Bestelako sektoreen antzera, albisteak eta informazioa behar-beharrezkoak dira krisialdi egoera baten erdian. Are gehiago, berriak ugaritu heinean, zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa izan daiteke. Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzaileak, azken hilabeteetan zehar Antxeta irratian osasun krisialdiari aurre egiteko hedabidean hartutako neurrien inguruan mintzatu da.
Zein neurri hartu zenituzten krisiaren hasieran egoera berrira egokitzeko?
Antxetaren egoitza Hendaian kokatuta egon arren, Bidasoaren bi aldeetan hedatzen dugunez, konfinamenduak modu ezberdinean eragin digu alde batean zein bestean bizi garenoi. Euskal Irratietako kide garenez, programazioari begira neurri orokorrak hartu genituen eta telelana lehenetsi genuen. Irratian bertan beti pertsona berdinek lan egin dute, asko jota bi pertsona, eta gainontzekoak etxetik telelanarekin.
Hasieran batez ere, tokiko saioak alde batera utzi eta Euskal Irratian egin zenuten lan?
Bai, ekainean berreskuratuko dugu gure Iparrorratza magazina, 14:00etatik 15:00ak bitarte, gure ohiko ordutegi normala itzuliz. Horrela, tokiko informazioa modu desberdinean landu behar izan dugu.
2019 urtearen amaieran hedapena zabaltzeko erabakia hartu zenuen. Proiektu berrian lanean hilabete gutxi eraman ostean, osasun krisialdiaren eragina nabaritu duzue?
Eragina berdina da Antxetan modu globalen eta, ondorioz, programazioa aldatzea ezinbestekoa izan da ere kasu horretan.
Egoera ezohikora egokitzeko langile kopurua murriztu behar izan duzue?
Ez, ez zaigu horrelakorik gertatu, momentuz ez behintzat zorionez. Era berean, datozen hilabeteetara begira ez dugu murrizketarik aplikatzea aurreikusten. Azken batean, krisialdiak modan jarri du instituzio eta agintarien partetik bizitza eta zaintza erdigunean jartzea, baina, guk irrati komunitario bezala eta ekonomia sozial eta eraldatzaileko kide garenez gero, hasieratik egiten dugun zerbait da. Horrela, lankideen lan kontratuak bermatzea lehenetsi dugu, lan baldintza honetan eta gure baloreei eutsiz.
Mundu mailako krisia izan arren, tokiko albisteak ez baztertzeko apustua egitea garrantzitsua izan da?
Zoritxarrez ez dugu “feedback” askorik eduki entzuleen partetik gure programazioari begira. Jende askok, ordea, haien sorkuntzak, gogoetak eta iritziak eskaini dizkigu eta horri heldu diogu.
Egoera ezohikoak sortutako informazio zurrunbiloan, gaurkotasunezko informazioa zabaltzea lagungarria izan da entzuleentzat?
Hasieran batez ere ezjakintasun handia zegoen, gaur egun oraindik zenbait alorretan ere, beraz, informazioa ez da gelditu.
Hedabideek albiste faltsuak ezeztatzeko ohi baino lan gehiago egin behar izan dute?
Bai, hedabide bezala ere kontuz ibili behar gara sare sozialekin, zurrunbilo batean murgiltzeko arriskua dagoelako eta aurrez egiaztatutako informazioa soilik argitaratzeko konpromisoa dugu. Izan ere, gaur egun mundu guztiak du zerbait idatzi eta zabaltzeko aukera.
Irratia konpainiarekin lotu ohi da eta egoera honetan ere horrela izan da?
Bai, jendearentzako lagungarria izango zela pentsatzen dut. Niri pertsonalki asko lagundu nau, beraz, gure entzuleentzako ere gure presentzia lagungarria izango zela pentsatu nahiko nuke.
Erraza izan da mugaren bi aldeetako errealitate ezberdinak islatzea?
Bai, etengabe presente dugu guretzat Euskal Herria bat izan arren, hiru zati administratiboetan banatuta badago, zati guztien informazio eman behar dugula. Guretzat ezinbesteko da informazio batek toki batean eta bestean izan dezakeen eragin ezberdina aipatzea.
Momenturen batean albisteak amaitu edo gehiegi errepikatzen zirela sentitu duzue?
Gai aniztasuna eskaintzeko ahalegina egin dugu, bestelako informazioa eskainiz. Horrela, jendeari beste zerbaitetan pentsatzeko aukera eman nahi izan diogu. Etengabe gai berdinaren inguruan aritzeak, jendearen paranoia eta beldurretan behatza sartzea bestetik ez du lortzen. Hau gertatzen ari da, baina bizitza aurrera doa eta hedabideek hor badugu zeregina.
Oraindik neurri bereziekin lanean jarraitzen duzue?
Hasieran ezarritako neurriak mantentzen ditugu oraindik. Entzuleek ekainean nabarituko dute poliki-poliki gure ordutegi arrunta berreskuratzen dugula programazioan.
Krisialdiek gizartearen eraldaketak eragin ohi dituzte. Azken hilabeteetako egoerak hedabideen etorkizunean eraginik izango ote du?
Komunikabideak beti gaude krisian, beraz, guri dagokigu gure balore eta garrantzia erakustea. Horretarako, kideren bat atzean gelditzen den zaindu beharko dugu, kasu horretan, laguntza eskaini ahal izateko. Azken finean, sare kontua da dena, entzule zein hiritar bezala gure hautuak garrantzi handikoak dira. Jende askok hedabide nazionalak kontsumitzeko ohitura du, baina, berari, inork baino hobeto, tokikoak emango dio eguneroko bizitzarako behar duen informazioa.