GORKA MORENO, Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria: “Zuri aberats baten edo beltz aberats baten artean, jende askok zuria nahiago du”

Testuinguru ekonomikoarekin estu lotuta egoten dira migrazio fluxuak. Horrela, 2.000. urtearen inguruan, immigrazio ugari jaso zuen Euskal Herriak. Aitzitik, azken urteotako krisi ekonomikoarekin, fluxua baretu egin da. Migranteen inguruko zenbait aurreiritzi eta estereotipo, ordea, indartu egin dira epe horretan. Gaiak izan duen bilakaera aztertu du Gorka Moreno soziologo irundarrak. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria da, 2011z geroztik.

2007-2008 urtera arte, azken hamarkadetako migrazio fluxu handiena jaso zuen EAEk. Gero, jende askok pentsa dezakeenaren kontra, mendearen hasieran iritsitako migrante horietako asko bertan geratu ziren, baita krisi ekonomikoaren garaian ere. Orain, datu makroekonomikoei begira, bederen, hazkunde garaia dela esan daiteke, eta migranteen etorrerak gora egin duela baieztatu du Gorka Morenok.

Migranteen jatorriari erreparatuta ere, ziklo ekonomikoen arabera ezberdintasunak izan dira. “Garapen ekonomikoaren fase horretan populazio latinoamerikarra zen gehien etortzen zena, nagusiki haien jatorrizko lurraldeetatik”, azaldu du Morenok. Krisi ekonomikoaren garaian aldiz, etorkin latinoamerikarren kopurua jaitsi egin zen, eta beste zenbait jatorri ezberdin agertu ziren: Pakistan edo Nepal, adibidez.

Jatorri magrebtarreko migranteak asko izan dira, aspaldidanik. Krisi ekonomikoaren garaian kopuru horiek mantendu egin ziren, baina nabarmentzekoa da, urte horietan, haien jatorrizko lurraldeetatik etorri beharrean, Espainiako estatuko beste lekuetatik iritsi zirela. “Batez ere, lan arloan ez zituztelako haien helburuak bete”, zehaztu du Morenok.

 

“Jatorri latinoamerikarra da testuinguru ekonomikoari gehien lotzen zaiona”

 

Orain, ekonomia berriro hazkundean dagoen garaian, latinoamerikarrak dira nagusi, berriro, EAEra iristen diren migranteen artean. Haien jatorrizko lurraldeetatik iristen dira, gainera. Datu horietatik atera daitekeen ondorioa begien bistakoa dela adierazi du Morenok: “Jatorri latinoamerikarra da testuinguru ekonomikoari gehien lotzen zaiona”.

 

“Zenbait zurrumurru handitu egin dira krisi ekonomikoarekin”

 

Etorkinen inguruko aurreiritziak indartu al dira, krisi garaian?

“Egia da etorkinen inguruko zenbait aurreiritzi eta estereotipo ere testuinguru ekonomikoarekin lotutakoak direla. Hala ere, gogoratu behar da krisi ekonomikoaren aurretik ere bazirela zenbait zurrumurru. Aspalditik zeuden gure gizartean, eta batzuk, krisiarekin handitu egin dira. Hor daude, adibidez, ongizate estatuari edo enpleguari loturiko zurrumurruak: lana kentzera datozela, edo gizarte prestazioez bizi direla… Testuinguru ekonomikoa txarra denean, zurrumurru horiek indar handiagoa hartzen dute”.

Aurreiritzi horien kontra, estatuko eta erkidegoko datu ekonomikoek adierazten dute migranteen kolektiboak gehiago sufritu duela krisi ekonomikoa. “Gizarte zaurgarritasunari edo pobrezia tasari erreparatzen baldin badiegu, agerikoa da hori”, baieztatu du Gorka Morenok. Bertakoen eta etorkinen arteko aldea handitu egin da azken urteotan. 2016ko datuen arabera, pobrezia tasa %4koa da bertakoen artean. %30ekoa, aldiz, etorkinen artean.

Aporofobia urteko hitz izendatu du Fundéuk. Pobrearen beldur al gara?

“Argi dago klase sozialaren arabera bereizketak egiten ditugula. Beltzak pateretan etorri beharrean, Getxora kruzero batean etortzen baldin badira, ezberdin ikusten ditugu. Baina esango nuke elementu arrazistak ere hor daudela. Zuri aberats baten edo beltz aberats baten artean, jende askok zuria nahiago du. Ez genuke arrazismoak duen indarra ahantzi behar”.

Datuak eskatzen dizkiote, sarritan, Ikuspegiri, arrazismoari aurre egiteko formula gisa. Ematen dituzten arren, Gorka Morenok uste du datu hutsek balio eskasa dutela, aurreiritzien kontrako borrokan. “Bihotzaren edo tripen arloan kokatzen da aurreiritzia, eta ez garunarenean”, aipatu du. Zentzu horretan, xenofobiaren kontrako zenbait programaren balioa azpimarratu du Morenok: ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarearen lana, edo Bizilagunak programa, SOS Arrazakeriak-ek Gipuzkoan bultzatzen duena, bertakoak eta migranteak etxeetan bazkaltzera elkartzeko helburua duena.

Elkar ezagutzean al dago gakoa?

“Gero eta harreman handiagoa eduki, ezagutza handiagoa izango da, eta errazagoa izango da beldurrei eta aurreiritziei aurre egitea. Indikadore on bat dago, gero eta bikote misto gehiago daudela. Horrek esan nahi du harreman hori existitzen dela, gero eta arruntagoa dela”.

 

Irun hiriaren kasua

EHUren Leioako kanpusean lan egiten du Gorka Morenok, eta gutxitan hurbiltzen da, gaur egun, Irunera. Hala ere, ondo ezagutzen ditu bere jaioterriaren ezaugarriak, migrazioari dagokionez. XX.mendean estatuko beste erkidegoetatik etorritako etorkinek indar handia dute, pisu demografikoari dagokionez.

Atzerritarrei begira, Morenok argitu du hiriaren argazkia ez dela EAEkoaren batez bestekoarekiko oso ezberdina. Gipuzkoako beste hiri eta herri nagusiekin alderatuta, aldiz, baditu ezberdintasunak: “Jatorrien aldetik, Irunen latinoamerikarrak dira nagusi. Gipuzkoako beste herri edo eskualde batzuetan, Goierrin edo Deba aldean, magrebtarrak dira gehiago”. Irunen bereizgarri nagusia, immigrazioari begira, bere kokapena da, muga izaera. Hori dela eta, Frantziar naziotasuna duen jendea dezente da. “Hori Euskadin oso arraroa da”, aitortu du Gorka Morenok.

Irungo testuingurua kontuan hartuta, gerta daiteke beste garai batean etorkin izandakoek, edo haien seme alabek, jarrera ezkorrak izatea egungo migranteekiko. Gainera, gaur egun, etorkinen beraien artean elkarren kontrako jarrerak detektatzen ari direla azaldu du Morenok: “Ikerketak egin ditugu, eta ikusten da, adibidez, jatorri latinoamerikarra dutenen artean, askotan, oso jarrera gogorrak daudela magrebtarrekiko”. Egoera sozio-ekonomikoarekin lotu ditu jarrera horiek, Gorka Morenok: “Normalean, egoera ekonomiko ona duen jendeak jarrera baikorragoak edukitzen ditu. Lan merkatuan okerrago dagoenak eta ikasketa maila baxuagoak dituenak, jarrera ezkorragoak”.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude