Haserretzea baliagarria ote?

Haserreak, emozio guztiek bezala ingurunera egokitzeko funtzioa izateaz gain, bere funtzio propioa ere badu. Gure gizarte arauetan ez dago ongi ikusia haserretzea, baina beharrezkoa dugu, zapalketari aurre eginarazten baitigu. Besteen ekintza mingarriei muga bat ipini eta gure burua defendatzen laguntzen digu.

mapi-comforting-child
Denok haserretzen gara guretzat garrantzitsua den zerbaitengatik minduta edo irainduta sentitzen garenean, edo gure helburua oztopatuta dagoela sentitzen dugunean. Eta eskerrak haserretzen garen!! Eman dezagun gure zuzendariak soldata erdira jai-tsiko digula esaten digula. Zer izango litzake haserretuko ez bagina? Ez genuke ezer egingo, eta ezingo genuke gizarte honetan biziraun. Haserretzen garenean aurrean dugun eragozpena apurtzeko energia handia bildu behar dugu, eta haserrea egoera horri aurre egiteko erabili.
Gizartean eta zenbait pertsonaren balioen artean haserretzea gaizki dagoela sustatzen da. Ona izatea eta haserretzea bat ez datozelako ustea dago. Ona izatea oso balio egokia da pertsonaren garapen sozioafektiborako, denok maite ditugu onak diren pertsonak eta on sentitzeak bizipoza dakarkigu, baina tuntunak izan gabe. Ona izatea eta gure burua defendatzea ez dira kontrakoak, bi balio horiek pertsonaren garapen orekatua dakarte. Beraz, ez diezaiegun gure buruari eta gure haurrei ez haserretzeko esan. Haserretzea, emozioa den heinean, ekidingaitza da, eta gainera gure burua defendatzea oso garrantzitsua da.
Dena dela, haserretzean ezin dugu zernahi egin, erregulatu behar dugu, gure eta besteen ongizaterako. Haserrea modu positiboan eta asertiboki bideratzea bizitza osoko ikasketa da, eta faktore asko kontuan hartu behar badira ere, haur eta gazteen-tzat funtsezkoa da ondoko helduak nola jaso eta bideratzen dituen bere haserrealdiak, haserrea erregulatzen ikasteko.
Orduan, zer egin? Azter ditzagun bi eredu:
BEHATZ ERAKUSLEAZ, EDO KULPABILIZAZIOAREN EREDUA ERABILTZEN DUGUNEAN
• Haurrak edo gazteak zer sentitzen duen edo sentimendu horrekin zer egingo duen azaltzen hastean, epaitu egiten dugu: “Hori esatea ez dago ongi!!!”, “ez da hainbesterako…”, “beno, utzi pasa-tzen…” edo “zergatik ez diozu zuk berdina egin?”
• Geure beldurrak haren haserrearekin nahasten ditugu. Haurrak sentimenduak azaltzean gaizto edo gaizki jokatuko duen beldurra pizten da. Zer pentsatuko du jendeak? Eta gaizki jokatzen badu?
• Maiz zer egin beharko lukeen esaten diogu, eta ez diogu barrenak husten uzten. Helduok badakigu zer den zuzena eta gurea azaltzen dugu.
Baina, benetan da baliagarria eredu hau? Nola sentitzen gara haserre gaudenean eta epaitzen gaituztenean, edo garrantzirik ematen ez diotenean? Ez al du horrek gure haserrea areagotzen?
ESKUAK ZABALIK, EDO HAURRAREN EMOZIOAK ERREGULATZEN ERAKUSTEN DUEN EREDUAN:
• Haur edo gaztea epaiketa moralik gabe entzuten saiatzen gara. Isil-isil eta adi-adi entzun, barnean sentitzen duena askatzen hasi eta bere haserrea erregulatzen hasten den arte.
• Sentimendua onartu eta hitzetan ipintzen lagundu: “Bada, bai haserre zaudela”, “ohartzen naiz ez zaizula gustatu esan dizutena”
• Barrenak hustu direnean, zer egin dezakeen galde dezakegu, egoerak hala eskatzen badu: “jope, eta zer egin dezakezu?”
• Haur edo gazteak bideak aurkitu ondoren, gureak eskaini: “nola sentitu zaren esan diezaiokezu”, “berriro horrelakorik ez egiteko azaldu irmo”.
• ENPATIA landu eta beste ikuspuntua ikusten lagundu: “badakit izugarri mindu zaituela, baina pentsa dezakezu zergatik jokatu duen horrela”
Hauek helduok gure haurren erregulazio emozionalean laguntzeko erreferentziak dira. Normala da gure eredua kulpabilizazioan egotea, gizartearen eraginez, baina gure esku dago konturatzea eta hobetzea. Ekinez eta eginez goaz aurrera, ikasten, aberasten eta haserreak jazoz eta biziz, ingurune positiboaz gozatzen.
MAPI URRESTI ORTIZ
kuttun.kuttun@gmail.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude