Bere zaletasun nagusietako batzuk uztartzeko modua topatu du Gorka Martinez irundarrak Un Pais En Mi Mochila blogaren bidez (unpaisenmimochila.blogspot.com). Egindako bidaien eta mendi ibilbideen inguruko informazioa elkarbanatzen du, xehetasun eta baliabide erabilgarriekin. Asteburu baterako plana edo udarako bidaia planifikatzen dabilenak badaki, jada, non kontsultatu.
Nola erabaki zenuen zure abenturak blog batean jasotzea?
2014ko abuztuan bururatu zitzaidan. Italian nengoen, praktika batzuk egiten, eta handik Esloveniara bidaia txiki bat egin nuen. Ez da ohiko turismo gunea, baina interneten begira ibili nintzen, eta leku interesgarriak topatu nituen. Guzti hori elkarbanatzeko blog bat sortzea erabaki nuen, bidaiak eta mendi ibilbideak bilduko zituena. Mendira ia astero joaten naizenez, eta bidaiak noizean behin besterik egiten ez ditudanez, mendi ibilbide gehiago daude bidaiak baino.
“Blogek jende arruntaren bizipenen berri ematen dute”
Bloga sortu aurretik ere web espezializatuak kontsultatzen zenituen bidaiak prestatzeko?
Bai, turismoarekin lotutako web gune famatuak kontsultatzen nituen. Baina azkenean, blogak irakurtzen amaitzen nuen beti. Jende arruntaren bizipenen berri ematen dute, eta balio handia du horrek. Azken finean, web gune ezagunek babesleak izaten dituzte, eta ondorioz, interesak eta presioak ere bai. Blogak naturalagoak dira. Gustatzen zaizkidan blogak aztertuta, nireari forma emateko modurik egokiena garatuz joan naiz.
Testuak landu egiten dituzu. Ez dira ibilbideen deskribapen hutsak eta hotzak.
Ez. Egia esan, ordenagailuaren aurrean idaztera esertzen naizenean, gustura sentitzen naiz. Beti gustatu izan zait idaztea, baina ez dut gehiegi lantzeko aukerarik izan. Beste bide batzuetatik eraman naute ikasketek. Orain, behintzat, nire ibilbideetako eta bidaietako esperientziak kontatzen ditut.
Nola hautatzen dituzu argazkiak, eta haien kopurua?
Ez da erraza oreka lortzea. Testu asko jartzen dut, baina irakurlea ez aspertzeko adina. Argazkiei dagokienez, bereizgarrienak besterik ez ditut jartzen. Nabarmentzekoa da bloga elikatzeko, gustatzen zaizkidan jarduerak uztartzen ditudala: idaztea, argazkiak ateratzea, kirola egitea eta bidaiatzea. Aurkikuntza handia izan da nire bizitzan.
Bestelako baliabideekin aberasten duzu bloga: mapak, GPS track-ak, altueren eta desnibelen inguruko informazioa etab.
Irakurri nahi nukeen bloga egiten saiatzen naiz. Behin bloga elikatzeko lana hartuta, ondo egitea dut helburu. Track-ak jarraitzea, adibidez, oso erabilgarria da mendian. Markatutako bide batean baldin bazoaz, ez dago arazorik, baina bidetik ateratzen baldin bazara, track-a behar duzu derrigorrez. Mugikorrarekin nola egin daitekeen azaltzen duen sekzioa sortu dut blogean.
“Gero eta jende gehiagok esaten dit blogeko ibilbideak egin dituela, edo bidaiatzeko erabili duela”
Blogeko edukiak zabaltzeko lana egin duzu?
Facebook-en besterik ez dut hedatu. Bisitariak Facebook bidez heltzen zaizkit, eta wikiloc-etik ere bai, track-ak igotzen ditudanean blogaren esteka jartzen dudalako. Berdin Ibilbideak edo Mendikat web guneetan ere. Bide guzti horietatik heltzen dira bisitariak. Bestalde, google-eko posizionamenduan gora egiten ari naiz pixkanaka. 2014ko udaraz geroztik, 16.000 bisitari izan ditut. Gero eta jende gehiagok esaten dit blogeko ibilbideak egin dituela, edo bidaiatzeko erabili duela. Horrek asko pozten nau.
Egin dituzun bidaien artean, zein aukeratuko zenuke?
Esloveniakoaren oroitzapen ederra dut, ondo prestatu nuen lehenengoa izan zelako. Baina onena, Portugalgo Algarvera egin genuena izan zen. Lagun batzuekin joan nintzen, eta Algarveko kostaldea zeharkatu genuen, hondartzetan lo eginez.
Mendiko ibilbideei dagokienez?
Zaila da aukeratzea, denetarik dagoelako. Baina esan dezaket hiru direla nire gogokoenak. Jaizkibelgo itsasertzetik doana da horietako bat. Labetxu eta beste zenbait kala eder ikusteko aukera ematen du.
Erronka gisa hartu genituen beste bi ere aipatuko nituzke. Batetik, Aralarreko hamabi gailur egin genituen, hamabi mahats jan beharrean, abenduaren 31n. Bestetik, Aiako Harria punta batetik bestera zeharkatu genuen. 30 km-ko ibilbidea da, Irundik Hernanira. Noizean behin horrelako astakeriak planeatzen ditugu.
Lagunekin egiten dituzu beti irteerak?
Bai. Irundik ateratzen garenean, kuadrillakoekin eta beste lagunekin. Bizkaikoak, unibertsitateko lagunekin edo pisu-kidearekin. Jendea ezagutzeko modu aproposa iruditzen zait niri. Lauzpabost ordu ematen dituzu mendian hitz egiten, edozein gairi buruz. 2015 urtean 42 lagun ezberdin etorri dira nirekin. Batzuk egunean bertan ezagutu nituen, eta beste batzuekin harremana estutzeko aukera izan dut.
Mendira irtetea ez da ohiko zaletasuna izaten gazteen artean.
Pena da, alternatiba ona delako. Unibertsitatean hasi nintzenean, Irunera bueltatu eta asteburua lokalean pasatzen nuen. Larunbatean parrandan ateratzen nintzen, igandea ajearekin pasatzen nuen eta asteburuak ez zuen gehiagorako ematen. Asteburuak aprobetxatzeko beste modu bat topatu dut. Jende baten aitzakia da nekagarria dela. Baina ibilbide errazak ere badaude, leku politak ezagutzeko aukera ematen dutenak. Adibidez, badago jende asko Aitzondo ur-jauzia ezagutzen ez duena. Irundik oso gertu dago, eta ederra da.
Medikuntza ikasten ari zara. Printzipioz ez du zer ikusirik. Planteatu al duzu mendiarekin eta bidaiekin lotutako lanposturen bat lortzen saiatzea?
Hasteko, mendiko mediku izatea pentsatu izan dut. Bi gauza horiek elkartzea ikaragarri gustatuko litzaidake. Bestela, Euskal Herritik txangoak egiteko agentzia bat martxan jartzea ere buruan dut. Jende gazteari zuzenduta, batez ere. Inguruko mendi elkarteetan, behintzat, adineko jendea egoten da batez ere. Ez dute jende gaztea erakartzea lortzen. Etorkizunean gazteentzat ibilbideak antolatzea da nire ideietako bat.