Larretxipi kale osoa hartu du ilarak. Urdanibia plazaraino iritsi da. Arrazoia: ekainaren 27ko Herri Bazkarirako txartelen salmenta. Agerikoa da Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak Udalaren babesarekin antolatzen duen ekimenaren arrakasta. Duela zazpi urte egin zuten lehen edizioa, Uranzu pilotalekuan. Gaur egun, 1.500 lagun baino gehiago biltzen dituzte Ficoban. Hiriko gazte askorentzat, behintzat, jaietako egitarauan kolore biziz markatutako hitzordua da.
Urtero handitzen eta berritzen jarraitzen du Betti Gottiren Herri Bazkariak. Aurten beste urrats bat emango du. Ficobako hiru pabilioiak hartuko ditu. Aforoa berbera izango da: 1.500-1.600 lagun, baina espazio gehiago izango da. “Herri Bazkariaren egunean jende asko pilatzen da. Orain arte ez da arazo larririk egon. Baina pentsatu genuen hobe izango zela leku gehiago edukitzea”, argitu du Iñaki Goikoetxeak. Lehen bi pabilioietan bazkarirako mahaiak jarriko dituzte. Joan den urtean adinaren arabera sailkatu zuten jendea: 18-23 urte artekoak alde batetik, eta 24tik gorakoak bestetik. Banaketa mantenduko dutela azaldu du Ainhoa Ruanok: “Helduagoa den jendeak nahiago izaten du giro lasaiago batean egon. Joan den urtean oso ondo atera zen, eta aurten ideia berdina mantendu dugu”. Hirugarren pabilioian taberna eta eszenatokia kokatuko dituzte. Haitzama taldeak eta DJ batek jarriko dute musika bazkariaren ondoren.
Erdigunetik Ficobarako bidea, eta bueltakoa, kalejiran egingo dituzte. Txaranga eta batukada izango dira goizean, eta Elektropatxaranga taldea arratsaldean. Olinpiadei dagokienez, berriz, aldaketa izango da. Bi jardunalditan egingo dituzte aurten Olinpiadak. Ekainaren 20an sailkatze probak izango dira, arratsaldeko bostetatik aurrera. Eta ekainaren 27an finala, ordutegia atzeratuta. Goizeko hamaiketan hasiko da jardunaldia. “Orain arte koadrila batzuk ez omen ziren animatzen goizean goiz esnatu beharra zegoelako. Aurten ez dute aitzakiarik”, aipatu du Nerea Garciak. Aurreko asteburua giro-tzeko modua ere izango da, ekainaren 20ko jardunaldiaren ondoren triki-poteoa egingo baitute. Dezente lehenago ere ematen du lana Herri Bazkariak. Maiatzaren 29an eta 30ean hasi dira sarrerak saltzen. Ekainaren 5ean (18:30-20:30) eta 6an (11:30-13:00) banatuko dituzte azkenak. 17 €ren truke banatuko dituzte sarrerak. Euro banak elkarteak antolatzen dituen euskarazko udalekuak aurrera ateratzeko bideratuko dute.
Iñaki Goikoetxeak onartu du salmenta kudeatzea zaila dela: “Hala ere, azken urteotan abilezia hartu dugu, eta beldurrik gabe egiten dugu: Hori bai, pazientzia pixka bat eskatzen dugu”. Betti Gottiko boluntarioen eta Herri Bazkariaren inguruan laguntzera hurbiltzen direnen lana azpimarratu nahi izan du Goikoetxeak: “Betti Gottin hamar-hamabi per-tsona gabiltza normalean, baina Herri Bazkariaren egunean hogeita hamar ere elkartzen gara, gure lagunen edo Betti Gottin ibilitakoen babesari esker”. Guztien artean, “altxorra” gordetzeko lana egiten dutela baieztatu du Betti Gottiko kideak. “Egun berezia da, koadrilak biltzen direlako. Normalean, giro ezberdinetan aritzen den jendea elkartzen da Herri Bazkarian”, gogoratu du Nerea Garciak. Irundarrak ekimen baten inguruan biltzeko ahalmena da Herri Bazkariaren baliorik handiena.
Logotipoen lehiaketa antolatu du Betti Gottik
Urteroko kamiseten lehiaketaz gain, logotipoarena ere antolatu du aurten Betti Gottik. Herri Bazkariak hurrengo urteetan erabiliko duen ikurra aukeratuko dute. “Herri Bazkariaren formatua urtero errepikatzen da, eta egia da jendea gustura dagoela. Baina saiatzen gara berritasun txikiak bilatzen, beste buelta bat emateko eta jendea erakartzen jarraitzeko”, aipatu du Iñaki Goikoetxeak. Ekainaren 17ra arte
herribazkaria@bettigotti.com helbide elektronikora bidal daitezke logotipoak. 100 euroko saria emango diote logotipo onenaren egileari.