Ekainaren 1etik 3ra egingo dute azkoa Ficoban
Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo iraunkorraren azoka da Bioterra. 2004 urtean sortu zen, 70 erakusketari eta 6.000 bisitari ingururekin. Gaur egun, kopuru horiek nabarmen handitu ditu, 170 erakusketari eta 12.000 bisitarirekin. Sektoreak azken urteetan izan duen bilakaeraren isla da azoka. Izan ere, Ficobako hiru pabiloiak eta kanpoko parkina hartuko ditu ekainaren 1etik 3ra.
Nekazaritza ekologikoa da Bioterra azokaren zutabe nagusietako bat. ENEEK Euskadiko Elikaduraren eta Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak koordinatuta eta babestuta, haien produktuak eskainiko dituzte Euskal Herriko eragile ekologikoek. 108 metro karratuko espazioa edukiko dute, EkoEuskadi izenekoa. Arantza Eguskiza ENEEKeko presidenteak Bioterraren balioa azpimarratu du: “Euskal Herriko publikoarekin harreman zuzena edukitzeko topagune garrantzitsua da”. Nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazioa emango du ENEEKek Ficoban. Gainera, familientzako antzerkiak eta tailerrak eskainiko ditu.
“Publikoarekin harreman zuzena edukitzeko topagune garrantzitsua da Bioterra”
Arantza Eguskiza, ENEEKeko presidentea
ENEEKeko Arantza Eguskizak azpimarratu du produktu ekologikoen kontsumoa %14 hazi dela estatuan, 2017an. Produktu ekologikoen salmentarako 26 establezimendu babesten ditu ENEEKek EAEn. Gainera, transformazio eta komertzializazio enpresen kopurua nabarmen handitu da, 75 ziren 2016an, eta 95, aldiz, 2017an. Horien %44 Gipuzkoan daude, gehienak okindegiak, kontserba begetalen ingurukoak, sagardoaren produkzioan ari direnak, esnekien transformazio enpresak, eta zatitze aretoak.
Moda iraunkorra eta gastronomia ekologikoa
Sektore anitza da Bioterrak lantzen duena. Modak ere tokia edukiko du, esate baterako, Espainiako Moda Iraunkorraren Elkartearen eta Gipuzkoako Moda Klusterraren eskutik. Garbiñe Tolosa Maripuri Tijeritas enpresako arduradunak moda iraunkorraren balioa aldarrikatu du: “Benetako ehungintza produkzio iraunkorra ez da merkea, kalitatezkoa bai, ordea. Horrelako kontsumoak, planeta babesteaz gainera, lanpostuak sortu eta tokiko ekonomia aberasten du”.
“Pozgarria da ikustea elikadura iraunkorraren inguruko interesa eta kezka handitu direla”
Xabier Mendizabal, El Curry Verde jatetxeko arduraduna
Gastronomia ekologikoa ere presente egongo da Bioterran, Sukaldean espazioan. Xabier Mendizabal Hondarribiko El Curry Verde jatetxeko arduradunak munduko sukaldaritza begetarianoaren inguruko erakustaldia eskainiko du. Bioterra azokak bere negozioan izan duen eragina azpimarratu du Mendizabalek: “Hornitzaile berriak ezagutzeko eta harremanak indartzeko aukera eskaintzen du Bioterrak. Ikuspegi zabalago bat kontuan hartuta, pozgarria da ikustea elikadura iraunkorraren inguruko interesa eta kezka handitu direla. Gure bezeroen artean antzematen dugu hori”.
Ekainaren 1ean, 12:00etan zabalduko ditu ateak aurtengo Bioterra azokak. 20:00ak arte irekiko dute ostiralean eta igandean, eta 21:00ak arte larunbatean. 3 euro balioko du sarrerak, baina 12 urtetik beherako haurrak doan sartu ahal izango dira.