
Bidasoa Vuelo 1983. urtean sortu zen eta mota honetako estu mailako lehen eskoletako bat izan zen. Eskolak hasierako helburuari eusten dio oraindik, hau da, hegaldi seguruak modu eraginkorrean egiten irakaste. Jurdan Uruñuelak Bidasoa Vuelotik eskaintzen diren hegaldi aukera ezberdinak azaldu ditu.
Zer eskaintzen duzue Bidasoa Vuelon?
“Centro de Vuelo Bidasoa” bi plaza motako hegaldiak egiten ditugu, hau da, hegan egiten ez dakien jendea buelta bat ematera eramaten dugu. Hala ere, gure indargunea ikastaroak dira. 1983. urtetik hegan egiten ikasteko sistema bat martxan dugu, parapenteak eta delta hegalak erabiltzen ikasteko.
1983. urtean lanean hasi zinetenetik teknologia asko aldatu da gaur egun arte?
Bai, garai hartan parapenteak ez ziren existitzen eta Jorge Ibargoyen hasi zen honen guztiaren inguruan lanean. Orduan, delta hegalekin ibiltzen ziren bakarrik. 1992. urtean hasi ziren parapenteak erabiltzen eta orduan ikusi zen tramankulu hauek erabiltzen irakasteko sistema baten beharra zegoela. Beraz, hasieratik gaur egun arte gauzak asko aldatu dira, izan ere, motorrik gabe ia 600 kilometro hegan egitera iritsi zaitezke eta hori harrigarria da.
Zein da egun jendeak gehien eskatzen duen zerbitzua?
Gehien bat parapentea da, bere erosotasunarengatik. Azken finean, delta hegala trastu handia da eta azpiegitura bat beharrezkoa da materiala jaso eta mendira igotzeko.
Maila desberdinetako ikastaroak eskaintzen dituzue, ezta?
Hori da. Lehen mailako ikastaroak “Orange” deiturikoak dira eta era autonomikoan aireratzea, hegaldia eta lur-hartzeak egiten ikasten da horien bitartez. Maila aurreratuko ikastaroak, “Blue” deiturikoak, ikasleari mugimendu ezberdinak egiten erakusten diogu, ikaslea bere habiatik ateratzeko.
Zenbateko iraupena dute ikastaroek?
“Orange” eta “Blue” ikastaroek bi eta hiru hilabete arteko iraupena izan ohi dute. Hortaz, eskaintzarekin otsa- ilean hasten gara eta azaroan amaitzen dugu. Bitarte horretan gurekin ibiltzen dira, hau da, egun batetik bestera ez diegu bakarrik ibiltzen uztean, pixkanaka egiten den prozesua da.
Jende askok horrelako opariak egiteko aprobetxatzen du?
Bai, opariak egiteko gehien erabiltzen den modalitatea bi lekukoena da. Izan ere, modalitate hori praktikatu ahal izateko ez da inolako esperientziarik behar eta denbora gutxi eskatzen duen zerbait da. Hortaz, iritsi, ekintza egin eta ez da besterik eskatzen.
Ikasleei erakusteko erabilitako teknologia eta metodologiak bereziak dira, zergatik?
Hegan egiten irakasteko guk geuk garatutako metodologia erabiltzen dugu, munduan bakarra dena. Orain gure asmoa metodologia hau beste komunitateetara zabaltzea da.
Edozeinen eskura dago hegan egiteko aukera?
Bi lagunentzako hegaldietan ez da inolako esperientziarik behar, bi gauza txiki eta erraz ikasi behar baitira bakarrik. Parapenteekin hegan egiten ikasteko denbora gehiago behar da, teknika konplikatuagoa baita.
Hegaldi eremu ezberdinetan ibiltzen zarete?
Bai, gehien bat, Peña Plata inguruan ibiltzen gara, Sara eta Zugarramurdi artean kokatutako mendi txiki batean, Espainia eta Frantzia arteko mugan kokatua. Hortaz gain, Orio aldean ibili ohi gara Kukuarri izenez ezagutzen den eremuan.
Euskal paisaiaz gozatzeko aukera ezin hobea izango da, ezta?
Bai, denok dakigu nolako paisai berdeaz inguraturik gauden eta edertasun hori airetik ikusi ahal izatea beste maila batean kokatzen zaitu.
Eguraldiak zeharo baldintzatutako kirola da?
Bai, hemen normalean ipar haizearekin ibiltzen gara, otsaila eta azaro artean eman ohi den haize motarekin. Lurra berotu egiten da eta gora botatzen duen aire bero hori itsasoko haizeak xurgatu eta iparra sartzen da. Beraz, hori izan ohi da hegan egiteko denboraldi onena.
Nola eragin dizue zuei COVID-19aren krisiak?
Bi lekuko hegaldiak turismoarekin loturik daude. Hala ere, aurten ikastaroetan jende gehiagok izena eman duela ikusi dugu, jendeak hemen ekintzak egiteko gogoak dauzkala nabaritu baitugu.
Nola ikusten duzue etorkizuna zerumugan?
Azken urte hauetan mundu mailako txapelketa asko antolatu direla ikusi dugu eta horrek jendea kirol honetara gehiago hurbiltzea eragin duela ikusi dugu. Hortaz gain, egun mendi bat hegan egiten jaisteko 2 kiloko ekipoak dauzkagu, normalean mendira hegan egitera doan jendeak pisu gehiago eraman ohi duen bitartean. Horrek, edozein mendira igo eta hegan egiten jaisteko aukera ematen du, jende gehiago erakarriz.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.