Urriaren 14an Hegazti Migratzaileen Eguna ospatzen da. Ospakizun horrek harreman estua du Ekoetxea Txingudin egiten duten lanarekin. Hain zuzen ere, hegazti askok Txingudiko hezeguneak aprobetxatzen dituzte bidean etenaldi bat egiteko, migratzen ari diren bitartean. Eva Montoya Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak eta Paul Ortuzar ingurumen hezitzaileek prozesu natural honen bitxikeriak azaldu dituzte.
Ekoetxea Txingudiren jarduerak lotura zuzena du urriaren 14an ospatzen den Hegazti Migratzaileen Egunarekin, ezta?
Eva: Hegazti Migratzaileen Eguna urtean bitan ospatzen da, maiatzean eta urrian, hegaztiek urteko garai horietan egiten dituzten bi bidaiekin bat eginda. Aurten goiburua ura izango da, hegaztien bizitzaren euskarria baita eta hegaztiek behar dituzten ekosistemak, batez ere ur ekosistemak, kontserbatzearen alde egingo den kanpaina bat izango du ardatz. Ekoetxea Txingudi Plaiaundin dago eta Plaiaundi Txingudiko paduren atal bat denez horrelako naturaguneak eta ekosistemak kontserbatzeko guk ere parte hartu nahi dugu biztanleriari zuzendutako esperientziekin.
Urteko zein garaitan gertatu ohi da migrazioa?
Paul: Batez ere, udazkenean eta udaberrian. Kasu honetan, uda bukatzear dago, baina udazkenean gaudela kontsideratzen dugu, hegaztien ikuspuntutik bidaia hasi delako. Egunaren arabera hegazti gutxiago edo gehiago ikusi ahal izango ditugu. Haizeak garrantzi handia du prozesu honetan. Izan ere, ipar haizeak migrazioa laguntzen eta bizkortzen du, hegaztiek esfortzu gutxiago egin behar baitute bidaian. Aldiz, hego haizea nabarmentzen denean, hegaztiek geldialdia egiteko aprobetxatzen dute.
“Uda bukatzear dago, baina udazkenean gaudela kontsideratzen dugu, hegaztien ikuspuntutik bidaia hasi delako”
Paul Ortuzar, ingurumen hezitzailea
Migrazioan nolako espezieak igarotzen dira hemendik?
Paul: Migrazio garaian denetarik ikusi dezakegu. Jende askok zikoinak ezagutuko ditu. Bitxikeria moduan, Lapitze inguruan hegaztiak jarraitzen dituen jendea dago eta irailaren 15ean 350 zikoina inguru behatu ziren inguru horretan. Kontutan hartu behar dugu Europako iparraldean hotz egiten hasi dela. Horrek janariaren murrizketa dakar eta hegaztiek beste toki batera mugitu behar izatea eragiten du. Mokozabalak ere protagonistak izan ohi dira, beren itxurarengatik eta elikatzeko duten moko zabalagatik. Jendearen arreta erakartzen dute. Taldean mugitzen dira normalean eta erraz identifikatu daitezke.
Zein izan ohi da hemendik igarotzen diren hegaztien helmuga?
Paul: Espeziaren arabera. Batzuk Andaluzia inguruan jada eroso daude eta bertan gelditzen dira. Enarek adibidez, Saharako desertu guztia zeharkatzen dute eta kilometro asko egiten dituzte migrazioan. Beste batzuek kostaldetik egingo dute bide hori. Gibraltarko itsasartetik pasa ostean, Maroko, Mauritania, Senegal eta Ginea Bissau inguruko hezegune handietara iritsiko dira, Euskal Herri osoaren tamainako azalera duten hezegunetara.
Hegaztien migrazioaren bitartez eskuratu al daiteke beste hainbat gairen inguruko informaziorik?
Paul: Espezie bakoitzaren kasuan patroia eta bidea ezberdina da, batzuek gauez eta besteek egunean zehar migratzen dute, taldeka edo banaka. Aurten jaio direnek ez dute esperientziarik eta bidea bakarka egiten badute, adibidez, arrano arrantzaleek, bidetik desbideratu eta bidean galdu eta hil izan direla ikusi da. Naturaren legeak dioen bezala, indartsuenak jarraitzen du aurrera.
Azken urteetan zehar migrazio prozesuan aldaketa esanguratsurik nabaritu duzue?
Eva: Aldaketa klimatikoaren ondorioz, gero eta lehenago gertatzen da prozesu hau. Lehen iraila eta urria migrazio garai nabarmenenak ziren bitartean, orain espezie batzuk abuztuan hasi dira migratzen.
Paul: Datu zientifiko zehatzik egon ez arren, patroiak apurka-apurka aldatzen ari direnaren sentsazioa dugu. Udaberria ere geroz eta lehenago hasten da eta udazkenaren bukaera ere luzatu egin da. Hori guztia janariaren eskuragarritasunean nabaritzen da eta migrazioa aste pare bat lehenago edo geroago gertatzea baldintzatu dezake.
“Aldaketa klimatikoaren ondorioz, gero eta lehenago gertatzen da prozesu hau”
Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzailea
Plaiaundi bezalako hezeguneak lagungarriak al dira hegaztientzat etenaldi bat egiteko?
Paul: Hegaztientzat Plaiaundi bezalako hezeguneak gure gasolindegiak bezalakoak dira. Milaka kilometroko bidaia horretan atseden hartzeko tokiak behar dituzte energia berreskuratzeko. Plaiaundi eta Jaitzubiako inguruak eta Bidasoko uharteak bidaia horretako gasolindegiak dira, lasai jan eta lo egiteko aukera ematen baitiete. Etenaldietan pisua irabazten dute, bidaian zehar ahaleginaren ahaleginez galduko duten pisua.
Zer aholku emango zenizkiokete migratzen ari diren hegaztiak ikusi nahi dituztenei?
Paul: Orain horretarako garai ona dela esango genieke. Ekoetxea Txingudin gure lana Plaiaundiko eta hemen inguruan ditugun babestutako eremuen informazioa ematea da. Horretarako, prismatikoen alokairua eskaintzen dugu, hegaztiak identifikatzeko gida eta hainbat esperientzia proposatzeaz gain.
Eva: Jendea hona hurbildu eta paseo bat emanez lasaitzera gonbidatu nahiko genuke. Naturaguneaz gozatzeko aukera izango dute eta momentuaren arabera hegazti gehiago edo gutxiago ikusi ahalko dituzte. Orain justu garai aproposa da horretarako.
Gizakiok lagundu edo oztopatu al dezakegu hegaztien migrazioa?
Eva: Gureak bezalako naturaguneak ezagutzea ondo dago, baina horiek maitatzea eta zaintzea ezinbestekoa da. Ekoetxea Txingudin eskaintzen ditugun esperientziei esker, inguruneari balioa ematen diogu eta mezu koherenteak eman nahi dizkiegu herritarrei haien portaerak eta egunerokotasunezko ohiturak hobetzeko eta bizi dugun gaurkotasuna eraldatzeko.
Zer ekintza antolatu dituzue Hegazti Migratzaileen Eguna ospatzeko?
Eva: Kasu honetan, Hegazti Migratzaileen Egunarekin loturik, urriaren 14an, larunbatean, Gorka Gorospe ornitologoarekin ibilbide bat egingo dugu goizean zehar Plaiaundin. Urteko garai honetan bertatik igaro ohi diren hegaztiak ezagutzeko eta horrelako lekuen garrantzia ulertzeko aukera emango digu. Publiko orokorrari zuzendutako ekintza izango da. Igandean, urriaren 15ean, familiei zuzendutako esperientzia izango dugu. Artean espazioko Juncal Alfonsok “Egan noa” esperientzia proposatuko du. Familia bakoitzak hegazti bat diseinatuko du bere ezaugarriekin, eta horrela Txingudirekin daukatenlotura nabarmenduko dute.
Non eskuratu daiteke Ekoetxea Txingudin antolatzen diren ekintzen inguruko informazioa?
Eva: Informazio guztia gure webgunean daukagu, ekoetxea.eus. Esperientzia guztiak doakoak dira, baina aurretik izena ematea ezinbestekoa da.
Paul: Sare sozialetan ere presente gaude, hau da, Facebooken, Twitterren eta Instagramen.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.