Haimar Etxeberria txirrindulariak Flandeseko Junior Mailako Mundu Txapelketan parte hartu du

Haimar Etxeberria Flandesen jokatu den Junior Mailako Munduko Txapelketan lehiatu da. Kirolariak erlojupeko eta ordekako proban lehiatu zen. Txirrindulari irundarrak, ordea, ez zituen esperotako emaitzak lortu, arazo mekanikoak eta erorketa bat tarteko. Haimar Etxeberriak Belgikan bizitako esperientzia errepasatu du.

Nola lortu zenuen Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera?
Txapelketa honetan egon ahal izatea denboraldi osoan zehar lortutako garaipenen emaitza izan da. Lasterketa asko egin ditugu urte osoan zehar, zehazki, 40, egindako lasterketa guztiak zenbatu bainituen atzo. Beraz, denboraldian zehar egindako lasterketa guztietan emaitzak onenak lortu ditugun txirrindulariek izan dugu Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera.

Flandesera joan aurretik, Hungarian eta Txekiar Errepublikan lehiatu zinen. Zer moduz ibili zinen bertan?
Oso esperientzia polita izan da. “Nations Cup” txapelketa maila altuko txapelketa da. Selekzio bakoitzeko sei kirolarik parte hartu dezakete bertan. Hungariako azken etapetan oso eroso sentitu nintzen, zortzigarren postu bat lortu nuen eta, hortik, Txekiar Errepublikara gogo askorekin iritsi nintzen. Txekiar Errepublikan ibilbidea aldapatsua da, Euskadikoaren antzekoa, eta etapa batean 5. postua lortu nuen eta bestean 8. izan nintzen, beraz, oso pozik geratu nintzen lortutako postuekin eta sentsazioekin.

Kirolari gaztea izanda, aukera aparta da Munduko Txapelketan lehiatzea?
Bai, Munduko Txapelketa batean lehiatzea amets bat da. Hungarian eta Txekiar Errepublikan lortutako postuen ostean emaitza on bat lortu nezakeela uste nuen, fisikoki inoiz baino hobeto nengoelako. Zorte txarra izan dut, baina gaztea naiz, beraz, gertatutakoa atzean utzi eta hurrengo batean pentsatzen hasteko garaia da.

Flandesen erlojupekoan eta ordekakoan lehiatu zinen. Zein modalitateetan sentitzen zara erosoago?
Aurten Euskadiko Txapelketako Erlojupekoa irabazi nuen, baina hemengo lasterketek gorabehera gehiago dauzkate, hangoak guztiak lauak diren bitartean. Erlojupeko on bat egin ahal izateko ibilbide gorabeheratsuak nahiago ditut, errepidean hobeto moldatzen bainaiz.

Nola moldatu zara ibilbide laura egokitzeko?
Beldur apur bat pasatu nuen. Hemen 42 km/h abiaduran ibili ohi gara lasterketetan eta han 52 km/h-ra. Erlojua begiratzen nuen, baina ez gehiegi, abiadura handia denez bihurguneetan erorketak saihesteko adi egon behar baitzara. Denetarik ikasi behar da.

Erraza da txapelketen aurretik urduritasunak kontrolatzea?
Ni neure buruarekin oso zorrotza naiz eta asko eskatzen diot. Beraz, urduritasunekin nahiko ondo moldatzen naiz eta uste dut presioa ondo kudeatzen dakidala.

Erlojupeko proban arazo mekanikoak izan zenituen?
22 kilometroko erlojupekoa zen eta 17. kilometroan ez nuen ondo ikusi eta zulo batetik pasatu nintzen. Ondorioz, katea atera zitzaidan eta gertatutakoa konpontzea lortu nuenean albotik pasa ziren beste txirrindulari batzuen atzean sartu nintzen. Kotxetik 15 metrora joan behar nuela esaten zidaten. Helmugan, berriz 25 metrora joan behar nintzela esan zidaten eta deskalifikatu egin ninduten. Katea atera ostean horrek berdin zuen, lortu behar nuen postua txarra izan behar zelako.

Ordekako proban erorketa bat izan zenuen. Minik hartu zenuen?
Zirkuituak bihurgune asko zituen eta horietako batean erori nintzen. Besoan min apur bat daukat oraindik, baina ezer larria ez izatea espero dugu. Bizikleta ere kolpearen ondorioz hondatu egin zitzaidan, pieza bat guztiz okertu zen eta abiadura-aldagailuak ez zuen ondo funtzionatzen. Beraz, Munduko Txapelketa hor bukatu zen.

Nola kudeatzen duzu egoera gauzak nahi ez bezala ateratzen direnean?
Zorte handia dut, inguruan nire txapelketak gertutik jarraitzen dituzten senide eta lagun asko dauzkadalako. Lehengusu, aita, amona eta beste pertsona askoren babesa sentitzen dut eta beraiekin hitz egiteak asko laguntzen nau. Aita eta lagun batzuk munduko txapelketa zuzenean ikustera etorri ziren eta egun hauetan beraiekin egoteak asko lagundu dit.

Zerbait ikasteko aukera izan duzu?
Maila honetako lasterketetan lehiatzean eskarmentu handia zeureganatzen duzu. Gaztea naizela badakit eta pixkanaka esperientzia lortzen joan behar dudala, aurrerago profesionala izatera iristeko.

Txapelketaz gain, Flandesen giro politaz gozatzeko aukera izan zenuen?
Bai, esperientzia izugarria izan da. Oso ondo gogoratzen dut, zirkuitua ikustera joan ginenean sprint batzuk egin genituela gorputza aktibatzeko eta Aranburu eta Gorka Izagirreren gurpiletara itsatsita joan nintzela. Momentu berezia izan zen, duela gutxi telebistan edo Itzulian Hondarribiko irteeran ikusi bainituen eta haiekin argazki bat ateratzea eskatu nien. Polita izan zen nire burua haien alboan ikustea.

Noizbait Munduko Txapelketara itzuli eta emaitza hobetzeko aukerarik ikusten duzu?
Horretarako ahaleginduko naiz. Orain 23 urtez azpiko mailara pasako naiz eta kategoria berri horretan lehen urtea zaila izango bada ere, dena emango dut. Lehen urtean ahal dudan guztia ikasten saiatuko naiz, datozen urteetan emaitza onak lortzeko.

Zeintzuk dira zure hurrengo kirol hitzorduak?
Aurtengo denboraldia amaitu berri dut. Otsailetik astebururo txapelketak izan ditut. Egun batzuk hartuko ditut lasaiago ibili eta deskantsatzeko, bi edo hiru aste barru berriro ere martxan jarri aurretik. Orduan hasiko naiz denboraldi berria prestatzen.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude