Atal honetan beste familia eredu bat aztertuko dugu: banandu diren guraso eta beste bikotekide berri batekin bizi direnena.
Bikoteak banan daitezke, eta gero bakoitzak beste maite bat aurkitu. Zergatik ez? Bizitza bakarra da eta ez genuke egon behar gustura ez gauden leku batean, ezta ezer onik jaso-tzen ez dugula sentitzen dugun toki batean ere. Baina haurrak edo gazteak tartean daudenean oso garran-tzitsua da egoera berri honetara egokitzen laguntzea. Haurrek ez dute banantzea ala ez erabakitzen, eta gehienek familia estandarra bezalakoa izan nahi dute.
Banantzea arazo bilaka daiteke bi arrazoi nagusi hauengatik:
– Haurrak bere barnean sistema familiarra banaezina dela uste duelako. Historian zehar gizarteak, tamalez, familia eredu bakarra bultzatu du; elkarrekin bizi diren ama, aita eta anai-arrebak osotzen dutena. Oraindik orain eredu hori bultzatzen da, nahiz eta erreala ez izan: ezkontzen diren bikoteen ia erdia banandu egiten dira.
Beraz, haurrei sistema familiar ezberdinak badaudela adierazi behar zaie, baita denak onak direla ere: beste bikotekideak izan ditzaketen etxe ezberdinetan bizi diren gurasoak, haur adoptatuak edo harreran dituzten familiak, bi ama edo bi aita dituztenak, ama edo aita bakarra dutenak….
– Banantzea arazo larria bilakatzen da gurasoen jokaera ezkorra denean: haurrenganako tutela arazoak, beraien arteko gutxiespenak, haurrak bereganatu nahiak… Egoera negatibo hauek gurasoekin duen harremana puska dezakete eta haurra abandonatua sentitzen da; bere barnean harreman sendorik ez duela senti dezake.
Beraz, ondorengo puntuak kontutan hartzea komenigarria da:
• Bi gurasoek egoera berria onartu eta harremanak onak izatea lortu behar dute: lasaitasunez hitz egin, ongi komunikatu mezuak, gaizki ulertzeak ongi argitu….
• Haurrari babes afektiboa eman behar zaio egoera berrira ohi-tzeko. Egoera berri horrek ez duela maitasun eta arreta gutxiago suposa-tzen, eta bai aitak bai amak izugarri maite dutela sentiarazi behar diote. Haurrak seguru sentitu behar du.
• Gurasoek ez diote bere lehengo bikoteaz gaizki hitz egin behar haurrari. Haurra liskarretatik aldentzea funtsezkoa da. Bestelako espazioak bilatu lehengo bikotekidearekin hitz egiteko eta, ahal dela, gaizki ulertzeak edo ezadostasunak konpondu era positiboan.
• Ongi antolatu haurrekin egoteko tarteak eta hitzartutakoak bete. Aldaketak badaude, haurrari aldez aurretik adierazi naturaltasun osoz.
Gurasoetariko batek bikote berria duenean:
• Haurrari argi eta garbi esan behar zaio bikote berria ez datorrela bere ama edo aita biologikoa ordeztera. Bikote berria lagun berezia da, senargaia edo emaztegaia da lehenik, eta aurrerago ikusiko da zer harreman eraikitzen den haurrarekin.
• Haurraren inguruko erabaki nagusiak guraso biologikoek hartuko dituzte. Halere, ama edo aitaren bikotekideak haurrarekin harreman ederra eraiki dezake helduok edozein haurrekin eraikitzen dugun bezalaxe. Harreman segurua: entzun, jolastu, enpatizatu, eman, baloratu, begiratu… Mugak ipintzea ere ondo dago. Bikotekidea eta aita edo ama biologikoa haurrekin daudenean komenigarria da amak edo aitak ipintzea muga edo erreferentziak, baina bakarrik egonez gero berari dagokio, edozein helduri dagokigun bezalaxe.
• Maiz gertatzen da haurrak edozein gauzarengatik haserretu eta gurasoen banantzea edota ama edo aita kendu izanaren sentimendua bikote berriari leporatu egiten diola. Beraz, bikote berriari egozten dizkio bere haserreak. Haurra ulertzea fun-tsezkoa da. Bikotekideak minduta sentitu dela esan eta haurra egindakoarengatik damutzea edo barkamena eskatzea itxaron behar du. Garrantzi-tsua da gertaera edo liskar hauek modu pertsonalean ez hartzea. Bikotekidea onartua izateko, haurra kontuan hartu behar da, entzun eta errespetatu, elkarrekin adostasunak bilatuz eta leku bat emanez.
• Zenbait kasutan, ama edo aitaren bikoteari “ama” edo “aita” deitu nahi dio haurrak, ama edo aita biologikoa gutxi ikusten dutelako edo ikusten direnean kalitatezko harremanik ez dagoelako. Haurren desioa errespetatu behar da, baina argi utziz baduela beste ama edo aita biologiko bat. Aita edo ama biologikoarekin harreman sendoa ez bada, iritsiko da une bat non haurra harreman horretaz ohartuko den eta seguru asko laguntza profesionalarekin aztertu beharko duen.
Denok behar dugu leku bat gizartean eta eredu anitzek denoi zoriontasuna ematen digute. Ni neu garrantzitsua banaiz, besteak ere bai. Beraz, goazen leku bat ematera hain zabalduak ez dauden familia-ereduei. Beti haurra entzun, bere sentimenduak jaso eta bere bidea eraiki. Banantzeak eta aldaketak ez dira inoiz errazak; baina erabakia hartuta dagoenean, partaide guztien bizi kalitatea ona izan dadin, denek beren aldetik jartzea beharrezkoa da. Gora aniztasuna!!!!
Mapi Urresti Ortiz
kuttun.kuttun@gmail.com