Hamar urte gotti eta betti

Borondatezko lanean hamar urtetan irautea ez da edonolako marka. Zaila da boluntarioen pazientzia, ilusioa eta gogoa bizirik mantentzea. Baina, oztopoak oztopo, hamarkada bete ondoren, lanean jarraitzen du Betti Gotti elkarteak. 2004. urtean sortu zen Irunen, gazte talde baten ekimenez. Euskal udalekuak mar-txan jartzea izan zen hasierako helburua. Denborarekin, beste hainbat jarduera antolatu dituzte, euskaraz eta euskararen inguruan.

lipdub irun 2011

Hogei-hogeita bost gazte dira guztira Betti Gotti elkartean parte hartzen dutenak. Ostiraletako bileretan gutxiago izaten direla onartu du Iñaki Goikoetxea elkarteko kideak. Sei lagun bildu dira elkarrizketaren egunean. “Gaur egun zailagoa da jendea Betti Go-ttin mantentzea. Gazte asko udalekuetako praktikak egitera etortzen dira, baina gero ez dute elkartean jarraitzen”, azaldu du Goikoetxeak. Hala ere, belaunaldi aldaketa txiki bat bizi izan du Betti Gottik azken urteotan. Elkarteak eskertzen duela nabarmendu du Joxeja Zabalo beteranoak: “Jende gaztea sartzen den bakoitzean, aire berria arnasten dugu”.
Erreleboa ematerakoan elkartearen filosofia transmititzea ez da lan erraza. Hala ere, eraldatzeko ahalmena izan du Betti Gottik. Horri esker bete ditu hamar urte. Urteurrena ospatzeko, ekainean kantu-bazkari berezi bat antolatu zutela gogoratu du Iñakik: “Betti Gottin aritu den jende ezberdina elkartu nahi izan genuen. Berrogei baino gehiago bildu ginen azkenean”. Gainera, bideo berezi bat grabatu zuten, Betti Gottiko hainbat kideren iruzkinekin eta gogoetekin. Hausnartzeko garaia ere izan baita elkartean. “Garrantzitsuena da Betti Gottik Irunen duen presentzia sendotu egin dela. Antolatu ditugun aktibitateei esker lortu dugu hori”, laburtu du Joxeja Zabalok.

BG udalekuak 2014 (1)
Udalekuak dira sendotze horren adibide. Berrehun haur geratu dira aurten udalekuetatik kanpo. Eskaera guztiari aurre egitea ezinezkoa dela azaldu du Zabalok: “Ez daukagu baliabide eta begirale nahikorik”. Muga horien barruan, udaleku txukunak antolatzen ditu. Ongi pasatzen dute, baina udalekuen atzean lan handia dago.
“Udalekuak ez dira aste batean prestatzen”, gogoratu du Iñaki Goikoetxeak. “Herri bazkaria ere, ez da bezperan antolatzen”, jarraitu du. Jaietako hitzordua da Betti Gottiren beste izarra. Bazkaria zena dagoeneko “koadrilen egun” bilakatu dela uste du Goikoetxeak. Herri bazkariaren handi-tzeak arazoak ere sortu ditu: “Guk aforoak, baimenak edo segurtasun eta osasun baldintzak ez ditugu menderatzen”.

Babes falta

Zailtasun horiei aurre egiteko, erakundeen laguntza eskatu dute Betti Gottiko kideek. “Hemen desgaste handia dago. Gazteek esfortzu ikaragarria egiten dute jarduera guztiak era arduratsuan antolatzen”, azpimarratu du Zabalok. Horregatik, boluntarioen lanak “aitorpen” handiago bat behar duela aipatu du: “Entzuten gaituzte, baina erantzunak oso berandu iristen dira”. Euskararen normalizazioari dagokionean ere, Udalak arduraren zati handi bat daukala uste dute taldekideek. “Arazoa ez dago transmisioan, parkeetan en-tzuten da gurasoek haurrekin euskaraz egiten dutela. Erabilera da bultzatu beharrekoa, eta Udalari dagokio hori”, argudiatu du Olatz Bengoetxeak.

herri bazkaria 2010

Elkarrizketa bukatuta, EKT elkartea utzi eta kalera irten dira solaskideak. Tabernaz-taberna egingo dute bilera. “Gure arteko harremanak galtzen hasiak ginen, eta berreskuratu behar ditugu”, azaldu du Zabalok. Giro onik ez da falta, behintzat, elkartean. Irungo gazteak parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu Iñaki Goikoetxeak. Baina gogoratu du “konpromisoa” eskatzen dutela. Giroaz gain, lana ere badelako Betti Gottiren ezaugarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude