Helena Benet Alarde Publikoko Bandako kantinera izan zen 2019. urtean, aurreko urteetan Bidasoako konpainian soldadu gisa desfilatu ostean. Kantinera izandako urtearekin lotutako oroitzapen politak dauzka eta aurten berriro alardean soldadu gisa desfilatzeko asmoa zuen arren, 2021. urteko alardea gogo askorekin espero duela onartu du berriro jaia barnetik bizi ahal izateko.
Osasun krisialdia iritsi aurretik, nola imajinatzen zenituen 2020. urteko Irungo jaiak?
Urtero alardean parte hartu arren, kantinera izan osteko urtea berezia izaten dela esan ohi da, gauzak era ezberdin baten ikusten omen direlako. Alardea izango zuen urte normal bat espero nuen. Bandako kantinera berria ezagutu, loreak eman eta bandako kantineren picoloa berari pasatzeko gogo asko neuzkan. Beraz, aurten ahal den moduan disfrutatuko dugu.
Nola jakin zenuen aurten alarderik egongo ez zela?
Momentuko egoera ikusita espero nuen albistea zen eta mundu osoko egoera ikusita alarderik egingo ez zela pentsatzen hasia nintzen. Berriro alardeaz disfrutatzeko gogoak neuzkan, baina, Irungo jaien gainetik, munduko gertaera behar duten garrantzia ematea ezinbestekoa iruditzen zait. Aurten alarderik egin ez arren, datozen urteetan orain arte bezala antolatzen jarraituko dugu.
Joan den urtea bizipen bereziz betetako urtea izan zen?
Oso urte berezia izan zen. Jon Bandako zuzendaria urte asko ibili zen nire atzetik Bandako kantinera gisa aurkezteko eta, asko pentsatu ostean, 2019. urtean zuzendari bezala bere azken urtea izan zenez, pausua ematea erabaki nuen. Koadrilako guztientzat urte berezia izan zen, ni Bandako kantinera izateaz gainera, Zalditeriako kantinera ere koadrilakoa zelako.
Zeintzuk izan ziren 2019ko alardean bizitako une berezienak?
Goizeko 5:00etan Alborada etxe azpian jo zidatenean balkoian amarekin asko hunkitu nintzen. Eguna horrela hasi ostean, momentu bereziak bata bestearen atzetik etorri ziren. Ekainaren 29an, adibidez, Bandako entseguan Zalditeriako kantinera zen nire lagunari nirekin ateratzeko eskatu nion eta bera alboan eramatea oso polita izan zen.
“Urte desberdin bat izango dela ulertu eta datorren urte arte itxaron beharko dugu”
Aurreko urteetan alardean soldadu gisa parte hartu duzu?
Bai, duela lau urte hasi nintzen desfilatzen, lehenengo Hondarribiko alardean, Irun nire bizitokia denez bertan desfilatzeak errespetu gehiago ematen zidalako bizi nitzakeen tentsio momentuengatik. Izan ere, alardean soldatu gisa ateratzeko erabakia hartzen duzunean kanpotik une desatseginak bizi beharko dituzula onartzen duzu, baina, jasotako txaloek balio bikoitza dute alarde publikoaren barnean.
Bandako kantinera izan arren, beste konpainietan desfilatu duzu?
Aurreko urteetan Bidasoa konpainiarekin desfilatu izan dut, koadrilako gehienak bertan elkarrekin ateratzen ginelako. Lehen urtean danborrarekin elkarrekin atera ginen eta bigarren urtean kaboaren papera hartu nuen. Bandako kantinera izan ostean, aurten Bandarekin desfilatzeko asmoa nuen, baina, zeinek daki zer egingo dudan hurrengo urteetan.
Nola imajinatzen dituzu aurtengo jaiak?
Ez dakit nolakoa izango den alarderik gabeko urte hau. Ziurrenik egun horietan lan egin beharko dut, orduan, gauean lagunekin elkartuko naizela imajinatzen dut eta afariren bat antolatuko dugula pentsatzen dut, jende gutxirekin noski. Urte desberdin bat izango dela ulertu eta datorren urte arte itxaron beharko dugu.
Alarderik egon ez arren, Irunen jai giroa nabarituko dela uste duzu?
Bai, azken finean, ekitaldirik antolatu ez arren, jendeak urteko egun berezi hauek ospatzeko gogoak dauzkala uste dut. Jai egunekin batera jendea alaitu, jaietako arroparekin jantzi eta kaletik alardeko musikak entzungo ditugula ziur nago.
Etenaldi honen ostean, datorren urteko festak gogo bereziekin hartuko dituzu?
Bai noski, aurretik esan bezala, ez zaigu ezer gertatuko aurtengo jaiak ez ospatzeagatik, datorren urtera arte itxarongo dugu. Hala ere, egia da festak ospatzeko gogoak hor gordeta izango ditugula.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.