Begien bistaz baino, errazagoa da hegaztiak entzumenaren bidez antzematea. Horretarako trebatu beharra dago, noski. Baina gidari aproposaren azalpenak jarraituta, badago oinarrizko ezagutza barneratzea. Helburu hori izan du Lapurriturri informazio gunean antolatu duten lehen mendi irteerak. Hiru orduz aritu da hamabost laguneko taldea Aiako Harriko bide eta basoetan zehar, Tomas Aierbe basozainak gidatuta. Apirilaren 25ean egin dute ibilaldia.
Erlaitz mendiko lepoan dago Lapurriturri informazio gunea, GI-3454 errepidearen ertzean. Irungo Udaleko Ingurumen Departamentuak eta Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak kudeatzen dute. Asteburuetan, bisitariei Aiako Harriari buruzko informazioa, oharrak eta aholkuak ematen dizkiete bertan. Baina mendi irteera tematikoak ere antolatzen dituzte Lapurriturrin, udaberritik aurrera. Apirilaren 25ean egin dute aurten lehena. Aiako Harrian bizi diren hegaztiak ezagutzeko aukera izan dute parte hartzaileek. Hamabost lagun inguruko taldea irten da goizeko bederatzi eta erdietan, Tomas Aierbe Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainaren azalpenak entzun ondoren.
Egun eta ordu aproposa da hegaztiak ikusteko. Urteko sasoia, behintzat, ezin hobea, udaberrian habiak egiteko garaia dutelako. “Lurraldea markatzen ari dira arrak. Horregatik dabiltza kantari”, argitu du Aierbek. Udaberriaren hasieran, migratzaile diren hegaztiak kanpoan izaten dira oraindik. Maiatzaren atarian, berriz, Aiako Harrian ikus daitezkeen espezie guztiak bertan dira. Goizeko lehen ordua da hegaztiak antzemateko ordurik aproposena, kantu gehien egiten duten unea delako. Espezie gehienak ikustea zaila dela ohartarazi du Aierbek: “Entzumenaren bidez ezagut daitezke. Horretarako, ezinbestekoa da isiltasuna, eta haize handirik gabeko eguraldia”. Goiz eguzkitsu eta lasaia da gaurkoa.
Teknologiak erraztu du, dena den, hegaztien identifikazioa. Prismatikoek urrun edo ezkutuan dagoen hegaztia hurbil dezakete. 8X15 neurrikoak gomendatu ditu Aierbek. “Prezio aldetik, 150 euro edo 900 ordain ditzakezu. Aldea nabaritzen da, baina norberak ikusi behar du merezi duen edo ez”, azaldu du basozainak. Doan aurki daitezke, berriz, hegaztien inguruko mobiletarako aplikazioak. Hegazti bakoitzaren irudia eta kantuaren hotsa eskaintzen dituzte. “Erabilgarriak” direla baieztatu du Tomas Aierbek. Berak, behintzat, alboan eraman du mugikorra ibilbide osoan zehar.
Larre zabaletatik, basora
Pagogaña aldera irten da taldea, maldan gora. Eremu zabala da, zuhaitz multzo handirik gabekoa. Sasiak eta oteak dira nagusi, landarediari dagokionez. Horien artean, tuntuna entzun eta ikus daiteke. Taldeak identifikatu duen lehen txoria. Urruneko sasi i-txiagoetan, lepitzuliaren kantua ere entzun du Aierbek: “Burua 180o biratzeko gai da”. Basoan sartuta, kantuen aniztasuna biderkatu egin da: txepetxa, txantxangorria, kaskabeltza, kukua, benarritza, pitxartxarra… “Hemen ia ezinezkoa da hegaztiak ikustea. Kantuek identifikatzen dituzte”, gogoratu du Aierbek. Hariztiaren aberastasuna azpimarratu du: “Haritzak espazioa uzten du zuhaixka txikiagoak eta bestelako landaredia haz dadin”.
Hegaztiak tarteka alde batera utzi eta bestelako gaiak ere landu dituzte. Lore arrosa deigarriak ikusterakoan, azalpen bitxia egin du basozainak: “Daphne Cneorum landarea da hau. Babestutako espeziea da, Aiako Harrian beste inon ez baitago Euskal Herria osoan, Pirinioetatik aparte. Landare alpinoa da”. Harrotutako lurra ikusita, basurderik ba al dagoen galdetu du parte-hartzaileetako batek. “Basurdeak, orkatzak, azeriak, baita basakatuak ere. Gauez ibiliz gero, erraz ikus daitezke”, erantzun dio Tomas Aierbek. Hiru orduko ibilaldia egin ondoren, Lapurriturri informazio gunean amaitu dute saioa. Hurrengo hitzorduen inguruan galdetu diote parte-hartzaileek Urkiri Salaberria arduradunari. Batek baino gehiagok errepikatuko du.