Gordailuaren laguntzari esker Oiasso Museo Erromatarraren erakusketa zabaldu da

“Gordailua Oiasson” Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-proiektu bat da. Haren bidez, Oiasso museoko espazio espezifiko batean ikusgai jartzen dira Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko pieza etnografikoak. Txokolateari buruzko pieza batzuk ekarri ziren lehen trukean, eta artzaintzari buruzko beste batzuk bigarrenean. Oraingo honetan, hiru hilarri kristau datoz Oiassora.

Euskal hilarri gehienak Erdi Arokoak edo ondorengoak dira, hau da, kristauak, nahiz eta batzuek ikur paganoak dituzten. Erlijio guztiek begirunea erakusten dute hildako arbasoekiko. Erromatarrek hilarriak lantzen zituzten hildakoen omenez, eta oroitzapenezko idazkunak gehitzen zituzten, Oiasso museoko piezetan ikus daitekeen bezala. Gordailuak utzitako hilarri kristauak Oiasso museoan egongo dira ikusgai ekainaren 30era arte. Sarrera doakoa da.

“Oiassorekin egin zenuen bidaiaren oroigarri fotografikoak”

Museoak bidaia eta txango ugari antolatu ditu ateak ireki zituenenik igaro diren 15 urte hauetan, interes historiko eta arkeologikoko eremuak bistatzeko. “Duela urtebete, bidaia batzuk genituen planifikatuta. Ahaztezinak izango zirela uste genuen baina, tamalez, planak bertan behera utzi behar izan genituen, eta maletak desegin. Zorionez, urte hauetan guztietan bidaia bikainak antolatu ditugu, luxuzko gidekin, eta argazkietan jasota geratu dira”, diote museoko arduradunek .

Horrela, Oiassok proposamen bat luzatu nahi die urte hauetan guztietan museoak antolatutako bidaietan parte hartu dutenei: beren oroigarri fotografikoak gurekin partekatzea, bizitako momentu onak gogora ekartzeko. Horretarako, argazkiak museora bidali behar dituzte, besterik ez, datu hauek gehituta:

  • Egilearen izen-abizenak
  • Egilearekin harremanetan jartzeko datuak
  • Bidaiaren lekua
  • Bidaiaren data
  • Bidaiaren oroitzapenen bat (aukerakoa)

Interesdunek argazkiak posta elektronikoz bidal ditzakete actividades.oiasso@irun.org helbidera, edo zuzenean museora eraman. Material horrekin guztiarekin erakusketa berezi bat antolatuko du, eta irudien bidez «bidaiatzeko» aukera eskainiko dugu. Zuen argazkiei esker, pandemiaren erruz bisitatu ezin ditzakegun tokietara bidaiatuko dugu. Oroitzapenen bidez ezagutzeko, amets egiteko eta, batik bat, dibertitzeko modu berriak bilatzeko unea da hau.

Museoak martxan jarritako azken ekimenen bide beretik, Oiasso Museoak nabarmendu nahi du Kontaiguzu dakizuna programaren lehen saioak oso harrera ona izan zuela, aurreko otsailaren 25ean. Jarduera horren xedea da Oiassoko lagunek beren ezagutza eta esperientzien berri ematea, publikoarentzako hitzaldi irekietan. Hainbat gai jorratuko dira: gai historiko eta arkeologikoak, bidaiak, mitologia, pertsonaia historikoak edo historiako gizarteen eguneroko bizitza edo kultura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude