Halterofilia pisua altxatzea baino zerbait gehiago delako

Argazkia: Estudio Gover.

Irunen, beste kirol askoren artean, halterofilia ere praktikatzen da. Bidasoa Halterofilia Taldeak pisuak altxatuz bere buruaren kontra lehiatzea gogoko duten horiei halterofilian aritzeko aukera eskaintzen die.  Aroa Arbelaiz, Oier Eguiazabal eta Aner Solanas klubeko kirolariak dira eta kirol bortitza iruditu dezakeen arren, halterofiliaren praktikaz nola gozatzen duten azaldu dute.

Halterofilia oso kirol ezaguna ez denez, ez da erraza hura ezagutzea eta praktikatzen hastea. Esaterako, Oier Eguiazabal gimnasioan hasi zen bere gorputza landu nahian kick boxing-ean hasteko. Gimnasioan hasi eta pisuak altxatzea gustuko zuela ikusita Youtube bidez izan zuen halterofiliaren berri. Aroa Arbelaizen eta Oier Eguiazabalen kasuan, crossfitaren bidez izan zuten halterofiliaren berri. Aroa halterofiliara pasa zen mugimendu horiek gustuko zituela ikusita. Oier, berriz, mugimendu horiek hobetu nahian hasi zen halterofilia maiztasun gehiagorekin praktikatzen.

“Halterofilian zure aurka lehiatzen zara, beraz, ez du zentzurik beste kideekiko lehiakortasuna bilatzeak”

Oier Eguiazabal, halterofiliako kirolaria

Beraientzat ezezaguna zen kirola probatu eta horretan dabiltza oraindik hirurak. Kirolean bakarka aritu arren, Oier Eguizabalek adierazi du klubean kideen artean laguntasun handia dagoela eta asko laguntzen diotela elkarri. Klubean hasiberritan bertan topatu zuten giro onarengatik erakarriak sentitu ziren Aroa eta Aner. “Nahiz eta ariketa zehatzen bat ez atsegin, pixkanaka gustua hartzen diozu”, gaineratu du Anerrek.

Beste kirol batzuekin alderatuta, Oier Eguiazabalek azaldu du, “halterofilian zure aurka lehiatzen zara, beraz, ez du zentzurik beste kideekiko lehiakortasuna bilatzeak”. Eguiazabalen ustez kirol “objektiboa” da halterofilia, bakoitzaren aldarteak ez baitu altxatu beharreko pisuan eraginik, beti berdina izango baita. Aroa Arbelaizen ustetan bakoitzaren gaitasunen bilakaeran dago kirolaren xarma. Aroak adierazi duenez “egunak igaro ahala egindako progresioa ikusten duzu”, eta horrek hobetzen jarraitzera motibatzen ditu. Aner Solanasek eguneroko lanaren garrantzia azpimarratu du, gero emaitzetan garbi ikusten delako. Horretarako, astean hirutan entrenatzen dute Uranzu frontoian. “Egun batetik bestera ezin dituzu 100 kilo altxatu, horren atzetik eguneroko ahalegina dago”, azaldu du Solanasek.

Halterofilian egiten diren mugimenduak bi multzotan banatzen dira. Batetik, abiada, ingelesez “snatch” deiturikoa, pisua lurretik burutik gora altxatzea. Bestetik, bi denbora, “clean and jerk”,  izeneko mugimenduan berriz, pisuaren altxaketa bi zatitan banatzen da: lurretik sorbaldetara eta sorbaldetatik burutik gora. Entrenamendu guztietan txapelketetan egiten diren bi mugimendu motak lantzen dituzte. “Mugimenduak praktikatu aurretik, entrenamenduetan teknika errepasatzen dugu, gero potentzia eta azkenik indarra”, azaldu du Oier Eguiazabalek. Eguiazabalek esandakoarekin bat dator Aner Solanas: “altxaketak ondo egiteko teknika eta mugikortasuna ondo lantzea funtsezkoa da”. Teknika ondo barneratu arte pisu gutxirekin aritzen dira eta teknika menperatu ahala pisua igotzen doaz.

Halterofilia zuzenean indarrarekin lotu ohi den arren, Aroa Arbelaizek aipatu du erresistentziaren lanketa ere funtsezkoa dela. “Entrenamenduetan errepikapen asko egiten dira pisuarekin eta hori jasateko gaitasuna izan behar da”, azaldu du Arbelaizek. Aner Solanasek aipatu du kanpotik ikusita halterofilian dena indar kontua dela iruditu dezakeen arren, ariketak errepikatzerakoan asko laguntzen du erresistentzia on bat izateak.

“Helburua beti bakoitzak ahal duen guztia altxatzea da, baina horrek lan jarraia eskatzen du”

Aroa Arbelaiz, halterofiliako kirolaria

Entrenamenduen maiztasunaz gain, elikadura zaintzen ere ahalegintzen dira. Dena den, Oier Eguiazabalek azaldu du ez dagoela indarra irabazteko dieta edo elikadura “zehatzik”. Aparteko gauzarik egin gabe, proteina kopurua zaintzen saiatzen dira osasuntsu daudela ziurtatzeko. Anerren hitzetan, “modu osasuntsuan elikatzen saiatzea da egin beharreko gauza bakarra”. Izan ere, pisuz aldatzeak gastu energetikoaren aldaketa dakar, beraz, aldaketa hori jasan ahal izateko ondo elikatua egotea garrantzitsua da. Gainera, kirol honetan belaunek eta tendoiek asko sufritzen dutenez, elikatzerakoan hori ere kontuan hartu beharreko zerbait da lesioak saihesteko. Era berean, ur asko edatea eta edari isotonikoak kontsumitzea ere lagungarria izan daitekeela azaldu du Aner Solanasek.

Pisuzko txapelketak

Oier Eguiazabalek txapelketen funtzionamendua nolakoa den azaldu du: “Bakoitzak hiru saiakera dauzka bai abiadan zein bi denborako proban”. Txapelketetako proben helburua kirolari bakoitzak ahal duen pisu guztia altxatzea da. Hori erabakitzeko entrenamenduetan altxatutako pisuan oinarritzen dira eta portzentajeak erabiltzen dituzte horretarako. Aner Solanasek azaldu duenez, entrenamenduetara iritsi eta pisu baxuekin hasten dira lanean, pixkanaka handitzen joateko, gehieneko pisua lortu arte. Beraz, entrenatzaileak programatzen dizkie entrenamenduetan altxatu beharreko pisuak. “Helburua beti bakoitzak ahal duen guztia altxatzea da, baina horrek lan jarraia eskatzen du”, adierazi du Aroa Arbelaizek.

Halterofiliako egutegiak ere ez du zerikusirik gainerako kirolek izan ohi duten txapelketa denboraldiarekin. Txapelketen kopurua aldakorra da, kirolariak ligaren barruan lehiatzen ari diren edo ez kontuan hartuta. Izan ere, txapelketak zikloka antolatzen dira eta txapelketen artean atseden hartu ordez, gehiago eta gogorrago entrenatzeko aprobetxatzen dute. “Beste klub batzuetan liga jardunaldiak antolatzen dituzte klubeko kideen artean lehiatzeko, baina guk jende gehiago beharko genuke klubean horrelakoak egin ahal izateko”, adierazi du Aner Solanasek. Horrelakoak antolatu ahal izateko 6 kideko taldeak osatu eta marka minimo batzuk izan behar dituzte.

Marka pertsonalak

Kirol honetan izandako aurrerapena neurtzeko modurik egokiena kirolari bakoitzak lortutako marka pertsonalak begiratzea da. Oier Eguiazabal abiadan 100 kilo altxatzera iritsi da, bi denboran 120 kilo eta kukubilkatzea eginez bi denboran 170 kilo. Aroa Arbelaizi bere marka onenez galdetuta, abiadan 75 kilo, bi denboran 85 kilo eta kukubilkatzea eginez 133 kilo. Aner Solanasek, berriz, abiadan 90 kilo, bi denboran 120 kilo eta kukubilkatzea eginez 160 kilo.

“Altxaketak ondo egiteko teknika eta mugikortasuna ondo lantzea funtsezkoa da”

Aner Solanas, halterofiliako kirolaria

Hiru kirolariek azpimarratu dute halterofilia kirol merkea dela, klubak halterofilian aritu ahal izateko material guztia ematen baitie. “Urtean 80 euroko kuota ordaindu eta beharrezko guztia estaltzeko nahikoa dugu horrekin, asegurua barne” adierazi du Oierrek. Klub txiki bat izateaz gainera, udalak entrenatzeko lekua uzten die. Aner Solanasen hitzetan, “entrenatzaileak jartzen digun baldintza bakarra da txapelketak iristen direnean horietan parte hartzea”. “Aurten ekipamendu berria egin dugu eta hori bai guk geuk ordaindu dugula”, gaineratu du Aroa Arbelaizek.

Kirolarien hirukoteak kirola probatzera animatu ditu halterofilia zertan datzan hobeto jakin eta sentitu nahi duten interesatuak. Aipatu bezala, klub txikia izan arren, giro atsegina da nagusi bertan eta kide berriak hartzeko desiratzen daude. Aroa Arbelaizek azpimarratu duenez, batez ere neska gehiago behar dituzte, taldean gutxi dira eta. Kirolaz gehiago jakin nahi dutenek klubak Instagramen duen @bht_halterofilia_irun kontua erabiliz jarri daitezke beraiekin harremanetan. Horrela, edonori zabaltzen diote halterofilia ezagutu eta klubera batzeko aukera.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude