Hamar urte bete ditu Iraun Haurreskolak

Ospakizun jendetsua egin dute apirilaren 20an

Ehunka familia bildu dira Iraun Irungo Haurreskolan, hamargarren urteurrenaren ospakizunean. Apirilaren 20an izan da, Konpostela kaleko egoitzan. “Oso hunkigarria izan da”, aitortu du Idoia Carrera haurreskolako koordinatzaileak. Haurreskolatik pasatako haurren familia belaunaldi ezberdinak egon dira, urte ezberdinetako hezitzaileak, praktiketan egondakoak etab: “Xumea izan da, etxekoa, baina oso ederra”.

Irailean martxan jarri zuten urteurrena antolatzeko lan taldea. Gonbidapen gutunak bidali zizkieten familiei, eta harrituta geratu ziren haien erantzun baikorrarekin. “700 lagun baino gehiago genituen izena emanda, eta haurreskolak ez du hainbeste jende hartzeko modurik. Beldurtu ere egin ginen”, adierazi du Idoia Carrerak. Azkenean hiru txanda antolatu zituzten, ospakizuna modu ordenatuan egiteko. Txandak eta ordutegiak aldez aurretik ondo azalduta, primeran atera zen festa.

Txalapartarekin eta agurrarekin jaso zuten familiek harrera. Ondoren, jarduera ezberdinak egon ziren haurreskolan. Argazki erakusketa, alde batetik, azken hamar urteetan haurreskolatik pasatako haur guztien argazkiekin. Terrazan photocall bat egon zen, eta jangelan askaria, guraso batzuen musikarekin girotua. Bestalde, Marte sorkuntza laborategiko arduradunek pintura tailerra eskaini zuten. Ederrena, ordea, haurreskolatik hamar urteetan zehar pasatako jendearekin berriro topatzea izan zela onartu du Idoia Carrerak.

1979 urtean Prudencia Arbide kalean zabaldu zuten haurtzaindegian du jatorria egungo haurreskolak. 2004an, pribatua izatetik Haurreskolen Partzuergoan sartzera pasa zen. 2007an eraikin berria zabaldu zuten Konpostela kalean, eta bertan, hezitzaile lan talde berria egonkortu zen, 2009ko oposaketetan. Gaur egun, 13 langile eta 58 haur daude, 0 eta 2 urte artekoak. “Azken urteetan beheraldia egon da haurren kopuruan, jaiotze tasaren jaitsieragatik eta haurrak, gero eta gehiago, aiton-amonekin uzten dituztelako”, aitortu du Carrerak. Aurten, alabaina, ia betea eduki dute haurreskola.

“Haurrak, gero eta gehiago, aiton-amonekin uzten dituzte”

“Garrantzi handia ematen diogu egokitzapenari eta atxikimenduari”

Idoia Carrera, Iraun Haurreskolako koordinatzailea

Garapenaren erritmoa errespetatzea

Haurreskolako hezitzaileen ezaugarri nagusia da familiekin edukitzen duten eguneroko harremana. Idoia Carrerak azaldu du: “Haurrak oso txikiak dira, eta lehen banantzea izaten da haien familiarekiko. Horregatik garrantzi handia ematen diogu egokitzapenari eta atxikimenduari. Asko zaintzen ditugu materiala eta espazioa”. Haurrak behatzea, haien garapena ezagutzea izaten da lan nagusietako bat. Haien erritmoa errespetatzea: “Sarritan, ibili behar duela, edo hitz egin behar duela, aurreratu egiten gara”.

Euskaraz egiten diete haurrei, orokorrean. “Ikusten baldin badugu ez dutela ulertzen, momenturen batean lagun diezaiekegu. Baina gainerakoan, euskaraz egiten diegu. Sekulako malgutasuna dute hizkuntzak ikasteko”, azpimarratu du Carrerak. 2018-2019 ikasturteko matrikulazio epea maiatzaren 2tik 11ra izango da. Maiatzaren 7an, ate irekietako jardunaldiak egingo dituzte, 17:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude