Hasi da festa Olan

Txotx denboraldia ireki dute Meakako sagardotegian

Batzuentzat, urtea da ez da kanpai hotsekin eta mahatsen zaporearekin hasten. “Txotx!” deiarekin eta sagardoaren txinpartarekin baizik. Bi astez itxaron behar izan dute Irungo sagardozaleek 2016ari behin betiko ongi etorria emateko. Ola sagardotegian, urtarrilaren 17an ireki dute txotx denboraldia, ohiko bazkariarekin, eta ondorengo erromeriarekin. Patxi Aiorga eta Joseba Zabalo trikiti eta pandero joleak izan dira lehenak aurtengo sagardoa dastatzen.SONY DSC

Jantokiaren atarian pilatuta itxaron du jendeak, adarraren soinu zahar bezain dotoreak sartzeko ordua iragarri duen arte. Txalapartaren kolpeek markatu dute, ondoren, upeletaraino hurbiltzeko erritmoa. San Martzial izenekoaren ondoan kokatu dira omenduak eta Iñaki Bengoetxea sagardogilea. Joxe Mari Gelbenzu esataria izan da lehena hitz egiten. Mikrofonoa eskuan hartuta, ondoan zituen gonbidatuak aurkeztu ditu: “Patxi bere trikitiarekin, eta Joseba bere panderoarekin. Oso ezagunak dira Irunen eta Hondarribian, erromeria guztietan parte hartzen baitute”. Euskal Herriko txapeldunorde izandakoak dira, eta finalista askotan. Hala ere, urtetan Ola sagardotegia girotzen ibili izanagatik estimatzen ditu, bereziki, Iñaki Bengoetxeak.

Dantzaria eta txistularia aurkeztu ditu, segidan, Joxe Mari Gelbenzuk. Enekoitz Urtxegik dantzatu du agurra, Arantxa Lasalderen txistu eta danbolin doinuekin. Txalo zaparradaren ondoren, upela ireki die Bengoetxeak gonbidatuei. Edalontzia neurrian bete, eta “hau da aurtengo sagardo berria!”, esaldi tradizionala bota dute, edaria dastatu aurretik. Txaloak jo dituzte berriro entzuleek, eta kantuan hasi dira orduan Unai Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak, ondo prestatutako zeremoniari amaiera emateko. Omenduei bertso sorta eskaini diete. Bukatu dutenean, ordura arte zintzo itxaroten egondako jendea upelera hurbiltzen hasi da, sagardo tragoa emateko irrikaz.

Kontent onartu dugu aukera”
Patxi Aiorga, trikitilaria
Ziur trikitia eta panderoa jotzen amaituko dugula”
Joseba Zabalo, pandero jolea

Lehen lerrotik aldendu direnean, esker ona adierazi dute omenduek. “Poz handia hartu genuen Iñakik proposatu zigunean. Soinua jotzera oso gustura etorri izan gara beti. Beraz, txotx denboraldiari hasiera emateko aukera kontent onartu dugu”, onartu du Patxi Aiorgak. Omenaldia jaso izanagatik egun ezberdina izango ote den galdetuta, irribarre bihurria egin du Joseba Zabalok: “Berezia izango da, baina ziur trikitia eta panderoa jotzen amaituko dugula”. Egia esan, denbora gutxi behar izan dute gainerako musikarien multzora batzeko. “Egun handia izango da gaurkoa. Erromeria giroan luzatuko da”, aurreratu du, pozik, Iñaki Bengoetxeak. Sagardoaren inguruko kezkarik ez du gaurkoan: “Hamaika upel daude, gustuko baten bat topatuko du jendeak”.

Hamaika upel daude. Gustuko baten bat topatuko du jendeak”
Iñaki Bengoetxea, sagardogilea
Duela hamar-hamabost urte baino hobeto daude sagardotegiak”
Anjel Mari Peñagarikano, bertsolaria
Upelaren ondoko elkarrizketak eta kantuak

Otorduan zehar, mahaitik upeletara joan-etorria maiz egin du jende gehienak. Elkarrizketa mamitsuak sortu dira bidean. Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria, esaterako, sagardotegien bilakaerari buruz hausnartzen aritu da: “Garai batean baserri giroko jende euskalduna besterik ez zen ibiltzen sagardotegietan. Gero, aparra kolpean etorri zenean, kutsu hori galdu zuten. Orain berriro sustraietara bueltatzen ari dira, eta uste dut duela hamar-hamabost urte baino hobeto daudela sagardotegiak”. Sagardogileek egin duten lanari ere erreparatu dio bertsolari beteranoak. Bertako sagardoekin lan egin izana eskertu dio Iñaki Bengoetxeari: “Sagarrak kanpotik ibiltzen ibili dira batzuk, bolada batez, sagardoa bera ere eginda ekartzen zuten. Orain, berriz, bertako sagarrari merezi duen balioa eman diote berriro”.

Hasierako urduritasuna atzean utzita, gustura ibili da Iñaki Bengoetxea, alde batetik bestera, upelak irekitzen eta Olan bildutakoekin hitz egiten. Gazta eta intxaurrak jan aurretik, eskaileretan behera eraman du jendea, sotoan ezkutatuta dagoen upel preziatura. Bertan idatzitako leloa abestu dute han behean, bertso eta trago artean: “Begi bustiak, aurpegiz ilun, baldin bazabiltza hola, triste dabiltzan gaixo guztien sendalekua da Ola”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude