Hegodun bitxiak

Tximeleten Museoa berriro irekita dago, Irungo
Udalak egin dituen hobekuntza lanak bukatuta.

Amazonas05245

2008an krisi ekonomikoak jo aurretik, Irungo Udalak Palmera-Monteroko lokal handi bat egokitu zuen bertan Tximeleten Museoa kokatzeko. Kinka ekonomikoaren ondorioz, proiektu museistikoa bertan behera uztea erabaki zuen, 400.000 euroko inbertsioa eskatzen baitzuen. Tximeleten erakusketak Larretxipi kaleko egoitzan jarrai zezan, ordea, beharrezkoak ziren zenbait lan, tartean, argiztapena aldatzea. “Argi hotzak jarri ezean, 10 urteren buruan bilduma hondatuko zen”, azaldu du tximeleten jabe Manuel Agirresarobe entomologoak. Berrikuntzak egin ostean, museoa irekita dago bueltan.

buruhezur5239
7.000 aleko erakusketa
Manuel Agirresarobe irundarra ia bizitza guztian tximeletak biltzen eta aztertzen aritu da. Halaxe, 7.000 aleko bilduma paregabea osatzea lortu zuen.
Manuel, 14 urte zituela, intsektu hauek harrapa-tzen hasi zen bere etxe inguruan, Lapitzeko Egiluze baserrian, alegia. “Koloreak eta edertasunak erakarri ninduten. Munduko intsekturik ederrena dela esaten da”, dio Manuelek, tximeletek ere bera harrapatu zutela gogoratzean. “Egun batez, tximeletak nola ehizatu eta kontserbatu behar ziren azaltzen zuen esku-liburuxka bat iritsi zen etxera, eta halaxe ikasten hasi nintzen”.
Une ahaztezina du, ehizean ari zela, Isidro Odriozola irakasle jesuita topatu zuenekoa. “Nire irakasle bilakatu zen. Aranzadirako ikerketak egiten laguntzen nion”.
Udan penintsula guztia korritu ohi zuten hegaldun bitxiak sareratzen. Bilduman duela 40 urteko aleak ere baditu. Manuelek argi utzi nahi du gehienetan helburua ez dela tximeleta hiltzea, baizik eta aztertzea. “Horretarako, anestesiatzen da segundu batzuez”. “Orratza sartzen zaie hilda dagoenean, hegaletako hautsa ukitu gabe manipulatu ahal izateko ”.
5 kontinenteetako tximeletak
Mundu zabaleko tximeletak bildu ditu Manuelek Larretxipi kalean. Europakoak, denak berak harrapatutakoak dira; gainontzekoak, elkartrukeen bidez eskuratutakoak, unibertsitateekin eginikoak batik bat.
Bisitariek, erakusketaz gain, dokumentala ere ikusten dute, non intsektu hauen bizitzaren eta garrantziaren berri helarazten zaien.
Itxura eder bezain bizitza iragankorra dute. Manuelen esanetan, “eme batzuk egun bat edo bi baizik ez dira bizi, arrak baino lauzpabost egun geroago jaiotzen direlako”. Bizitza laburrean zehar lan asko eta berebiziko garrantzizkoa dute; izan ere, loreen polinizatzaile nagusiak dira erleen a-tzetik.
Manuelek ez du amaitutzat jotzen bilduma. Museoan dauden ale guztiak egunez hegan egiten duten espezieak direnez, bada, “orain Irunen aurki daitezkeenena eta gauez hegan egiten dutenena osatzea dut jomuga”.

Bidasoan 6 espezie desagertu dira

Bidasoan sei espezie desa-gertu direla egiaztatu du Manuel Aguirresarobek. “XX. mendearen bukaeran bertako basoak murriztu eta kanpotik ekarritako koniferak landatzen ziren, azkarrago hazten direlako. Baina hemengo tximeletek elikatzeko bertako zuhaitzak behar zituzten. Beste ondorioetako bat izan zen pinuek bere-berezko duten izurritea, prozesionaria, agertu zela. Fumigazioek in-tsektu kaltegarriak eta onuragarriak ere hiltzen dituzte, beraz…”
Europan ere tximeleta-populazioak sekulako triskantza jasan du. “Espezien %50 desa-gertu dira ekosistema aldaketen eraginez”.
Etorkizunari begira itxaropentsu egoteko moduko aldaketak ematen hasi dira. “Zorionez, lur publikoen inguruko politika aldatzen ari da, hau da. Pinuak zeuden eremuetan orain espezie tradizionalak landatzen dira”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude