Hilabete baino gutxiago falta da azaroaren 20an Euskaraldiaren bigarren edizioari hasiera emateko. Hamabost eguneko iraupena izango duen ariketa sozialean norbanako gisa izen-ematea egiteko aukera zabalik dago oraindik. Hortaz gain, Euskaraldia hasi aurreko egunetan ariketa girotzeko programazioaren barruan antolatuko diren lehen ekintzen berri eman da.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan Ahobizi edo Belarriprest gisa parte hartu nahi dutenek azaroaren 19ra arte izango dute ariketa sozialean izena-emateko aukera. Momentuko egoera dela eta, izen-emateak Euskaraldiaren webguneren bitartez egitea lehenetsiko da. Gainera, 2018ko edizioan parte-hartu zuten norbanakoen posta-elektronikora 2020ko edizioan izen-ematea egiteko esteka partekatu zaie zuzenean. Euskaraldiaren antolakuntzatik jakinarazi denez, posta-elektronikoaren zabor-posta atalean begiratzea komeni da mezua sarrerako ontzian topatu ezean.
Urriaren 27ra arte 840 norbanako izena eman zuten Irunen 2020ko Euskaraldian parte hartzeko. 2018ko data berean 961 pertsonek izena emana zuten Irungo Euskaraldian parte hartzeko, kontutan izanik, orduan izen-emate epea irailaren 20ean ireki zela eta aurten, berriz, irailaren 24ean hasi dela. Orain arte izen-ematea egin duten norbanakoen %80ak Ahobizi rola aukeratu du, gainontzeko %20ak Belarriprest rolean aritzeko konpromisoa hartu duen bitartean. Zentzu horretan, 2018ko ariketaren datuekin alderatuz gero, rolen hautaketari dagozkion portzentajeak oso antzekoak dira aurreko edizioarekin alderatuta.
Euskal Herri osoan 6.737 entitatek izena eman duten bitartean, Irunen 85 entitatek eman dute izena. Hirian, zehazki, 376 Arigune erregistratu dira. 2020ko Irungo Euskaraldian parte hartzeko erregistratutako Ariguneen %47 Barne Ariguneak dira eta %53a, berriz, Kanpo Ariguneak.
Girotze-programazioa
Euskaraldia hasi aurretik, hiria ariketa sozialaren inguruan girotzen hasteko zenbait jarduera egitea aurreikusi da. Dena dela, Lide Rekondo Irungo dinamizatzaileak azaldu duenez, “osasun krisialdiaren bilakaera dela eta, aurreikusitako ekintzak momentuko egoera eta murriztapenen arabera moldatu behar izatea gerta daiteke”. Beraz, girotze-programaren barnean aurreikusitako ekintza gehienen data, ordutegia eta lekua zehazteke daude oraindik, ekintzen eguna hurbildu eta momentuko egoera zein den ezagutu arte. Lide Rekondo dinamizatzaileak adierazi duenez, ekintzak itxi eta zehazten doazen heinean Irungo Euskaraldiaren eta posta-elektronikoaren bitartez zabalduko dira nobedadeak.
Hasierako aurreikuspenak beteko balira, urriaren 30ean Amaia hitzaldi aretoan 19:00etan, eskualdeko sortzaileekin solasaldia egingo da. Jorge Gimenez, Pello Otxoteko, Maite Darceles eta Ainara Maia sortzaileek parte hartuko dute bertan eta solasaldian Bidasoaldeko literatur sortzaileen lehen esperientzia eta egun literaturgintzak eskualdean bizi duen egoeraren inguruan gogoeta egingo da. Aurretiaz irun@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatziz edo 647 97 58 85 telefono zenbakira deituz ekitaldian parte hartzeko izena eman beharko da.
Urriaren 30ean eta azaroaren 7an hirian Euskaraldiaren informazio-puntuak kokatzeko asmoa dago, baina, momentuko osasun egoeraren arabera erabakiko da ekintza hau egiteko aukerarik dagoen edo ez. Hortaz gain, ariketa hasi aurreko bi asteetan zehar txapen banaketa egiteko egun desberdinak antolatuko dira. Gainera, arratsaldez, zenbait formazio saio antolatzeko asmoa dago, ariketaren inguruan sortutako zalantzak argitu ahal izateko.
Batzordea eta Talde Eragilea martxan
Euskaraldia Batzordea Irungo Euskaraldia antolatzeko helburuarekin sortutako talde irekia da eta hiritar guztiek dute bertan parte hartzeko aukera. Euskaraldia Ba- tzordearen funtzioa Irungo ekimenaren marko orokorra marraztea izango da, Talde Eragileak egindako proposamenak onartu eta ariketaren antolaketa laguntzeko iradokizunak eginez. Euskaraldia hasi arte, Batzordea hilero bilduko da. Hortaz, Euskaraldia Batzordearen hurrengo bilerak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean egitea aurreikusita dago. Euskaraldiaren Batzordearen bileretan modu presentzialean parte hartuko ahalko duten pertsonen kopurua murriztuta egongo denez, bilkuretan era telematikoan parte hartzeko aukera eskaintzen da bileraren egunean bertan Irungo Euskaraldiaren sare-sozialen bitartez zabaltzen den “Meet” webguneko estekaren bitartez.
Talde Eragilea, berriz, ariketa sozialaren antolaketarako lantalde operatiboa da. Taldearen funtzioa Euskaraldia Batzordean erabakitakoa martxan jartzea izango da, Batzordeari proposamenak eginez. Beraz, erabaki potoloak Batzordeak hartuko ditu eta Talde Eragileak exekutatuko ditu. 9 kidek osatzen dute talde eragilea, hau da, 7 norbanako, dinamizatzaileak eta Udaleko ordezkari batek. Orain arte, irailaren 24tik, Talde Eragilea 5 aldiz bildu da, 3 aldiz aurrez aurre eta 2 modu telematikoan (Jitsi bidez).
Komunikazio-ekintzak
2020ko Euskaraldia hasi aurretik, girotze-programazioaz gainera, arikera sozialaren bigarren edizioari lotutako informazioa ahal bezain beste zabaltzeko zenbait komunikazio-ekintza burutuko dira. Esaterako, bainu publikoetan, auzo elkarteetan eta eraikin publikoetan, besteak beste, Euskaraldiaren bigarren edizioarekin loturiko informazioa zabaltzeko kartelak ipiniko dira. Gainera, Ariguneek kartel identifikagarriak izango dituzte eta ariketako entitate parte-hartzaileekin bideo bat sortuko da. Hortaz gain, hiriko zenbait irratietan irrati-kuinak ipiniko dira, ariketak zabalkunde handiena izan dezan.