Jaialdi ibiltaria da Dantza Hirian. Baina bere edizio guztietan gelditu da Irunen. Hiriarentzat “pribilegioa” izan dela adierazi du Juncal Eizagirre udaleko Kultura ordezkariak. Aurten hamar urte bete ditu festibalak, eta irailaren 19an iritsi da Bidasoaren ertzera. Dantza garaikideko hiru ikuskizun eta haurrei zuzendutako tailerra izan dira José Ramón Amunarriz plazan, Justizia Jauregiaren aurrean. Hamarnaka ikusle bildu dira kaleko ikuskizunaz gozatzeko.
Haurrak eta haien gurasoak izan dira lehenak epaitegiaren aurreko plazara hurbiltzen. Marrazketa eta dantza tailerra eskaini diete Dantza Hirian jaialdiko kideek. Ordu betez aritu dira, giro atseginean. 18:30ean, Paula Quintanaren inguruan bildu dira ikusle guztiak, lurrean eserita edo zutik, emanaldiaz gozatzeko prest. Bakarka aritu da Tenerifeko dantzari txikia, musikaren ezinbesteko laguntzarekin. Dantza klasikoa, garaikidea eta flamenkoa uztartu ditu, Latente obrako Sueño 3 koreografian. Bizitza errepikakorra dela azaldu nahi izan du bere gorpu-tzaren mugimenduekin. Leioako Umore Azokako artista gaztearen saria jaso du aurten Quintanaren lanak.
Buelta eman behar izan dute gero ikusleek, plazaren beste aldean aritu baitira hurrengo dantzariak. Zeharo aldatu dira musika eta giroa, Alberto eta Marcos Pardo anaiak dantzan hasi direnean. The Circle of Trust break dance taldeko kideak dira, Zaragozako hip-hop eszenan ezagunak. Nexus izeneko lana eskaini dute, anaien arteko harremana irudikatzea helburu. Bilboko Krego-Martin konpainiako bikoteak hartu du lekukoa, ikuskizunari amaiera emateko. Bi lagunek berriro elkar topatzen dutenean sor daitezkeen erreakzioen inguruan osatu dute To be continued koreografia. Artistek txalo zaparradak jaso badituzte ere, emanaldien maila azpimarratu nahi izan du Myriam Arkaia jaialdiaren antolatzaileak: “Artista profesionalak dira, dantza garaikidearen munduan ezagunak, estatuan eta mundu mailan”.
Dantza garaikidea zabaltzea helburu
Hamargarren aldiz iritsi da Dantza Hirian Irunera. 2006an sortu zen, Baiona-Donostia Eurohirian dantza garaikideko emanaldiak eskaintzeko asmoz. Hamarkada osoan, 92 ikuskizun izan dira, 187 hiri-eszenatoki ezberdinetan. Urrutiko konpainiek parte hartu dute, baina bertakoek ere bai. 38 EAEko konpainiak izan dira eta 5 Akitaniakoak. Kaleko jaialdia da, eta eszenatokiaren inguruko arkitekturarekin lotura sortzea bilatzen du. Arkitekturarekin, eta ikusleekin ere bai, noski. “Dantza garaikidea hiritarrari hurbiltzea da asmoa. Gizarte kohesiorako tresna izan daitekeela uste dugu”, aipatu du Myriam Arkaiak. Europa mailako artisten topagune eta erreferente izatea lortu du Dantza Hirian-ek. Gainera, nazioarteko beste jaialdiekin harremanean aritu da, CQB-Ciudades Que Bailan proiektuaren bidez.
Beste jarduera paraleloak ere baditu Dantza Hirian proiektuak. Aterpean eta Ibili ekimenen bidez, Aquitaniako eta EAEko dantza konpainiei laguntza ematen die. Aterpean-ek babes ekonomikoa eta sorkuntzarako espazioa eskaintzen die. Ibili-k konpainiek sortutako lanak zabaltzea du helburu. Horretarako, emanaldiak antolatzeaz gainera, sentsibilizazio ekintzak ere prestatzen ditu, konpainien eta publikoaren arteko harremana indartzeko: entsegu irekiak, topaketak edo tailerrak. Eurohiriko dantza garaikidearekiko konpromiso sendoa du Dantza Hirian proiektuak.