“Erakundeen laguntza ezinbestekoa da kirol hau ezagutarazteko eta hazten jarraitzeko”
Bederatzi urte zituela ezagutu zuen Gorka Susperreguik biketriala, eta harrez geroztik ez da bizikletatik jaitsi. Bere kabuz Hondarribiko kai-muturrean entrenatu ohi zuen mutilaren progresioa izugarria izan da azken urteotan. Eraku-tsitako kontzentrazioak eta hobetzeko gaitasunak munduko hoberenen artean egotera eraman dute.
– Bederatzi urterekin eman zenituen lehendabiziko urratsak biketrialaren munduan. Zerk erakarri zuen zure arreta?
Kirol berezia iruditu zitzaidan; ohiko kiroletatik harago zegoena. Betidanik gustuko izan ditut gauza berezi eta desberdinak. Hori dela eta, Hondarribian zegoen txapelketa batean kirol hau praktikatzen zuten gazteak ikusi nituenean, berehala jakin nuen biketriala nire kirola zela.
– Zurea diziplina nahiko ezezaguna da gure inguruan. Zenbat kirolarik praktikatzen duzue diziplina hau Bidasoa eskualdean?
Nitaz gainera, pare batetan Munduko txapelduna izandako Hondarribiko mutil bat dago. Gainera, 6 eta 14 urte bitarteko 10 bat ume hasi berri dira. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan, bestalde, 60 bat pertsona elkartu ohi gara. Ezin gara kexatu, baina oraindik kirol hau praktikatzen duen jende gehiago falta zaigu.
– Astean zehar zenbat denbora eskaintzen diozu biketrialari?
Bi edo hiru egunetan entrenatzen saiatzen naiz. Euria egiten duenean zailagoa da bizikletarekin entrenatzea; beraz, gimnasiora edota korrika egitera goaz. Batzuetan, mountain bikeko bizikleta hartu eta mendian txangoren bat antolatzen dugu, sasoi betean egoteko.
– Entrenatzeko leku egokirik ba al duzue?
Lehen Hondarribiko kai-muturrean entrenatzen ginen, baina orain dela 3-4 hilabete Irungo Udalari zirkuitu bat egiteko eskatu genion. Ospitalaren ondoan eman ziguten hau egiteko baimena. Gure gurasoek harriak ondo kokatu eta dena ondo antolatu behar izan zuten, baina erraztasunen bat eman ziguten behintzat.
– Irungo Udalak bere harri-koskorra jarri du, baina gainontzeko erakundeen edo laguntzaile pribatuen babesik ba al duzue?
Ez, nahiko zokoratuta senti-tzen gara. Nire ustez, erakundeen laguntza ezinbestekoa da kirol hau ezagutzera emateko eta hazten jarraitzeko, bestela zaila ikusten dut. Iazko denboraldian ez nuen babesle bakar bat ere. Bizikleta-denda batek osagarrietan beherapenen bat egiten zidan bakarrik. Aurten, ordea, gehiago mugitu gara eta pare bat laguntza lortu ditugu, baina ez dira nire desplazamenduak eta materiala ordaintzeko adina.
– Hala ere, hasieratik munduko babeslerik onenaren laguntza izan duzu: zure familiarena, ezta?
Bai, haien laguntza ezinbestekoa izan da. Nire gurasoek ordaindu dituzte nire desplazamendu guztiak, eta beti hor egon dira, moralki, ni lagundu eta babesteko.
– Zein dira denboraldi honetan lortu nahi dituzun helburuak?
Iazko denboraldiko emaitzak berdindu nahiko nituzke; hau da, Espainiako txapeldun, Europako txapeldunorde eta Junior kategorian Munduko 3. geratzea. Hala ere, emaitza horiek hobetzen baditut, askoz hobeto.
– Zein dira etorkizuneko zure erronka nagusiak?
Munduko hoberena izatera iristea gustatuko litzaidake, baina urrun ikusten dut oraindik. Hala ere, primeran legoke Munduko txapeldun izendatzea (irribarrez).