“Gure artean” programa Bitartekaritza Soziokulturaletarako Programaren barruan kokatutako ekimena da. Programak bertako emakume boluntarioak eta Irunen bizi diren emakume migratzaileak elkartzea du helburu. Emakume migratzaileei Irun ezagutarazteko eta hirian moldatzen laguntzeko aukera ematen zaie eta, horrela, Irungo gizartean integra daitezen eta parte har dezaten bultzatzen da. Gaur Emakumeen Etxean egindako aurkezpenean Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak programako parte-hartzaileekin batera azaldu da.
Formatu libreko bileren bidez zertzen da ekimena, eta, haietan, gizarte gaiak lantzen dira (ohiturak, kultura, baliabide eta zerbitzuak…), baita parte hartzaileen garapen pertsonal eta profesionalaren inguruko gaiak ere, hala nola prestakuntza eta enplegu bilaketa.
Gizarte Ongizateko ordezkariak nabarmendu duenez, emakumeak, emakume izate hutsagatik, diskriminatuak dira, baina emakume migratzaileek, gainera, beste zaurgarritasun alderdi bat dute. Cristina Labordaren hitzetan, “bada, programa honen bitartez, babesa jasotzeko eta ahalduntzeko espazio seguru bat eskaini nahi diegu”.
Gaur egun, 30 bat emakume ari dira programan parte hartzen, eta, egunetik egunera, emakume gehiago batzen dira beren esperientzien berri ematera. Gizarte Ongizateko ordezkariak gaineratu duenez, “emakume migratzaileak eta ez-migratzaileak elkartu nahi ditugu, batzuek besteei beren esperientzien berri emanda harremanak sor daitezen eta, azken finean, ikus dezagun gauza gehiago direla komunean ditugunak bereizten gaituztenak baino”.
Izena emateko aukera, urte osoan
Gizarte Ongizateko arduradunek jakinarazi dutenez, aurten, berritasun bat izango da: urte osoan eman ahalko da izena programan. Horrela, parte hartzeko interesa duten emakumeek 943 505 635 edo 602 218 196 telefono zenbakira deitu behar dute: astelehenetik asteazkenera bitartean eta ostiraletan, goizez, 09:30etik 13:00etara, eta ostegunetan, arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara.
Parte hartzaileek bi txanda dituzte aukeran: bata, ostiraletan, goizez, 10:00etatik 11:30era bitartean, eta bestea, ostegunetan, arratsaldez, 16:00etatik 17:30era bitartean. Saioak astean behin dira, eta kontuan hartzen da eskola egutegia, hau da, eskola oporrak. Izen ematea doakoa da, eta parte hartzaileek bertaratze ziurtagiri bat jasotzen dute.