Gora egin du birziklatze tasak

Gai organikoen bilketaren hazkundea azpimarratu du Txinzerrek

%2,69 handitu da Irungo eta Hondarribiko birziklatze tasa 2015ean. Txingudiko Zerbitzuak enpresa publikoak emandako datuen arabera, %43,59koa da gaur egun. Datuak baikorrak direla adierazi du Txinzerrek, ingurumenari begira, noski, baina ekonomiari dagokionez ere bai, hondakinak zabortegira bidaltzeko kostuetan gutxiago gastatzen delako. Zabortegira bidalitako hondakinen kopurua %1,29 murriztu dute, 2014 urtearekin alderatuta. SONY DSC

Gai organikoen bilketan izan den hazkundea izan da 2015eko birziklatze tasaren gorakadaren arrazoi nagusi. %8,6ko igoera izan du hondakin organikoen bilketak, eta 3,6 tona jaso dituzte guztira. 17.108 familia daude edukiontzi marroiaren erabiltzaile gisa izena emanda, Irunen eta Hondarribian. Kontratuen erdia baino pixka bat gehiago da hori. Izena emanda dauden familiei, hondakin tasa txikiagoa aplikatzen hasi zaie Txinzer, parte hartzea bultzatzeko.

“Edukiontzi marroiaren sisteman izena emanda dauden guztiek parte hartze aktiboa izan dezaten lan egin behar dugu”
Leire Zubitur, Txinzerreko gerentea

Arazo bat du, hala ere, orain arte edukiontzi marroiarekin erabilitako sistemak. Ez baitu bermatzen izena emandako familia guztien parte hartzea. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak enpresa publikoko gerenteak berak onartu du: “Egia da familia asko ditugula apuntatuta edukiontzi marroiaren sisteman, baina ikusten dugu, jasotzen dugun hondakin kopuruarekin, ez dela posible jende guzti horrek birziklatzea”. Edukiontzia irekitzeko txartel elektronikoa eta beste zenbait neurri aztertzen ari dira Txinzerreko arduradunak. “Izena emanda dauden guztiek parte hartze aktiboa izan dezaten lan egin behar dugu”, adierazi du Zubiturrek.

“Hondakin sortzaile handien ekarpenarekin asko hobetu daitezke datuak”
Leire Zubitur, Txinzerreko gerentea

Azpimarratzeko da %55eko gorakada izan duela sortzaile handi deiturikoetan bildutako hondakin organikoaren kopuruak. Ikastetxeak, ospitalea, jatetxeak eta enpresa handiak sartzen dira, besteak beste sailkapen horretan. 2014an hasi ziren ildo hori lantzen, eta izan dezakeen garrantzia irudikatzeko datu esanguratsua eman du Leire Zubiturrek: “15.800 familiarekin, 100 tona jasotzen ditugu. 22 enpresarekin, berriz, 30 tona. Argi gelditzen da sortzaile handien ekarpenarekin asko hobetu daitezkeela datuak”. Hori dela eta, hondakin sortzaile handi horien arduradunak kontzientziatzeko lan handia egin behar dutela aitortu du Txinzerreko gerenteak.

Beste gaiei dagokienez, birziklatze tasa etxeko hondakin arriskutsuetan handitu da batez ere, %45,4ra heltzeraino. Bestalde, gailu elektronikoetan (%12) eta piletan (%11,4), igoera nabarmena izan da. Bilakaera positiboa izan da, era berean, ehunetan (%6,2), ontzietan (%1,7) eta beiran (%1,4). Birziklatze tasan behera egin duten gaiak ere badira, ordea. Birziklatutako olio kopurua %14 jaitsi da, eta papera %3. “Separazio guztiak ez dira aldi berean hasi, eta bakoitzak bere erritmoa du”, argitu du Leire Zubiturrek.

Europar Batasunak markatutako kopurutik urrun

Eskualdeko birziklatze tasaren joera gorakorra da, eta beraz, balorazio baikorra egin du Txinzerrek. Hala ere, igoera motela dela onartu du Leire Zubiturrek. Europar Batasunak nahi dituen datuetatik urrun dagoela oraindik: “Europar Batasunak markatzen dituen datuen arabera, %60ra iritsi behar genuke 2020an. Kopuru horretara ailegatzeko, esfortzu handia egin behar dugu denok”.

Herritarrez gainera, Txinzerrek ere ardura duela baieztatu du Zubiturrek: “Herritar batzuek oraindik ez dute hausnartu ere egin birziklatzeak edo ez birziklatzeak izan ditzakeen ondorioei buruz. Horiekin kontzientziazio lana egin behar dugu”. Sentsibilizazio kanpainak dira lanketaren adarretako bat. Prozesu motelak direla gogorarazi du Zubiturrek: “Pentsaezina da kanpaina baten emaitzak egun batetik bestera agerian gelditzea”. Beste adarra, Txinzerrek ikastetxeetako haurrentzat eta gaztetxoentzat antolatzen dituen tailerrak dira. “Haurrek birziklatzearen beharra ulertzea gakoa da, gero jarrera hori naturaltasunez mantendu dezaten”, adierazi du Zubiturrek. Denbora beharko du, beraz, birziklatzeari buruzko kontzientziazioak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude