Goya saria eskuratu du Javier Agirrek

Argazki zuzendaritza onenaren aitortza eskuratu du irundarrak, Handia filmean egindako lanagatik

 

Irunen izan da Francisco de Goya margolariaren brontzezko irudia. Izan ere, Espainiako Zinema Akademiak urtero ematen duen sarietako bat eskuratu du aurten Javier Agirre Erauso irundarrak, otsailaren 2ko galan. Handia euskal filmean egindako argazki zuzendaritza lana aitortu diote. Otsailaren 13an San Juan harriaren irudia jaso du, Irungo Udalaren eskutik.

Euskal zinemagintzaren historian mugarria ezarri du Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendarien Handia filmak. 13 izendapen zeuzkan Espainiako Zinema Akademiaren Goya sarietarako, eta horietatik 10 eskuratu ditu. Zuzendari onenaren eta film onenaren sari nagusiek ihes egin diete, baina arlo teknikoetan, batez ere, Handiaren arrakasta erabatekoa izan da. Sarituen artean egon da Javier Agirre Erauso irundarra, argazki zuzendaritzan egindako lanagatik. Azken urteotan euskal zinemagintzan nabarmendu izan diren Amama edo Loreak filmetan ere lan egin izan du, lehenago, Agirrek.

Gazte hasi zen zinemagintzan, eta badu ibilbidetxo bat, dagoeneko. Handia filma, hala ere, orain arteko erronka guztietan zailena izan dela aitortu du Javier Agirrek. XIX.mendean kokatutako istorioa da, argi elektrikorik ez zegoen garaian. Erraldoi bat dago, gainera, Europan zehar bidaiatzen duena. Ikusleen eta kritikaren oniritzia jaso du, hala ere, lanaren azken emaitzak. “Egia da Goyak ez direla oparitzen”, onartu du Javier Agirrek berak. Bere sariak izan zuen oihartzunak ustekabean harrapatu duela ere azpimarratu du, dena den: “Pentsatzen nuen gremioan geldituko zela. Baina izan duen oihartzun soziala harrigarria izan da”.

Lehen urratsak, Irunen

Irungo Dunboa ikastetxean izan zuen Agirrek lehen harremana argazkilaritzarekin. Bertan jaso zituen lehen eskolak. Lehen reflex kamera, aldiz, bi anaien eskuetatik jaso zuen. “Mendizaleak ziren, eta Pirinioetara joaten ziren sarri. Ondoren, ibilaldiko argazkiak ikusten genituen etxean. Momentu polita izaten zen”, azaldu du Agirrek. Bideo kamera bat ere erosi zuten, eta film labur bat egin zuten anaien artean. Ikasketak hautatu behar izan zituenean, ordea, Javier Agirrek ez zuen zaletasun hura kontuan hartu. Elektronika ikasi zuen, Bidasoa Institutuan: “Hura amaituta, ikaskide batek animatu ninduen Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan sartzera”.

Andoainen, zinemarekiko txinparta hura garatu zitzaion. “Gogoan dut zinema lengoaia irakasgaiko lehen saioa, Taxi Driver filmarekin. Telebista txiki batean ikusi genuen, baina ondoren etorri zen azalpena gogoangarria izan zen”, adierazi du Agirrek: “Argiztapenak pertsonaiaren psikologia irudikatzeko zeukan ahalmenak harrituta utzi ninduen”. Gogoan du, era berean, Iparralde Etorbidean zegoen Avenida zinemara joaten zela. “Ikaragarri gustatzen zitzaidan teloia zabaltzen zen unea. Tamalez, hori jada ez da gertatzen”, nabarmendu du Javier Agirrek: “Linternarekin errieta egiten zigun gizonarekin elkarrizketa interesgarriak eduki izan ditut, gerora”.

Badu beste oroitzapen bat, zinemarekin lotutakoa, bere ibilbidean funtsezkoa izango zena. Zinemara bidean, Fernando Larruquerten Lamia estudioko erakusleihoaren aurrean geratzen zen, txundituta: “Oteizaren erretratu batzuk gogoratzen ditut, ikaragarriak. Zer nolako konposizioak, pertsonaiaren inguruko informazioa emateko gaitasuna zutenak”. Pasioz hitz egiten du Javier Agirrek argazkilaritzaz eta zinemaz. Eta gogoan du, artean Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan ari zela, enpresa batean lanean hasteko elkarrizketa egin zuela: “Arduradunak emozioz beterik ikusi ninduen, eta lanpostua ez hartzera eta ikasten jarraitzera animatu ninduen”. Badirudi ez zuela hutsik egin.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude