Gora begira abiatu du denboraldia Leka Eneak

Eskolako taldea izan zen Irungo Leka Enea bere sorreran, 1970eko hamarkadaren amaieran. Gaur egun, mahai teniseko Superdibisioan parte hartzen duen euskal elkarte bakarra da. Bat, ez, bi talde ditu, gainera Leka Eneak goi mailan: emakumeena eta gizonena. Ez hori bakarrik, Europako lehiaketetan ere lehiatu da azken urteotan. Komunikabideetan ez du bere lorpenen neurriko oihartzunik lortu. Hala ere, mahai tenisa ezagutzera emateko lanean jarraitzen du Leka Eneak. Euskal Herrian. Erreferentea da Irungo taldea.

Gorka Fernandez

Sonia Etxezarreta Teknifikazio Zentroa da Leka Enea-Irunen egoitza. Urtea ere ez du bete oraindik, baina goitik behera aldatu du elkartea. Jesús Gómez gerenteak azaldu du arrazoia: “Toki txikietan egon izan gara orain arte, eskoletako gimnasioetan edo Artaleku Kiroldegian. Hortaz, tamaina honetako azpiegitura batek haur eta gazte gehiago erakartzeko eta formatzeko aukera eman digu”. Olaketa kalean dago Sonia Etxezarreta.
Bi solairuko pabilioi handia da, eta hamarnaka mahai kokatzeko tokia eskaintzen du. Aldagelak, bulegoak eta kafetegia ere baditu. “Askatasuna lortu dugu, espazioaren eta ordutegiaren aldetik”, nabarmendu du Gorka Fernandez harrobiaren arduradunak. Azpiegitura berriari esker, berrehun pertsona mugitzen ditu gaur egun Leka Eneak mahai tenisaren inguruan.
Oraindik ere, jolas hutsaren moduan ikusten du jende askok mahai tenisa. Baina Jesús Gómezek ez du uste hain zabaldua dagoen iritzi hori arazo larria denik: “Argi dago ezin dugula denok Europa mailan jokatu. Mahai tenisa osasunagatik edo dibertsioagatik praktikatzea ere interesgarria da”.
Hori dela eta, hobby moduan hartu nahi duen edonork mahaiak alokatzeko aukera dauka Sonia Etxezarreta Teknifikazio Zentroan. Mahai tenisak jokalaria lehen kolpean harrapatzea ohikoa dela uste du Gorka Fernandezek: “Kirol dibertigarria da, eta ez du maila fisiko handia eska-tzen. Gainera, lehiatzen hasita, asko bidaiatzeko aukera ematen du”. Horrela hasi zen Fernandez, beste hainbat neska-mutil irundarren moduan. Denboraren poderioz, estatuko mailarik gorenera eraman dute Leka Enea.

SONY DSC
Estatuan eta Europan, onenen artean
2003/2004 denboraldian igo zen gizonen taldea Superdibisiora. 2009/2010ean emakumeek ere lortu zuten urratsa ematea. Urriaren lehen asteburuan abiatuko da aurtengo Superdibisioa.
Bi taldeak sei onenen artean ariko direla uste du Jesús Gómezek: “Taldeak indartu ditugu, eta joan den urteko emaitzak hobetuko dituztela espero dugu”. Gainera, Europa mailan ere lehiatzen ari da Leka Enea. Emakumeen ETTU Cup lehiaketako lehen fasea antolatu zuen Leka Eneak Irunen, irailaren hasieran. Etxean jokatu arren, kanpoan gelditu ziren neska irundarrak.
Mutilek aldiz, Luxenburgon jokatu zuten lehiaketaren lehen fasea. Endika Díezek, jokalari onenak, ez zuen parte hartu, Mediterraneoko Jokoetan zegoela eta. Hala ere, partidu guztiak irabazita, hurrengo faserako txartela eskuratu zuen Leka Eneak. Emaitzak lagun, gorako joera mantenduko du Leka Enea-Irunek aurtengo denboraldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude