GURUTZ AGINAGALDE, eskubaloi atezaina: “Nire adinean, motibazioa eta ilusioa oso garrantzitsuak dira aurrera egiteko”

Ezusteko dei batek neguko oporrak eten zizkion Gurutz Aginagalde Naturhouse La Rioja eskubaloi taldeko atezainari. Pozarren dago, baina. Sekula ahaztuko ez duen esperientzia bizi ahal izan baitu hari esker. 39 urterekin, Espainiako eskubaloi selekzioaren deialdian sartu da atezaina, aurrenekoz, Domingo Bárcenas Mermorialerako. Irunen jokatu dute gainera nazioarteko txapelketa, bigarren aldiz segidan. Urtarrilaren 6an egin du debuta, Espainia-Polonia norgehiagokako bigarren zatian. Artaleku kiroldegiko atean izan da, eskubaloian lehen urratsak eman zituen tokian. Julen Aginagalde anaia izan du ondoan kantxan, talde berean, eta senideak eta lagunak harmailan. “Ezaugarri guzti horiek ametsa borobildu egin dute”, onartu du Aginagaldek.
Espero al zenuen, ia 40 urterekin, Espainiako selekzioaren deia?

Sorpresaz hartu nuen, adinagatik, eta 22 urteko ibilbidearen ondoren iritsi zaidalako. Nire egoeran, deialdietatik kanpo egotea da ohikoena. Dena den, kirolari guztiok daukagun ametsa da, eta oso pozgarria izan da.

Anaia gaztea zenuen taldean. Errazagoa izan al da integratzea?

Oso erosoa izan da, egia esan. Anaia edukitzeak laguntzen du, jakina. Hala ere, denekin jokatutakoa nintzen, batzuekin taldekide, besteen aurkari. Mundu txikia da eskubaloiarena, eta denok ezagutzen dugu elkar. Harreman ona dugu, beraz, taldeko giroa polita da. Jordi Ribera hautatzailea ere ezagutzen nuen, entrenatzaile izan bainuen Bidasoan.

Ezustekorik izan ezean, ez zara Munduko Txapelketako taldean izango. Edonola ere, nola ikusten dituzu taldekideak?

Egia da egoera berezi batean etorri naizela, baina sekula ez da jakiten gero gauzak nola joango diren. Irungo egonaldian izate hutsa oso garrantzitsua izan da niretzat, eta ahalik eta gehien gozatzen ahalegindu naiz.

Taldea oso ondo ikusten dut. Joan den urtean Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ziren, eta azken erreferentzia hori dugu. Baina ziklo olinpiko horretan jokatutako beste lau txapelketetan, finalerdietatik gora egon dira denetan, eta hiru domina lortu dituzte. Meritu hori aitortu behar zaie. Taldearen multzorik handiena berdina da, eta konfiantza edukitzeko arrazoiak daude.

Esperientzia oso garrantzitsua da atezainaren lanean”
Errioxako ardoak bezala, hobera egin duzu adinarekin. Gustura zure egungo mailarekin?

Arlo fisikoan ez dut inolako arazorik. Eta esperientzia, azkenean, oso garrantzitsua da atezainaren lanean. Bárcenaserako deialdiaren aurretik, Jordi Riberak aurreratu zidan Munduko Txapelketarako lau atezainen zerrendan egongo nintzela. Nire partida asko ikusi izan dituela, eta nigan konfiantza handia duela esan zidan.

39 urterekin Logroñon oraindik Txapeldunen Liga jokatzen nabil, eta Asobal Ligan, urte asko daramatzagu bigarren tokian, Bartzelonaren atzetik. Nire adinean maila horretan ibili ahal izatea oso pozgarria da.

“Bidasoan ez nuen klubaren eta garaiko entrenatzaileen konfiantza sentitzen”
Artalekun eman zenituen lehenengo urratsak. Zergatik utzi zenuen Bidasoa, 2005ean?

Denboraldi asko neramatzan, eta urtero-urtero, beste atezain bat ekartzen zuten, atea indartzeko asmoz. Etxekoa nintzen, eta ez nuen klubaren eta garaiko entrenatzaileen konfiantza sentitzen. 26 urterekin, aurrera pauso bat ematea erabaki nuen, noraino iristeko gai nintzen ikusteko asmoz. Minutu gehiago eskainiko zizkidan talde bat bilatu nuen.

2003an sortu zen BM Ciudad de Logroño. Nolatan hautatu zenuen horren talde gaztea?

Zalantzak eragiten zituen, baina proiektu polita zirudien, itxura ona zuen. Gainera, etxetik gertu zegoen. Denborarekin, agerian gelditu da asmatu egin zutela. Klubak gora egin izan du beti. Krisi garai gogorrenetan ondo egin dituzte gauzak, eta hori ez da batera erraza. Nire bilakaera ere ona izan da, oso pozik nago momentu hartan hartutako erabakiarekin.

500 partida bete dituzu aurten Logroñon. Ikurra zara klubean.

Urte asko daramatzat, jokalari beteranoena naiz, diferentzia handiarekin, gainera. Nire burua maitatua eta miretsia sentitzen dut. Nire adinean, motibazioa eta ilusioa edukitzea oso garrantzitsua da aurrera egiteko. Nik Logroñon aurkitzen ditut horiek.

Noiz arte uste duzu izango zarela eskubaloian jarraitzeko gai? Non?

Askoz gehiago ezin izango dut luzatu. Momentuz, ea aurtengo denboraldia ondo bukatzen dudan. Ikusiko dugu hurrengoan zer gertatzen den. Baina tira, momentuz ondo nago, bai arlo fisikoan, baita psikologikoan ere. Motibazio txiki hauek, gainera, asko laguntzen dute ilusioa mantentzen. Gorputzak laguntzen duen bitartean, burua fresko baldin badaukat, jarraitzeko aukera izango dut. Non? Ez dakit. Gauzak egun batetik bestera alda daitezke. Ekainean ikusiko dugu non izango den.

Nola ikusi duzu Bidasoaren bilakaera, azken urteotan?

Bigarren Mailako urteak ongi aprobetxatu ditu. Alde batetik arazo ekonomikoak konpontzeko, eta bestetik, arlo sozialean aurrera pauso bat emateko. Gaur egun Artalekura gerturatzen den jende kopurua ikustea besterik ez dago. Jende gazte asko egoten da gainera, eta hori klubaren osasunaren seinale da.

Kirol arloan, nik uste bide ona daramatela. Berdintasun handia dago Asobal Ligan, baina partida onak egin dituzte, eta mailari eusteko aukera asko dituztela esango nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude