Manuel Padilla ikerlariak Jose Antonio Loidi Bizkarrondo 2012 bekaren proiektu irabazlearen amaierako emaitza aurkeztu du.
Santa Elizabet Portugalekoa (1750): Lehenbiziko pastoralaren ikerketa eta edizio kritikoa izenburua du euskal filologo honen lanak.
Manuel Padilla Moyano (Kordoba, 1976) ikerlariak Irungo Udalak bi urtetik behin ematen duen ikerketarako Loidi Bekaren 2012ko edizioa irabazi ondoren, urtebetez aritu da lanean eta orain aurkeztu du lan horren emaitza jendaurrean. Manuelen hasierako formakuntza musikala bada ere, filologia beti izan da bere benetako bokazioa; horrela, euskal filologiako ikasketak egin ondoren, hizkuntzalaritza eta euskal filologiako masterra ere egin zuen. Azken urteetan hizkuntzaren historian eta euskal testu zaharren edizioan espezializatzen ari da. Master tesirako XVIII. mendeko Lapurdiko eskuizkribu anonimo baten edizio eta ikerketa egin du. Haren doktore-proiektuak zuberera zaharraren testuak ditu ikergai, eta hortik elikatzen da bukatu berri duen beste ikerketa lan hau.
Euskal kulturan, leku berezia du herri tradizioak eta honen baitan kokatzen da Zuberoako herri antzerkia. Mendez mende transmititu diren tradiziozko antzerki hauek, pastoralak, informazio iturri ugari dira: nortasuna, egoera politikoa, erritualak, sinbologia eta abar… eta, nola ez, hizkuntza bera.
Pastoral horien artean kokatzen da Santa Elizabet Portugalekoa (1750), gugana iritsi den argitaratu gabeko eskuizkriburik zaharrena, eta hemendik abiatu da, hain zuzen ere, Manuel bere ikerketa-lana burutzeko.
Lana helaraztea helburu
Testua hainbat alderditatik aztertu du, euskarri fisikoaren azterketatik hasi, digitalizazioa, testuaren transkripzioa, hizkuntzaren azterketa, kokapen historiko-kulturala… edizio kritikoa sortzera iritsi arte. Azken emaitza hau baita, bere hitzetan, proiektuaren helburua: alegia, testua ahalik eta modu fidagarrienean eta publiko albait zabalenarenganaino helaraztea. Ikerlanaren nondik norakoez gain, irudiz lagundutako azalpena ere eman zuen Manuelek, euskarazko ahozko literaturaren altxorretako bat jaso-tzen duen izkribuaren argazkiak erakutsi zituelarik.
Jose Antonio Loidiren omenezko beka
Fernando San Martin Euskara ordezkariak aurkezpen ekitaldian gogorarazi zuenez, “bekaren asmoa da omenaldia egitea adopzioz eta bihotzez bidasoarra izan zen Jose Antonio Loidiri. Haren eredua jarraituz, ikerketa bultzatu eta lagundu nahi dugu zenbait arlotan; izan ere, bere bizitza osoan jardun zuen hain lan saiatu eta emankor horretan. Gainera, asmoa dugu euskaraz ikerketa zientifiko gehiago egin dadin bultzatzea; izan ere, Jose Antonio Loidik euskara izugarri maite zuen eta bultzatzen lagundu zuen”.