketak erromatarren dibertimendu nagusia izateaz gain, ekitaldi guzti hauek harreman sozialak garatu ahal izateko momentu ezin hobeak ere baziren.
Gladiadoreekin bueltatuz, ez da zuzena hauek guztiak esklabuak zirela pentsatzea, beren jatorria askotarikoa baitzen. Baziren esklabu zirenak, baina baita ere Erromako konkista gerretan preso hartutakoak (traziarrak, galiarrak, britaniarrak, germaniarrak, partoak…). Gatibu hauek gladiadore izanda aukera zuten bizia salbatzeko edo ohorez borrokatzen hiltzeko. Horrez gain, baziren ere preso erromatarrak, euren heriotza-zigorra antzokietan borrokatuz igarotzera edota gladiadore bihurtzera behartuak zirenak, bizia salbatzeko aukerarekin. Gainera, kasu askotan libertoek eta hiritarrek ere gladiadore gisa jarduten zuten, segur aski interes ekonomikoei jarraiki (agian zorrak kitatzeko edo familiari laguntzeko) edota benetako zaletasunagatik, azken batean, gladiatura-k ospea eta dirua zekarren eta. Horren adieralze, Komodo enperadorearen kasua dugu, gladiadore bezala zenbaitetan borrokatutakoa Koliseoan. Azkenik, datu historiko gutxi dauden arren, uste da emakume gladiadoreak ere bazirela.
Gladiadoreen arteko borrokei buruz pentsatu ohi da, halaber, mugarik gabeko hil arteko borroka mota bat zela, non garaitua exekutatu egiten zuten eta odola dibertsioaren sinonimo zen. Horrela agertzen dira Gladiator-en ere: protagonistak ekipamendu hobea duten etsai hordei aurre egin behar die. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: egia esateko, gladiadoreen borrokak, munera gladiatoria esaten zieten, ez ziren hain odoltsuak, eta arau asko bete behar izaten zituzten, eta, horretarako, arbitro bat izaten zen hondarretan bertan. Gaur egungo boxeoarekin aldera dezakegu; kirol bortitza baina oso-oso arautua. Adibidez, bi aurkarietako bati arma erortzen bazitzaion, borrokaldia geldi zezakeen, arma jasotzeko. Erromatarrek ez zuten sarraskirik nahi, borroka ahalik eta berdinena izan zedin baizik: bikoteka borrokatzen ziren, eta gladiadore bakoitzak rol bat betetzen zuen. Gladiadore mota asko izaten ziren eta elkar osatzen zuten, batzuek ekipamendu astun eta motela edukitzen zuten, beste batzuek, berriz, ezpata motz eta ezkutu txikiak, baina askoz ere arinagoak. Hala, baldintza konpentsatuetan, aurkariak, amore emateko, hatz erakuslea altxatzen bazuen, besteak irabazten zuen borroka. Beste mito bat oso zabaldua da enperadoreak erabakitzen zuela borrokako galtzaileak bizirik jarraituko zuen edo hil egingo zuten, erpurua gora edo behera erakutsiz. Ez dugu horren frogarik, eta, gainera, borroka duina izan bazen, jokoen babesleak gladiadoreari barkatu egiten zion gehienetan, eta barkatzen ez bazion, ahalik eta azkarren eta ohorez hiltzen zuten.
Ikusten dugunez, batzuetan, horrelako estereotipoak erabiltzen dituzte filmetan. Eta zuk? Ezagutzen al zenuen mito horietakoren bat? Ikusi al zenituen Dies Oiassonis-eko gladiadoreak? Bestela, datorren urtera arte itxaron beharko duzu!
Aitor Cano (praktiketako ikaslea Oiasso Museoan)