Guraso hasiberrien beldurrak: Komunitatearen elkartasuna, positiboa ote?

 

mapi2

Beldurraren emozioan sakondu nahirik, nondik hasi galdetu diot neure buruari, eta maiz ikusten dudan adibide edo egoera bati buruz gogoeta egiten hasi nahi nuke oraingoan. Seguruenik, maila batean edo bestean guraso guztiok bizi izan dugun egoera da, batez ere haur jaioberria genuenean.
Lehen aldiz guraso izan behar dugunean gehienetan ilusioz beteriko garai bat pasatzen dugu: zain gaude, gogoz gure haurra ikusteko eta bizitza berri bat hasteko. Gogoak, ilusioak, pozak eta maitasunak hor daude pil-pilean, baina emozio positibo horiekin batera ere BELDURRAK eta segurtasun faltak azaltzen dira: osasuntsu jaioko da? erditzean indartsu izango naiz?
Emozio eta sentimendu positiboekin batera beldurrak sentitzea normala eta osasuntsua izan daiteke, bidera-tzen ikasten badugu.
Nola ez gara, bada, beldurtuta sentituko inork irakatsi ez digun rol hau burutzeko?
BELDURRA EMOZIOA DA, arriskua, min fisiko edo psikologikoa jasan daitekeela ohartzean sentitzen dugun emozioa. Arriskutik babesten gaitu, ingurunera moldatzen lagunduz.
Guraso gisa sortzen zaizkigun beldurrak anitzak dira eta gure haurraren heziketan adi egoten laguntzen gaituzte; berez beharrezkoak dira, baina gureak direla ahaztu gabe. Guk ere geure beldurren kontzientzia hartzea garrantzitsua da oso, haiek ulertu, onartu eta erregulatzen ikasi, geure haurrei transmititu gabe. Haurren hezkuntzan ingurunera adi egon behar dugu, behatu, egon, entzun, ulertu… baina ez bagara horietaz jabetzen edo ez badugu gogoeta egiten, geure beldur irrazionalak intseguritatea edo arrazoirik gabeko beldurrak transmititu ahal dizkie haurrei.
Beraz, guraso berrien (ez hain berrien ere) beldurrak normalak dira, onartu eta ulertzea garrantzitsua da. Berria naiz nire haurraren zainketan, eta nahiz eta beste haurrak hezi izan, nireek emozio piloa sortzen didate: goxotasuna, maitasuna, ilusioa… baina hauekin batera beldurra ere. Nire beldurra entzutea positiboa izan daiteke, heziketan adi egoten laguntzen baitit, eta emozio horren bidez nire haurrekiko harremanean elkarrekin emozioak erregulatzen ikasteko bidea eraikitzen ikasten dut. Haurraren etapa guztietan nik guraso gisa koka-tzen joan behar dut, nire emozioak entzuten eta eguneroko elkarrekintzetatik elkarrekin ikasiz.
Baina zer behar dute guraso berriek? Zer eskain diezaiekegu komunitate bezala?
Gurasoen ekintzen epaiketa? Ongi edo gaizki egiten ari diren adieraztea? Noski ez, baina… ez al da hori gehienok egiten duguna? Guraso berriek (guraso guztiok) komunitatearen elkartasuna eta ulerkortasuna behar dute, ez intseguritatea edo mezu ez argiak. Entzuten dugunean ohartuko gara gu ez ginela (ez gaudela) haien zalantzetatik oso urrun eta, konparaketak egin beharrean, goazen entzutera eta haien lekuan ipintzera. Pertsona bakoitza mundu bat gara eta guraso edo haur bakoitza bakarra eta errepika ezina, anitza eta aniztasunean ederra.
Bularra ematearen (edoskitzearen) adibidea jar dezagun: argi utzi nahi nuke gaur egun bularra ematearen onurak handiak direla eta komunitateak erraztasun guztiak ipini beharko lizkiekeela amei zeregin eder honetan laguntzeko. Baina demagun ama batek (eta uste baino gehiago dira) hainbat arrazoirengatik ezin duela bularra eman. Ez al ditugu ama hauek epaitzen? Eta ezin denean, hamaika saiakera egin arren, ezin al dizkiogu haurrari bere garapenean behar dituen behar afektibo emozionalak berdin eskaini?
Nire ustez, bai, haurrak lehen aldi honetan behar duen modua eskaintzen badiogu. Bularra ematean begirada, ukipen eta kontaktu fisikoarengandik hurbilago gaude, baina biberoi edo txupetearekin modua ere manten dezakegu, mantentzea funtsezkoa da.
(Hurrengo zenbakian jarraituk du)
Mapi Urresti Ortiz
KUTTUN aholkularitza
psikopedagogikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude