Harribitxien bila

80ko hamarkadako kontakizunak bildu ditu Juanma Sarasolak Moskuko Urrea: Kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993 liburuan.

moskukourrea
Azken urteotan beste zereginetan ibili den arren, kazetari sena berreskuratu zuen Juanma Sarasolak duela hiru urte. Seme txikia zaintzeko ardura hartu zuen, langabezian zegoela baliatuta. Aldi berean, aspaldi buruan zeukan proiektua gorpuzten hasi zen. “Nire nerabezaro-gaztaroan herrian egositako saltsa-maltsa hobeto ezagutzeko jakinminak zirikatuta ekin nion proiektuari”, azaldu du Sarasolak. 1980ko hamarkadaren hasieratik 1990ekoaren erdialdera arte, kultura eta gizarte mugimenduen loraldia bizi izan zuen Irunek. Musika izan zen motore nagusietako bat, Kortatu, Vómito, Baldin Bada eta Anti-Regimen moduko taldeekin. Baina beste hamaika eremu ere aztertu ditu Juanma Sarasolak: Angula irrati librea, antzerkigintza, bertsogintza, literatura, euskalgintza, gazte asanbladak, okupazio mugimendua, antimilitarismoa eta tabernarien ikuspuntua, besteak beste. “Gauza askoren epizentro eta jende sortzaile eta dinamikoaren topagune izan zen Mosku”, gogoratu du egileak.
Franco hil ondorengo urteak hartu ditu idazleak aurrekari eta testuinguru historiko moduan. Aitor Puche historialariaren ekarpena izan du horretarako: “Asmoa izan da ikustea nondik zetorren jende hori, zein girotan zebilen, zein ibilbide egin zuen lehenago. Ulertzeko 83-84ko eztanda hori nola sortu zen, ez zela izan magia kontu bat”. Hortik abiatuta, loraldi garaiaren kontakizuna osatu du, ahozko lekukotasunak oinarri hartuta. 35 elkarrizketa luze egin ditu, hiru ordu ingurukoak. Beste hamabost laburragoak izan dira. Denekin gozatu duela azpimarratu du Juanma Sarasolak: “Eskerrak eman nahi dizkiet solaskide izan ditudan guztiei, oso momentu atseginak pasa ditudalako elkarrizketak egiterakoan”. Zeharkako elkarrizketa estiloa da nagusi liburu osoan zehar. Sarasolak ez du entziklopedia edo saiakera lana egin nahi izan, kontakizunen bilduma baizik. Bukaera aldera, Irundik kanpoko artista edo kazetarien ikuspuntua ere sartu du. Epilogoa, Victor Pérez Vómitoko abeslari izan zenaren omenaldiari buruz idatzi du Sarasolak: “Itxiera ekitaldi moduko bat izan zen, hurrengo garaiari lekukoa pasatzeko”.

Irunero 244-1

Pérez bezala hilda zeudelako, edo idazleak hala aukeratuta, protagonista asko gelditu dira liburutik kanpo. “Hautaketa bat egin behar izan dut. Bai denboragatik, baita liburuaren tamaina kontuan hartuta ere. Subjektiboa izan da aukeraketa, noski, baina oreka bilatzen ahalegindu naiz”, azaldu du Juanma Sarasolak. Gaien aldetik, batzuk nahita utzi ditu kanpoan: politika, ekonomia/sindikalismoa eta alardearen inguruko gatazka. “Beste liburu bana idatz daiteke horietako bakoitzaren inguruan”, baieztatu du.
Nabarmentzekoa da 400 irudi baino gehiago txertatu dituela liburuan: argazkiak, kartelak, kontzertuetako sarrerak, pegatinak… Sarasolak argi dauka lana osa daitekeela, baina besteren baten esku utzi du hori: “Hiru urte hauetan burua asko estutu dut, eta etxean ia akatu egin naute. Pazientzia handia izan dute”. Pozik dago Sarasola egindako lanarekin. “Aberastu” egin duela azpimarratu du. Moskuko Urreak garaiko xehetasunak gogoratzeko edo ezagutzeko aukera emango duela uste du, begirada kritikoarekin eta kutsu nostalgikoaz aldenduta. Idealizazioa edo mitifikazioa alboratzeko parada izango dute gazteenek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude